Ezkutatutako pandemia

  • Munduko heriotza eragile nagusietakoa izan arren, gutxi akordatzen gara tuberkulosiaz herrialde aberatsenetan bizi garen gehienok, guztiz gainditutako zerbait bailitzan. Ez da hala ordea. Milaka pertsona hiltzen ditu egunero gaixotasun honek, eta sendatzen direnak sekulakoak sufrituta sendatzen dira. Zaharregiak dira tuberkulosiaren aurkako farmakoak.

Tuberkulosia
Danie Nel

Orain dela ehun urte, tuberkulosia eta heriotza sinonimoak ziren Euskal Herrian. Wikipediak pasarte bat du horri buruz, Epidemiak Euskal Herrian artikuluan. Bertan esaten denez, XIX. mende amaieran, Industria Iraultzarekin batera, hirietan jendea pilatzen hasteak gaixotasunari atea zabaldu zion. Bizkaian, herrialderik industrializatuenean, tuberkulosia endemikoa izan zen XX. mendearen erdira arte. Mende aldaketako urteetan, Bilbon, 1.000 biztanletik bost inguru hiltzen ziren gaitzaren erruz, urtero. Geroago etorri ziren tuberkulosia sendatzen duten farmakoak, eta Bilbon, nola Euskal Herrian eta Mendebalde osoan, tuberkulosia gure imajinariotik desagertu zen.
Alta, XXI. mendeko datuek diote tuberkulosia munduko pandemiarik larrienetakoa dela. Egunero 5.000 pertsona hiltzen dira tuberkulosiagatik, gaitza sendatzeko botikak aspalditxo existitzen diren planeta honetan. Urtero 1,8 milioi. HIESaren ondotik jende gehien hiltzen duen eritasun infekziosoa da. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) emandako datuen arabera, iaz 9,2 milioi lagunek jasan zuten tuberkulosia. Kalkulatzen da, gainera, hiru pertsonatik batek duela gorputz barruan tuberkulosia eragiten duen bakterioa (Mycobacterium tuberculosis), egoera latentean.

“Bakterioarekin infektatuta dagoen munduko biztanleriaren heren horretatik, %5ak aukera asko dauka gaixotasuna garatzeko”, azaldu digu Laia Ruizek, Bartzelonako Planeta Salud GKEko kideak; “portzentaje hori %15eraino handitzen da umeen kasuan, edo sistema immunologikoa ahulduta daukatenengan”. Horregatik hain zuzen, GIB birusa daukaten asko gaixotzen dira tuberkulosiaz; are gehiago, GIBa dutenen artean lehenengo heriotza kausa da tuberkulosia. Europa zaharrean iraganekotzat dugun gaitz hau zabalduz joan da azken urteetan, baita gurean ere, besteak beste GIBa zabaldu delako. Baina ez da hori arrazoi bakarra. Munduko eskualde askotan, herrialde garatuetan zein garatu gabeetan, bizi-baldintzek okerrera egin izanak ere laguntzen dio tuberkulosiari.

“Ahaztutako gaixotasunetan, tuberkulosia da ahaztuena”, dio Ruizek, “pentsatzen dugu dagoeneko ez dela existitzen, eta existitzekotan, ‘axola ez duen jendeari’ eragiten diola. Pobreei”. Tuberkulosia eta bazterketa soziala eskutik doazela mediku guztiek dakite. “Pisu batean bizi bazara beste hogei pertsonarekin batera, lanik ez daukazulako, laguntzarik jasotzen ez duzulako... errazagoa da gaixotzea. Ez da higiene arazoa, aireztatzearena baizik”. Oro har, jende gehiagok dauka tuberkulosia hirietan landa-eremuan baino, berdin Lehen Munduan zein Hirugarrenean.

Euskal Herrian eragin eskasa

Mundu osokoekin konparatuta, Euskal Herriko gaixotze-tasak oso txikiak dira. Iaz, Tuberkulosiaren Aurkako Egunaren karietara –martxoaren 24a da–, Osakidetzak 2009ko datuak plazaratu zituen: 255 kasu diagnostikatu ziren EAE osoan, 100.000 biztanleko hogei. Bilbon XX. mende hasieran hiltzen zirenak baino gutxiago. Kopuruek erakusten zuten tuberkulosiak behera egin duela nabarmen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Osakidetzako arduradunak, haatik, kezkatuta ageri ziren, garatutako herrialde batentzat tasa handiegia zelakoan. Kopuruek nahi beste ez murriztea emigrazioarekin lotzen zuten, eta zehatzago, tuberkulosia endemikoa den herrialdeetatik gero eta etorkin gehiago iristearekin. Nafarroan, berriz, 51 kasu diagnostikatu ziren 2010ean: 100.000 biztanleko zortzi. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Frantziako eta Espainiako estatuetako datuak alderatuta, erraz antzematen da Hexagonoan tuberkulosiaren eragina askoz txikiagoa dela: 5.000 lagun inguru gaixotzen dira urtero; Espainiako Estatuan, berriz, 13.000, biztanle gutxiago edukita ere.

Kasu gutxi, eta ia hildakorik ez. “Lehen Munduan norbait hiltzen bada tuberkulosiz, aldi berean beste gaitz bat duelako da, edo diagnostikoa beranduegi egin diotelako”, diosku Laia Ruizek. Esan dugunez, XX. mendearen erdian tuberkulosia senda zezaketen hainbat farmako garatu zituzten, eta munduaren alde aberatsean epidemia kontrolatu zen. Horrekin batera, farmazia-enpresek ikertzeari utzi zioten, Planeta Saludeko kidearen hitzetan. “Behin lortuta herrialde garatuetan jendea harengatik ez hiltzea, tuberkulosiak lehentasuna izateari utzi zion, baina ez enpresa farmazeutikoentzat bakarrik, jendarte osoarentzat baizik, nire ustez”.

Hilabeteak dirauen tratamendu gogorra

Ondorioz, gaixotasunaren tratamenduak orain dela mende erdikoa izaten segitzen du. Eta sendatu, sendatzen du, baina eritasuna bera baino infernu latzagoa pasaraziz gaixoari. Tratamendu sinpleena bakterioa egoera latentean baina gaitza garatu barik daukatenei ematen zaie –“norbait gaixotzean, inguruko guztiei egiten zaizkie probak, ea bakterioa daukaten”, argitu digu Ruizek–: lehenbizi, lau farmako hartu behar dira hiru hilabetez, eta ondoren dosia farmako bira jaisten da beste lauzpabost hiletan. Gaixotasuna aktibatuta dagoenean, berriz, gerta liteke bakterioa erresistentziarik gabekoa ala erresistentziaduna izatea. Lehenengo kasuan, aipatutako lau farmako horiek hartu behar dira karkaxaren analisietan bakterioaren inolako arrastorik agertzen ez den arte, eta hori hala izateko sei edo zazpi hilabete behar izaten dira. Ondoren, farmako birekin jarraitu behar da medikuak tratamendua eteteko agindu arte.

Farmakoen kontrako erresistentzia daukaten tuberkulosi-bakterioak mutazioen ondorioz sortzen dira, gaixoak ez duelako tratamendu osoa era egokian hartu. “Ezin zaio beti horren errua gaixoari berari bota”, iritzi dio Ruizek, “sarritan, herrialde pobreetan batez ere, sendagaiak ez dira garaiz iristen eta behar baino lehenago eten behar da tratamendua”. Beste batzuetan, aldiz, sendatzen ari dela sentitu ahala, gaixoak botikak uzten ditu. Kritikatzeko moduko jarrera dirudi, baina epairik egin baino lehenago komeni da jakitea tuberkulosiaren kontrako botikek zer nolako ondorioak dauzkaten: neke ikaragarria, gibelaren intoxikazioa, gernua gorritzea, ikterizia, goragalea... Aldi baterako itsu geratzea ere gerta liteke. “Nekea da txarrena”, dio Ruizek, “gaixotasunak berak baino okerrago uzten zaitu, horregatik dago tratamendua behar baino lehenago uzteko tentazioa, une bat heltzen baita non ez zaren tuberkulosiz gaixo sentitzen, farmakoak hartzeaz baizik”.

Arrazoiak arrazoi, ondorioa da sendagaien aurkako erresistentzia daukaten bakterioak sortu eta zabaldu direla. Halako batez kutsatuta dagoenak benetako kalbarioa sufritu behar du sendatzeko, eta ez du beti lortuko. Bakterio erresistenteen artean multzo bi daude: MDR (multierresistenteak) eta XDR (biziki erresistenteak). Bai bataz zein besteaz sendatzeko, askoz farmako gehiago hartu behar dira askoz denbora luzeagoan, eta kimioterapia moduan. MDRaren kasuan, Laia Ruizek dioenez, gutxienez bederatzi hilabete irauten du tratamenduak, baina ohikoa da bi urtera arte luzatzea. Izugarrizko sufrikarioa eriarentzat, eta gainera garestia: MDRaren kontrakoak 2.000 dolar inguru balio du kasurik merkeenean, hau da, bederatzi hilabete emanez gero farmakoak hartzen; are garestiagoa da XDRarena. Alde ederra erresistentziarik gabeko bakterioen aurkako tratamenduekin, horiek hogei dolar ingurutan daude eta. Behintzat, zerbait ona badu mende erdi eman izanak botika berririk bilatu gabe: patenteak agortuta daude honezkero.

Prezioa ikusita ulertzen da nola litekeen gaixotasun sendagarri batek egunero 5.000 pertsona akabatzea munduan. Hirugarren Munduan gaixo asko geratzen dira tratamendurik gabe beraiek edo beraien gobernuek dirurik ez dutelako, edo, gobernuen kasuan, beste zerbaitetan gastatu nahiago dutelako. Hala ere, gauzak hobetuz doaz alor honetan, Ruizek jakinarazi digunez, eta herrialde ez-aberatsetako gobernu askok osorik finantzatzen dute hogei dolarreko tratamendua. 2.000 dolarrekoarekin, berriz... ahal dutena egiten dute. OMEk adierazi duenez, mundu osoan bi milioi pertsona kutsatu daitezke MDR motako tuberkulosiaz 2015. urtera bitartean.

Gabezia larriak diagnostikoan

Tuberkulosiak eragindako heriotza guztien arrazoia ez da, ordea, sendagai falta. Asko eta asko –Ruizek portzentaje zehatzik eman ez badigu ere– sendagaiak dauden lekuetan hiltzen dira. Normalean, diagnostikoa beranduegi iritsi delako, edo besterik gabe okerrekoa delako. Alde batetik, azpimarratu behar da biriketakoak ez diren tuberkulosiak (ikus goiko koadroa) zailagoak direla diagnostikatzeko. Bestalde, hamarkadetako ikerketa ezak eragin du diagnostiko arruntena ere erabat zaharkituta egotea. Mugarik Gabeko Medikuak (MGM) elkartearen 2010eko erronka medikuak txostenean irakur dezakegu duela 130 urte asmatutako metodo bat izan dela, iaz arte, norbaitek tuberkulosia daukan ala ez jakiteko bide bakarra: gaixoaren kaxkarra hartu eta mikroskopiotik begiratzea bezain sinplea. Baina metodoak huts egiten du bitik batean, GIBa daukatenen kasuan batik bat. Gainera, bakterio erresistenteak atzemateko hiru hilabete irauten duten probak egin behar dira; amaitu orduko, hilda daude gaixoetako asko.

Iaz onartutako sistema berriarekin aski dira 100 minutu diagnostikoa burutzeko. Aurrerapauso nabarmena, MGMren ustez, baina ez nahikoa. Besteak beste, garestiegia delako: “Proba berriarekin, oraindik ere beharrezkoak dira aparatu sofistikatu bat, elektrizitatea eta mantenu-lan konplexuak. Aparatuak, kasurik merkeenean, 17.000 dolar balio du. Garestiegia da erietxe bakoitzean bana edukitzeko, eta ezin da erabili oso urruneko eskualdeetan”. Arazo horiek guztiak gaindituko dituen diagnostiko-metodoa lortzeko urteak igaro beharko dira, MGMk berak txostenean onartzen duenez. “Proba erraz eta fidagarria ez daukagun bitartean, tuberkulosi gaixo asko tratamendurik jaso gabe hilko da”.

Galdutako denbora berreskuratu nahian

Orain arte deskribatu dugunak atsekabea besterik ezin du eragin, baina azkenerako utzi ditugu itxaropen zantzuak. Izan ere, mende erdi inguru ia ikerketarik egin gabe eman eta gero, azken hamarkadan biderkatu egin dira gaitzaren kontrako ahaleginak. Erakunde publikoen bultzadaz, jakina, baina farmazia-enpresak ere, ohiko irabaziei uko eginez, igo egin dira gurdira, batzuk gehiago kostata beste batzuk baino. “Uste dut azkenean konturatu direla, edo ikusarazi diegula, beren negozioaz gain badutela jendartearekiko ardura bat”, dio, baikor, Laia Ruizek.

Azken urteotan, hainbat PDP sortu dira tuberkulosiaren alorrean, alegia, produktu jakinak –kasu honetan sendagaiak– sortzeko helburuarekin eratutako elkarte publiko-pribatuak. Xedea, esan gabe doa, gaitzaren tratamendua laburtu ahal izatea eta bigarren mailako ondorioak ahalik eta gehien gutxitzea da. PDPrik garrantzitsuena TB Alliance da. GlaxoSmithKline farmazeutikaren parte hartzearekin, sendagai berria sortu dute, uneon ikerketa kliniko fasean dagoena. Dena ondo badoa, bospasei urtetan medizina hori erabiltzeko moduan egongo litzateke, dio Ruizek. “Baina sendagai bakarra litzateke”, azpimarratu du, “eta tuberkulosiari, bere ezaugarriengatik, farmako-taldeekin egin behar zaio aurre, bestela aukera eduki dezake mutatzeko”.

Itxaropena badago, beraz, baina ez dezala inork egun batetik besterako emaitzarik espero. Galdutako 50 urteak zulo handiegia dira, eta oraindik ere, ahaleginak ahalegin, gehiago da falta dena dagoena baino. “Askoz gutxiago ikertzen da tuberkulosia beste gaixotasun infekzioso batzuk baino, HIESa esaterako”, esan digu atsekabetuta Ruizek. “Baliabideak falta dira. Kalkulatzen da urtero 2.000 milioi dolar inbertitu beharko liratekeela tuberkulosiari buruzko I+G-an, eta une honetan 500 milioi besterik ez gara gastatzen ari”. Hirutik batek daukagun bakterio baterako ez dirudi gehiegi.

BCG txertoa: Euskal Herriko hiru administrazioetan politika bana

Tuberkulosiaren aurkako txertoa, BCG, ez da sistematikoki erabiltzen Euskal Herri osoan. Gaur egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baizik ez zaie ematen jaioberri guztiei. Nafarroan 1980an utzi zioten txertatze sistematikoa egiteari, Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetan bezala. Hala, EAE da BCGa bere egutegian mantentzen duen bakarra.

Ipar Euskal Herrian, berriz, txertaketa sistematikoa egin zen 2007ko uztailera arte, baina urte hartan Frantziako osasun erakundeek erabaki zuten aurrerantzean tuberkulosia izateko arrisku handiena zutenei soilik emango zitzaiela BCGa.

Jaioberriak hilabete bat bete baino lehenago ematen da txertoa. “Askoren ustez BCGak ez du ia ezertarako balio”, azaldu du Laia Ruizek, “umeengan bakarrik funtzionatzen duelako, eta ez beti”. Ikerketen arabera, BCGaren eraginkortasuna %0 eta %83 artekoa da, eta helduaroan ez du inongo eraginik. “Txertoak oso inpaktu eskasa dauka epidemian, baina balio du behintzat bakterioak meningitisik ez sortzeko oso ume txikiengan”.
 

Aspaldiko bidaidea

Tuberkulosia gaixotasun infekziosoa da, familia bereko hainbat bakteriok eragin dezaketena. Espezie ezagunena, zabalduena eta jende gehien gaixotzen duena Mycobacterium tuberculosis da, Koch-en bazilo ere deitua, Robert Koch alemaniar medikuaren omenez. Hark aurkitu zuen mikroorganismoa,1882an.

Gaitzak birikei eragiten die batez ere, baina gorputzeko ia edozein atali eraso diezaioke. Hala gertatzen da lau kasutik batean. Gaixoak eztul gogorra izango du gutxienez hamabost egunetan, eta baita ere sukarra, izerdia, nekea, pisu galera, hotzikarak eta zorabioak. Bakterioa airetik transmititzen da, tuberkulosiak jota dagoen norbaitek doministiku edo eztul egiten duenean, edo besterik gabe hitz egiten duenean. Doministiku bakar batean infekzioa kutsatzeko gai diren 400.000 tantatxo inguru jaurtitzen dira.

Tuberkulosiari hamaika izen eman izan zaio historian zehar. Ezagunena, beharbada, izurrite zuria da. Milaka urte darama gure artean –15.000 eta 20.000 bitartean, kalkulatu da–, eta gizakiok ezagutzen dugun lehen gaixotasunetakoa da. Robert Kochek esana da: “Gaixotasun batek gizateriarentzat daukan garrantzia eragin duen hildakoen kopuruarengatik neurtu behar bada, tuberkulosia askoz garrantzitsuagotzat jo behar dugu gaixotasun infekzioso beldurgarrienak baino”.


Azkenak
2024-12-13 | ARGIA
Euskarabideak 13,4 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, iaz baino %9,7 gehiago

Nafarroako Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontuak ixteko negoziazioetan ari dira egunotan alderdiak, eta horietan adostutakoaren arabera, euskararen Euskararen Nafar Institutuak iaz baino 1,3 milioi gehiago izango ditu.


Ipar Kataluniako udaletan katalana erabiltzea debekatu du Frantziako justiziak

Okzitaniako Tolosako Apelazio epaitegiak eman du epaia, eta horren arabera, udaletan ezingo da katalana lehen hizkuntza moduan erabili, eta izatekotan, frantsesez egin ondoren, hura katalanera itzuli ahal izango da.


Samira Belyouaou, amazigera hiztuna
“Ni, diasporako alaba, neure buruaren kontra borrokan bizi nintzen Alemanian”

Samira Belyouaou (Heidelberg, Alemania, 1994) diasporako alaba da. Gurasoak Rifen (Maroko) jaioak, Alemanian Samira alabak eta lau seme-alaba gehiagok amazigera izan zuten etxeko hizkuntza. Itzulpengintza ikasketak egina, software enpresa batean ari da, beren produktuak 80... [+]


2024-12-13 | ARGIA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarik gabe abiatuko da KoopFabrikaren ekintzailetza eskola

Proiektu ekonomiko kooperatibo eta komunitarioak abian jartzeko grina duten pertsona eta taldeentzako doako eskola da KoopFabrika. Dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Urtarrilaren 28an egingo da lehenengo saioa. Olatukoop, Gezki eta Lankiren baliabideei esker antolatu... [+]


Maritxu eta Katalina: Artxiboetan galdutako sexu eta genero disidenteen istorioak Historiaren parte direlako

XV. mende bukaeran edo XVI. mende hastapenean Belauntzako Katalina atxilotu, preso sartu, torturatu, guziaz desjabetu eta erbesteratu egin zuten, Oiartzungo Maritxurekin “haragizko harremanak” ukateagatik. 500 urtez isilean eta artxiboetan galdurik egondako... [+]


Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna bermatzeko lege aldaketak egitea eskatu die Kontseiluak alderdiei

Euskal Herri osoan euskara eta hiztun komunitatea larrialdi egoeran daudela berretsi zuen azaroan Kontseiluak eta, ostegun honetan, egoera hori Nafarroan zertan datzan azaldu du Iruñean. Era berean, herrialdean ataka horretatik ateratzeko egin beharrekoak azpimarratu ditu.


Kexaako monumentu multzoan hotel-spa bat eraikitzea proposatu dute

Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.


2024-12-13 | Leire Ibar
Gerraren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak antolatu ditu GKSk urtarrilaren 25erako

Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dutela salatzeko mobilizazioak antolatu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak Bilbon eta Iruñean. Faxismoaren gorakadaren aurrean mobilizatzeko deia egin du.


2024-12-13 | Julene Flamarique
Espainiako enpresarik handienetan, zuzendari exekutiboen soldata batez bestekoa baino 118 aldiz handiagoa da

Ia 24 milioi euroko ordainsaria jaso zuen Jesús María Herrerak, CIE Automotiveko zuzendari exekutiboak, 2023an. 2022an 20 milioi euroko aparteko prima jaso, eta sei bider handitu zuen urteko soldata. Iberdrolak ere lekua hartu du podiumean, eta 2023an, energia... [+]


2024-12-13 | Euskal Irratiak
Ardien mihi urdinaren eritasunaren ondorioei elkartasunez ihardetsi nahi die ELBk

ELB sindikatuak ardien mihi urdinaren eritasuna pairatu dutenendako elkartasunera deitzen du. Abendu hastapenean,departamenduko 650 ardi etxalde hunkiak izan dira. Kasu zenbaitetan, hamarka ardi galdu dituzte hazleek, bereziki marroak. Etxalde batzuek erraterako marroen %80... [+]


Foru Parlamentuko atean izandako istiluetan parte hartu zuten hemeretzi nekazari zigortu dituzte

Osoko bilkura egiten ari zelarik ganbera barrura indarrez sartzen saiatu ziren nekazariak. Akordioa lortu dute fiskaltzarekin instituzioen kontrako eraso delitua saihesteko.


Emakume zientzialariek esperientzia okerragoa dute komunikabideetan eta sare sozialetan

Ikertzaileen esperientziak komunikabideekin eta sare sozialekin duten harremanean” izeneko txostena argitaratu du FECYTeko Science Media Centre Españak (SMC), EHUko Gureiker ikerketa-taldearekin lankidetzan egindako inkesta batean oinarrituta. Emaitzen... [+]


Autonomia, urrats berria

EHBaik Autonomia estatutu baterako proposamena prestatu du, gure nazioaren burujabetza osorako bidean etapa gisa.


Eguneraketa berriak daude