argia.eus
INPRIMATU
Putak: XXI. mendeko heroiak

Josebe Iturrioz 2011ko maiatzaren 03a

Azken aldi honetan asko entzun dugu puten inguruan. Frantziaren debekuak, erregulazionistak, abolizionistak. Hitz potoloz betetzen ditugu gure eztabaida publikoak, eta bide batez, joko magiko baten bitartez gure errealitatea desitxuratzen dugu. Berriro ere, batzuek beste batzuen ordez hitz egiten dute. Bitartean: gauzak berdin. Zergatik ez ditu gure jendarteak putak ikusi nahi?

Galdera honi erantzuteko hitz-joko alternatibo bat proposatu nahiko nuke. Horretarako lotu beharko dira lotzen ez diren egoera sozial ezberdin batzuk. Lan horretarako moral bikoitzez osaturiko betaurrekoak begietatik kendu, eta beste batzuen artean, sexu langileen eta ezkontzaren arteko loturak ulertu beharko dira.

Joko honetan putak protagonistak izango dira, gutxienez gure diskurtsoaren gunean jarriko ditugu. Gunean jartze horrek, periferian eta marginalitate ideologikoetan kokatzen ditugunean, jendartean betetzen duten funtzioa ikustera eramango gaitu. Ezkontza eta lan sexuala lotzea oso erraza da. Orain dela oso gutxi arte, lan sexuala ezkontza-kontratuetan zehaztu egiten zen. Egun maitasun erromantikoak emakume asko engainatu egiten ditu. Hain da indartsua engainua, ezen egunero emakumeak beren bizia ematera iristen diren, baina inork egiten du ezkontzaren abolizioaren alde?

Aldiz, sexu langileek, gehienek, borondatez akordatzen dituzte zerbitzuen zenbatekoak. Gainera, libre gelditzen dira ezkontzari lotzen zaizkion nahitaezko zaintza lanez. Nire iritziz, jende askok sexu lana baino gauza okerragoak saltzen ditu.

Horri batu egin beharko zaio, puten eta beste emakumeen arteko segregazioa. Zergatik bereizten dira erabateko inkomunikazioaren bitartez, sexu langileak, ezkontza-kontratua duten emakumeetatik? Kontratu bera duten gizonezkoek, aldiz, putengana iristeko aukera guztiak dituzte.

Zeintzuk dira sexu langileek gordetzen dituzten sekretuak? Gure plazagizonen sekretuak, askok trabestiak dituzte gustuko, oso zenbaki altu batek ipurditik hartu nahi du, beste batzuek bere bizitza sexuala diru truke garatzen dute... nik ez nuke esango horrek kaltegarria izan behar duenik.

Kaltegarria iruditzen zaidana estigmatizazioa da, gure jendarteak sexu langileak gogor zigortzen ditu. Biktimizatu egiten ditu eta ahotsa lapurtzen die. Hona hemen sexu langileen mundutik datozen superheroi batzuk, bizirik irauten duten iraultzaile batzuk: Virginie Despentes, Bea Espejo, Cristina Garaizabal, Itziar Ziga, Amaia Lasheras, Hetairak, L.I.C.I.T.... bilatu itzazue Interneten.