Hileroko kuotak ordaintzeaz gainera, tokian tokiko festetan nahiz bestela antolatutako ekimenetan lan egin behar izaten dute Seaskako ikastoletako gurasoek. Jakina, baita Herri Urratsen ere, maiatzaren 8an. Gogoaren araberako hautua baino gehiago, estrukturalki kontuan hartua den betekizuna da haientzat; ezinbestekoa, urteko aurrekontuak osatzeko.
Ez da oso ohikoa, nire lagun nahiz lankide arteko berriketetan bederen, euskal eskoletako gurasoen lanaz hitz egitea. Zer esanik ez, solasaldian parte hartzen dutenen artean guraso ez denik ere baldin bada. Baina hala egokitu izan zaidan aldietan, eta Seaskako ikastolen errealitateaz, funtzionamenduaz, irakasleez gaindiko jardun moldeaz dakidan apurra azaltzeko aukera izan dudanean, harrituta begiratu izan didate solaskide askok, unibertso paralelo bat deskubritu izan banie bezala, azpi-munduko istorioak kontatzen ariko banintz bezala. Jakina, Hegoaldeko solaskideak erretratatzen ari naiz. Kilometroak, Nafarroa Oinez edo dena delako urteroko festa alde batera utzita, ikastolen alde lan egin beharra zer den ahantzitakoak, edo sekula ezagutu gabekoak, herri txikietako eskola koskorrak ere urruti dituztenak.
Neroni ere, unibertsitatera heldu bitarteko prozesu osoa ikastolan egina banaiz ere, nekez imajinatzen nuen Hendaiako ikastolara helduko nintzenean aparteko zamarik hartu beharko nuenik; hileroko kuota ordaintzeaz gainera, lan batzorde batean parte hartu beharko nuenik, Seaskako egutegiak edota txartelak saldu beharko nituenik –eta dagokidan kopurua saldu ezean dirua nire patrikatik jarri beharko nuenik–; edota Herri Urratsen derrigorrez eta urtero lan egin beharko nuenik, bizpahiru adibide jartzearren. Horren ordez, Seaskako ikastolei aitortu izan dizkiegun baloreak begitantzen zitzaizkidan ezeren gainetik, egun, Frantziako Hezkunde Nazionalak, bere austeritate plana dela eta, kinka larrian jarri nahi dituen horiexek berak, justuki: ikasle-talde txikiak, haur bakoitzari aparteko segimendua, herrian txertatzea, motibazio handiko irakaslegoa…
Ipar Euskal Herriko ikastolak elkarte pribatuak dira izatez, eta gastronomi, kirol edo kultur elkarteetan gertatzen den bezalatsu, kideen esku dago berauen funtzionamendua eta kudeaketa. Bestela esanda, irakasleen soldatak alde batera uzten baditugu –Seaskak eta Frantziako Hezkunde Nazionalak 1993an izenpetutako hitzarmenari esker, estatuak hartzen ditu bere gain–, gainerako guztiaz zentroko haurren gurasoek arduratu behar izaten dute. Esan nahi baita, laguntzaileak kontratatzeaz, materiala eta altzariak erosteaz, argindarra eta ura moduko gastuez, zentroa garbitzeaz, konponketez, irtenaldietarako sosak biltzeaz, behar izanez gero ikastola berria eraikitzeaz…
Babarrunak eltzetik ateratzea ez da, ordea, beti erraz. Familien hileroko kuotak gehi herriko etxetik nahiz bestela hel daitezkeen diru-laguntzak aski ez eta lan ugari egin behar izaten da urteko aurrekontua osatzeko. Hain da horrela, ezen estrukturala ere badela aspaldidanik: haurrak matrikulatzearekin batera, ikastolak dituen batzorde eta lan-taldeetatik gustukoena hautatu eta bertan jardutea eskatzen zaie gurasoei. Euskaraz Bizi taldean –gure hizkuntza geletatik kanpo ere sustatzea du helburu– edota Festa Batzordean, kasura. Hori gutxi ez eta gainera, herriko jaietan nahiz dirua biltzeko antolatuko diren ekitaldietan, euren parte-hartzea programatuko da.
Zentroak kudeatzen dituen zenbakien arabera edo tokian tokiko administrazioak erakusten duen jarreraren arabera, lan gehiago edo gutxiago egingo dute kideek:
“Guk sekulako xantza dugu”, nabarmentzen du Corinne Aprendisteguy Hendaiako Gure Ikastolako diruzainak. “Udalak maite du euskara eta ahalegin handiak egiteko ditu ikastolaren alde”. Hala da. Haur bakoitzeko dagokion diru-laguntza emateaz gainera, egoitza uzten dio debalde, eta egunero bere soldatapeko langileak igortzen ditu garbiketa egitera, gainerako ikastoletan gertatzen dena, zama hau ere gurasoek hartu beharra, ekiditeko. Ipar Euskal Herriko ikastolarik handiena da halere, eta gastuak ere ez ditu nolanahikoak. Besteak beste, hamaika laguntzaile ditu kontratatuta.
Herriko Udalak eta Biriatukoak emandako kopuruak onak izan arren, batez beste 30.000 euro inguru bildu behar izaten dira urteko aurrekontuak behar bezala biribiltzeko. Hendaiako Gure Ikastolak hamar bat festa ditu programatuta. Batzuk bere iniziatibaz eta ekimenez antolatzen ditu ikastolak. Adibidez, ganbara-husteak –traste erabilien azoka modukoa – edo Maiatz Lili deiturikoa –maiatzaren lehenean herriko toki esanguratsuenetan postutxoak jartzen dira lore-sortak saltzeko–. Gainerako ekimenek herrian txertatuta dauden festekin dute zerikusia: Sagarno Eguna, Bixintxoko Danborrada, Ihauteria, Txipiroi Festa… Kasuotan txosnak izaten dira diru-iturria.
Gurasoen lanari dagokionez, hamar festa horiek gelatan banatzen dira eta familiek gutxienez egokitutako bietan esku hartu behar izaten dute.
Beste horrenbeste gertatzen da Donibane-Ziburuko ikastolan, Mikel Ibarguren bertako gurasoak azaldu digunaren arabera. Haur kopuruari dagokionez Hendaiakoa baino txikiagoa izanagatik ere, diru-zama bertsua osatu behar izaten da 10-12 festen bueltan egindako lanetik eta mantalak eta antzeko materiala saltzetik: 30.000 euro inguru. Bada bestelako eragozpenik ere, “ikasturtea amaitzearekin batera garbiketa orokorra egin behar izaten da ikastolan, eta irakasleen materiala eta gainerakoak bertatik atera, egoitza uda osorako Sagardian elkarteari uzten baitio Herriko Etxeak”. Kezka edozein delarik ere, gurasoa lanari lotzea izaten da bidea. “Ondoan dugun antenak emititzen dituen uhinen eragina neurtu nahi izan genuenean, adibidez, –azaltzen digu Ibargurenek– lepokoak eta antzeko pitxiak egiten aritu ginen, bereziki amak, salmentatik ateratako diruz, aditu-talde baten azterketa ordaintzeko”.
Baina lanak beti du ordaina, eta kasu honetan ederra: inplikatzen diren gurasoak hurbilago sentitzen dira, proiektuaren parte, ikastolaren eraikitzaile, euskararen normalkuntzarako borrokan aktibo. Eta Ibargurenek dioen bezala, “etsenplu hobea ematen zaie haurrei”.
Gurasoen zama ekonomikoa arintzeko asmatu ziren, aspaldi, ikastoletako festa batzordeak. Haien diru ekarpena txikitu beharra zegoen eta festetan parte hartuz, txosnetan lan eginez nahiz ogitartekoak eskainiz, lana sos-kopuru handi baten ordezko bilakatu zen pitaka. Mixel Etxeberri Donibaneko guraso eta Seaskako lehendakari ohiak argitzen digunez, “bazen bigarren helburu bat ere, noski: lehengo festa zaharrak berpiztea, esate baterako Inauteria, eta bidenabar, ikastolen jarduna eta ahalegina kalean erakustea, presentzia ziurtatzea”.
Donibane-Lohizunen, nagusiki Atun Festa sortu zelarik, arras ongi funtzionatzen zuela erakutsi zuen ikastolako festa batzordeak. “Talde aski antolatua ginen”, diosku Etxeberrik , “harrotasunik gabe diot, ekipatuak ginen, kalitatea eskaintzen genuen eta fama ona hartu genuen”. Herriko Etxeak ere diru-zama bat ematen zien kulturaren izenean.
Festetako ohiko lanez gain, catering moduko zerbitzuak antolatzen ere hasi ziren, alegia beste elkarteentzat otorduak eskaintzen. Seaskak 1993an Frantses Hezkundearekin hitzarmena sinatu zuenean, eta udalak ematen zien subentzio hori ez galtzeko –eskolek ez dute horretarako eskubiderik–, orduko festa batzordeko kideek Erein Ta Bil elkartea sortu zuten.
Apartekoa bada ere, Donibane-Ziburuko ikastolari atxikitako elkartea da, beraz, Erein Ta Bil. Adibidea jartzearren, Seaska eta Herri Urrats diren bezalatsu, elkarri begira eta elkarrekin aritzekoak. Erein Ta Bilek hainbat festaren antolatzea hartzen du bere gain, baina aldiko, lagundu beharko duten gurasoen zerrendak galdetzen ditu. Biltzen den diru-zama haurren ateraldiak eta antzeko gastuak ordaintzeko izaten dira.
Ikastolan gertatzen den bezala, Erein Ta Bil elkartera batzen den jendea Donibane-Ziburuko gurasoa izan ohi da. Haurrak kolegiora pasatzen direlarik, guraso horiek galdu egiten dira eta datozen berriak formatu behar izaten dira.
Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zazpigarren edizioa azaroaren 9an (larunbata) egingo da Bilbon, Euskararen Etxean, 09:45etik 13:00etara. Jokoteknia jardunaldietan euskal bideojokogintza industriako aditu eta jokalariak batera jarri ohi... [+]
Urriaren 31tik azaroaren 2ra Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleak-ek Gazte Topagune Sozialista egin dute Altsasun (Nafarroa). Europan eta Euskal Herrian hedatzen ari diren “proiektu atzerakoiak” jarri dituzte jomugan eta joera horiei ez dietela... [+]
Ostiral gauerdian atzeman zituen Ertzaintzak ustez langileak ilegalki zeramatzan bi furgoneta, Ertzaintzak uste du Europako beste herrialde batera bidean zirela, han lan egiteko. Atxilotutako gidarietako batek hamar pertsona zeramatzan furgonetan eta besteak 22.
Turkiaren ekimena babestu dute nazioarteko herrialde ugarik, gehienak arabiarrak edo islamiarrak, baita Hegoafrika, Brasil, Kuba, Errusia, Norvegia eta Vietnamek ere, besteren artean.
Ugariak dira Dana denboraleak Valentzian eragin duen hondamendiaz egin diren irakurketak. Beste faktore batzuen artean, gizakiak naturari ebatsitako eremuez luze mintzo dira hedabideak, ibai eta itsaso ertzak hormigoiarekin betetzeak duen arriskua dela-eta. Hormigoiarekin... [+]
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Korrika eta presaka ekarri dute megafonoa. Hau onartezina da. Hau ezin da onartu. Denok batera oihu egin dezagun, ezin dugu honela jarraitu. Zurean ere sartu direla? Bai arrazoi duzu, jo ditzagun txaloak zuretzat. Hurrengo astean hemen batuko gara denok eta aurre egingo diegu,... [+]
Iragarritako heriotza baten kronika. Donostiako Udalak Egiako Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu, «segurtasunaren» aitzakian. Bizpahiru urte dira Egian segurtasuna guztien ahotan dagoela, eta azken hilabeteotan, talde eskuindarren gorakadarekin, egoerak okerrera... [+]
Azken asteetan mobilizazio arrazistak piztu dira Gasteizko Errota eta Donostiako Egia auzoetan, eta biek iragarri dute asteroko deialdiei eusteko asmoa. Haien artean desberdintasunak daude, baita antzekotasun asko ere: sustatzaileak anonimoak izatea, konfrontazioa bilatzea, edo... [+]
Naturopatiaren eta iridiologiaren mundutik iritsi zen Eztizen Agirresarobe Pineda ezkiotarra kosmetika naturalaren mundura: “Hirugarren urtea dut naturopatia eta iridiologia ikasketetan, baina lehenagotik ere egiten nituen ukenduak, kakaoak, eta antzekoak”, azaldu... [+]
Mendirik altuenetako okoilu gordeetan. Ziztu biziz haize hotzak zazpi hilabetez neguztatzen duen zokoan. Udan igotzen dituzten azienda saldoek motzean eusten dioten belaze bazterretako zuhaixken altzoan. Bertan ezin biziraunari eutsi eta basoak ere txil egin eta urrun-urrunera... [+]
Sardina bat... bi sardina... topatu ziren...
Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko.
Udazken betean gaudela arnas bideei erreparatu beharra daukagu, garai honetan ia gehienok izango baitugu katarroren bat. Hori bakarrik denean gustura, arnasbideetako gaitz larriagoak zeharo gaiztotuta dabilzkigulako azkenaldian. Gure artean aurre zaintza egitea ohitura zabaldua... [+]