argia.eus
INPRIMATU
Hutsa bete hitz

Joxerra Garzia 2011ko maiatzaren 25

Zer kontatu behar dizut ba nik zuri, irakurle, ez dakit-eta ezer?

Ez dakit nondik eskuratu duzun Argiaren ale hau. Ez jakiten hasita, paperetik edo pantailatik ari zaren ere ez dakit. Demagun hala ere honaino iritsi zarela, irrikaz ez bada txiripaz, zeuk jakingo duzu nola eta zergatik. Nik, zure larruan banengo, ez nukeen horrelako (alfer)lanik hartuko.

Gainera, zuk dena dakizu, hori da txarrena. Zuk lerro hauek irakurtzerako, amaituak izango dira hauteskundeak, baita Espainiako futbol liga ere. Ni, berriz, emaitzak ez dakizkidala ari naiz idazten. Munduan beste gairik ez bide dagoenez, zer egin?

Jakina, bi lehiaketa horiek dituzten antzekotasunak aipa nitzake, horretarako ez baitago emaitzak jakin beharrik. Esaterako, biak jokatzen direla jokalari batzuek ustez onartzen ez duten joko eta arau esparruan, eta azken batean biren arteko kontua izaten dela nagusigoa, gainerakoak beste txapelketa batean lehiatzen direla.

Hori, ordea, ezer esan gabe jardutea litzateke, eta genero horretatik aski izan dugu aspaldion, aski izan dugunez. Isilik hobe dut, beraz.