argia.eus
INPRIMATU
Eneko Olasagasti
"Herri honetan, burua ateratzen duenari segaz mozten zaio"
  • “Ez dira betiko garai onenak...“.

Sustrai Colina 2011ko maiatzaren 24a
Eneko Olasagasti
Eneko OlasagastiDani Blanco

ETBn fikzioa ikustea zientzia-fikzioa izango da laster!

Zuzendaritzaren perfila hiper-periodistikoa da –ez informatiboa– eta egun guztia Euskadi Directoz bete nahi digute. Noiz ohartuko dira fikzioa dela munduko edozein telebistaren oinarria? Halaxe dabiltza ia Disney Channel baino audientzia baxuagoekin.

Audientzia altua zerk duen ikusita, hori positiboa izan daiteke.

Denak gaude ados immigranteak errespetatu eta integratu behar direla esaterakoan, baina gero jator eta progreenek ere beldurra diete, ez dituzte auzoan nahi. Euskaldunen %45ek Telecinco ikusten du, eta jendeari, Sálvame gustatu egiten zaio!

Ekin grebari.

Diru publikozale eta negarti fama daukagu eta alferrik litzateke. Nor kexatu da ETBtik fikzioa kendu dutenean? Antzerkia desagertzen ari da eta entzun duzu gremiokoa ez den inor kexaka? Herri honek kulturarekiko duen lotura oso txikia da.

Halako sakrilegiorik!

Euskaldun praktikante eta konprometituek eragiteko besteko masa kritikoa osatzen dutela uste duzu? Zenbatek irakurtzen dute Berria egunero? Gure buruaren oso irudi ona daukagu, baina errealitate gorria besteena bezain kaskarra da.

Ai, gu eta gure miseriak...

Igualitarismo famatuaren izenean, nabarmentzea garesti ordaintzen den bekatua da gurean. Herri honetan, burua ateratzen duenari segaz mozten zaio.

Ba aldatu lanez, txo!

Zergatik aldatuko dut lanez ez badakit besterik egiten eta egin behar dudana egiten ari naizela sinesten badut? Eskarmentu pilaketa da gure belaunaldikoon balore erantsia, gaztetasuna gurtzen duen erlijio moderno paganoari gutxi inporta bazaio ere.

Optimista-errealista zinela esan zidaten baina...

Zinez diotsut iazkoa izan dela 25 urteotan pasa dudan txarrena. Kubatarrek dioten gisan, egia izango da bizitza asko konplikatzen dugula dena soluzionatuta daukagulako. Lehentasuna babarrunak ateratzea denean, desberdin ikusten da mundua.

Eskerrak, aktore, zuzendari, produktore, gidoilari... eta askoz gehiago zaren!

Beti izan naiz saltsa guztietako perrexila. Eskola-kiroletan ere ez nintzen ezertan onena, baina ia denetan geratzen nintzen bigarren edo hirugarren. Beti bizi izan gara bihar zertaz biziko ginen jakin gabe, eta oraingo garaietarako oso prestatuta gaude.

Ai, ez dakigu ondo zenbat zor dizuegun...

Noiz konturatuko gara farandulan dabilen gure belaunaldiak 70 urte bete arte herri honetan ez dela ziklo oso bat beteko? Ez duzu uste 70 urteko aktore euskaldun baten erreferentea edukitzeak duda eta hutsune batzuk uxatuko lituzkeela?