argia.eus
INPRIMATU
Zoriontsu sentitu beharko genuke!

Garazi Hach Embarek 2011ko maiatzaren 10a

Bizitzak mila aldaketa jasaten dituela soberan dakigu denok, baina aldaketa horienganako jarrera egokia zein den ez dugu horren argi ikusten. Bi gizarte zeharo ezberdinetan sortu eta hazia naiz, horrek ikuspegi erabateko ezberdina ere ematen didala uste dut. Kasu honetan Euskal Herria eta Mendebaldeko Sahara, amankomuneko historia duten arren, oso bestelakoak ere badiren herrialde guztiz zoragarriak dira.

Azken urteek Euskal Herrian mina egin dute, langabezia, zailtasun ekonomikoak, oztopo politikoak... Eta txarra dirudien arren irakurketa ona atera beharko genioke honi guztiari. Bizitzako zailtasunetatik ikasi egiten dugu, edo beharko genuke, eta egoera ezberdinetara moldatzen ikastea ez da txarra. Zenbait kasutan galdera bera datorkit burura, nola da posible denok gizakiak izanda horren ezberdin jokatzea? Zenbait familia bizitzen ari diren egoera oso kezkagarria da, baina beste kasu batzuetan ez ote ditugu arazoak direna baino handiago egiten?
Saharan izan ditudan bizipenek pentsarazten didate, agian, oso negatibo jokatzen ari garela Euskal Herri maitean. Oso aberats sentitu beharko genuke, familia eta lagunak bezalako altxorrak ditugulako. Ezin ahaztu diru zikina, eta berarekiko dugun menpekotasuna. Benetan beharrezkoa da, edo guk egiten dugu ezinbesteko?

Batzuetan burura datozkit txikiak garenean izaten ditugun panpinak eta beraien “akzesorioak”, ez ote garen horiek bezalakoak bihurtzen ari. Barbie eskiatzailea...

Denbora aurrera doan heinean geroz eta garbiago ikusten dut bizitzak, bestela ere, nahiko kolpe ematen digula eta guk ez diogula horretan lagundu behar. Nire Saharako amonak beti esaten dit gauzak lasai hartu behar ditudala, eta kostatzen bazait ere, saiatzen naiz. Askorentzako lasaitasun hori gehiegizkoa da, bereziki hemengo kulturatik ikusita. Non dago oreka? Zein da patxada eta histeriaren arteko muga?

Ene ustean elkarrengandik zer ikasia badugu, hemen arazoak behar direna baina handiago ez egiten eta han, agian, bizitzako egoerak errealago ikusten.

Ni nire aldetik baikorragoa izaten saiatzen naiz egunero, eta sinestu egiten dut botila erdi hutsik edo erdi beterik norberaren ikuspegiaren arabera dagoela. Beharbada benetako egoera gogor bat bizitakoan gauza bakoitzari duen garrantzia emanen diogu. Betiere gora bihotzak!