argia.eus
INPRIMATU
Islandiaz ikasi

Juan Mari Arregi 2011ko apirilaren 19a

Herrialde txiki hori, Islandia, finantza krisitik nola atera erakusten ari zaigu. Hark aukeratutako bideak ez dauka zerikusirik Espainiak, Frantziak edo Euskal Herriak egindakoarekin. Islandian ere, banku sistemaren gehiegikeriak izan ziren 2008ko krisiaren arrazoiak: bankarien gehiegizko diru-gosea; jarduera publiko eta pribatu txarrak, ustelkeria tartean; desarauketa bankarioa; alor publikoa murrizteko burugogorkeria; banku aktiboen biderketa; higiezinen aktiboen aurrekaririk gabeko igoerak; pasiboak arriskutsuki kaptatzea interes tipo oso altuetan ordainduta, herrialdean eta baita kanpoan ere. Islandiar askorentzat, eta analista askorentzat ere bai, krisi hura arpilatzea izan zen. Munduko per capita errenta altuenetakoa zeukan ekonomia oparoa ahitu zuen.

Amerikarren edo gurearen antzeko krisia. Erantzuna aldiz, oso bestelakoa izan da. Biztanleak mugitu egin dira eta 2009ko abendutik hona dagoeneko bi erreferendum egin dituzte, azkena joan den astean. Bietan,  banku britainiar eta herbehereetarrei, islandiarren %90ak esan die ez dutela poltsikotik ordainduko 4.000 milioi euroko zorra. Banku horiek baliatu ziren Islandiako banku batean zuten gordailuaren %15eko interesaz, eta porrot egin zuenean, zorra ordaintzea eskatu zuten. Islandiako Gobernuak bidea egin zion porrotari eta presidenteak hala adierazi zuen: “Jendeak ez dauka zertan bankuen zorakeriak ordaindu”. Banku horren eta beste batzuen porrota onartu zituen, eta gainera, arduradun nagusiak jazarri eta atxilotu zituen.

Noiz ikusiko ditugu hemen bankariak eta kutxetako kudeatzaileak atxilotuta egindako arpilatzeengatik? Noiz egingo dute erreferendum deialdia bankuen zorrarekin zer egin erabakitzeko? Ez gaude Islandian!