Nazio Batuen Erakundearen Jabetza Intelektualaren Auzitegiak pataten salmentaren gaineko royaltyak onartu berri dizkie Ameriketako herri indigenei. Historiari begiratuta patata euren sorkuntza izanik, mundu osoan egiten diren salmenten %1 eurei dagokiela ebatzi dute. Duela urte batzuk ere Mabo epaia sonatua izan zen Australian. Eddie Mabok auzira jo zuen estatuaren aurka, bere herriaren lurralde historikoak ebatsiak izan zirela-eta haien gaineko eskubideak aldarrikatuz. Azkenean arrazoia eman zioten epaitegiek. Horrek ez die indigenei Australiako lurralde ororen jabetza aldarrikatzeko bermerik aitortzen, baina zenbait eskubide onartu egin zaizkie.
Argudio berberak erabilita, txapelaren gaineko jabetza intelektuala aldarrikatu beharko genuke euskaldunok, eta ordaina eskatu haren erabilera bakoitzean; besteak beste, Che-ren irudiaren agerpen gehientsuenetan. Hori baino ez dute egiten gaur egun jabetza intelektuala aldarrikatzen duten konpainiek. Ez ote liokete hauek ordea ordaindu beharko beren kanta, pelikula zein liburuetan erabiltzen duten hizkuntzaren gaineko royaltyrik, hizkuntza hori sortu zuen herriari?