argia.eus
INPRIMATU
Oroitzapenen gordailuetan barrena
  • IGNAZIO ARREGI S.J. ::Eta orain zer?

    Alberdania

    orrialdeak ::256

    prezioa ::19€

Saioa Ruiz Gonzalez 2011ko ekainaren 02a
Eta Orain Zer? - Ignazio Arregi S.J.
Eta Orain Zer? - Ignazio Arregi S.J.
Gutxi dira euskaraz idazten edo, hobeki esanda, argitaratzen diren autobiografiak. Harrigarria da, hala ere, azken boladan nola ugaritzen hasi diren ikustea. Nahikoa batek bereari ekitea, beste batzuek oroitzapenen gordailua zabaltzen hasteko. Moda berri bat sortu al da euskal literaturan? 2010. urtean, nik dakidanez, bi izan dira Alberdaniak plazaratu dituen autobiografiak. Mikel Hernández Abaituaren Azukre xehea gatz larria batetik, eta Ignazio Arregi Zendoia jesuitak “urte haiek” kontatzeari ekiten dion Eta orain, zer? izenekoa bigarrenik.

Ez naiz sekula autobiografien maitale izan. Idazle dezenteren biografiak irakurri izan ditut baina, beti ere, beste norbaiten eskuak gidaturiko lumaz idatzitakoak. Edozein modutan, onartu beharra daukat, gizabanakoak bizi izan duen horretatik idaztea baino, bizi izan duen hori bera kontatzea interesgarria izan daitekeela pentsatzeko adorea beharrezkoa dela. Akats zein bertute, ez da guztiok daukagun gaitasuna. Zenbait momentutan denok sentitu dezakegu mundu honetan aztarna uzteko grina eta egia da, literaturak horretarako aukera paregabea eskaintzen duela.

Alde horretatik, autobiografiek helaraz dezaketen handinahi puntu hori, ezabatu egin du Ignazio Arregi oñatiarrak (1931) bere lanean. Ni-a zentro bilakatzen duen idazkeratik urrun, saiakerara gerturatzen den erretorikari eutsi dio, oraindik ere zenbait galderei erantzuna bilatu nahian dabilela, hainbat gaiekiko kezka pertsonalekin uztartzen ditu. Euskaldunen irudia atzerrian, terrorismoa dela eta, gaur egungo gazteen bokazio erlijiosorako interes falta edota komunikabideek gizartean izan dezaketen eragina aztertuz, bere bizitza osatzen duten triangeluaren erpinak marrazten ditu: euskalduna, apaiz jesuita eta kazetaria.

Ignazio Arregi jesuiten hezkuntzako hamabost urteak amaiturik bilakatu zen apaiz, hainbat burutazioen ondotik, 29 urterekin. Milango Unibertsitate Katolikoan kazetaritza ikasketak burutu zituen, eta Eusko Irratian zuzendari aritu ostean Vatikano Irratiko nazioarteko informatiboetako buru izendatu zuten. Esparru bakoitza barrutik ezagutu izan duen pertsona izaki, ez da falta narrazioari tonu kritikoa eskaintzen dioten zenbait pasadizoren aipamena, bai eremu politikoan bai erlijiosoan. Hori bai, beti zintzotasunez eta Loiolako Ignazio zein, haren jarraitzaile izandako, Xabierko Frantziskoren gogo-jardunei eutsiz.