argia.eus
INPRIMATU
Aire!

Rosa Maria Martin Sabaris 2011ko maiatzaren 03a

Aire, aire!” esaten zigun sukaldean bere parean endredatzen ibiltzen ginen ilobak uxatzeko, edo bere amantaleko korapiloa atzetik olgetan askatzen genionean. “Aire!” beranduago gure zereginetan gehiegi luzatzen baginen. Emakume handia iruditzen zitzaidan orduan, indartsua. Berak piztu zidan literaturarako grina. Udan, Gaztelako siesta amaitu eta gero, bere altzoan, entzun nituelako istoriorik miresgarrienak. Hortzik gabeko aho hartan, metrika zaharrean, gerrak, amodioak, hilketak, mendekuak... Bere ezpainetatik ilunabartu arte penak eta pozak jarioan. Erromantze haietan, tarteka-marteka, pertsonaia bat edo beste kantuan aritzen zen, eta gero amama Gregoriak jarraitzen zuen berriro. Guztien artean, doña Urracarenak aho-zabalik uzten ninduen: batzuetan El Cid-ekin agertzen zen, tamalez, maiteminduta; beste batzuetan, Zamorako setioari eutsiz, kementsu eta ausart. Betiere, orduko eredu eta arauen aurkako emakumetasunaren aldarrikatzaile. Historiak emango zion tratu txarretik babesteko, harresiztatutako emakumea.

Aire, mi marido en la cárcel y yo con un fraile!”. Ulertu gabe entzuten nion esaera, berrogei urtez doluzko jantziak zeramatzala jakinda, ez, bere gizona ezin kartzelan egon... Berekiko egiten zuen otoitz etxean, edo elizan desorduetan, baina mezatara zihoazenak eliz atarira agertzen hasi bezain pronto, ospa egiten zuen, aire! Eta sotanaz jantzitako batekin topo egiten bazuen, agurtu bai, agurtzen zuen, baina segidan txistua botatzen zuen, nazkatuta, ahoa garbitzearren. Gerra garaiko kontuak.

Nerabezaroan sartu nintzenean ulertu nuen andre apala zela, gorputzez eta arimaz. Laurogeitabost urte zituela, halako egun batean, aparteko zerbait erakutsi asmoz deitu zidan. Liburu bat hartu, eta atzamar zimurraz lagunduta, jadanik erabat dardarka, hasi zen zeharo trakets irakurtzen, hitz bat, eta gero beste bat, eta horrela. Zur eta lur geratu nintzela ikusi zuenean, bere buruaz are gehiago harrotu zen, sinadura egiteaz gain, paperak irakurtzen zekien adineko andre bakarra zelakoan... Erabat harrituta ni, urteetan zehar entzundako erromantze luze-luze haiek nola ikasi ote zituen lehenbizikoz nirekiko galdezka... Apala bezain erraldoia.

Zuri-beltzean dut gogoan amama. Goitik behera beltzez jantzitako buruzuria. Doña Urraca bezain urrun dagoeneko, eta bera bezain eredugarri gaurko egunerokoan. Zamorako itsasoa bere begietan. Harresiztatutako emakumea. Aire!