argia.eus
INPRIMATU
Irribarre itsaskorra

2011ko apirilaren 19a
Maria y yo
Maria y yo

María y yo. Miguel Gallardo eta María Gallardo.
Astiberri (2007).
64 orrialde, zuri-beltzean.

Maríak hamabi urte ditu. Kanariar Uharteetan bizi da bere amarekin eta batzuetan, Kanaria Handiko resort batera joaten da oporretan Miguel aitarekin. Irribarre itsakorra du Maríak, umore berezia, eta autismoa.

Bidaietako batean gertatutakoak kontatzen ditu Miguel Gallardok komikian, alabari egiten dizkion marrazkien tankerako irudien bidez. Elkar komunikatzeko oso baliagarriak baitira egoerak eta ideiak soiltasunez deskribatzen dituzten marrazki horiek.

Asmo pedagogikoa du Gallardok, ume autista baten eta haren ingurukoen eguneroko bizitza deskribatzea. Melodramarik ez du kontatzen, ordea. Sentimenduek bor-bor egiten dute, baina negarrari eman gabe. Umorearen bidez batzuetan, serioago besteetan, beraren eta alabaren arteko harremana abiapuntu hartuta, autismoari buruzko zertzeladak ematea beste pretentsiorik ez du egileak. Eta, ziurrenik, mediku-gida batzuek baino argiago transmitituko ditu ideia eta bereziki sentimenduak, komikien indarra super-heroien kapapean amaitzen ez dela erakutsiz, Paco Rocak Arrugas (Astiberri) obran alzheimerrarekin egin zuen moduan. Gallardoren marrazkiak Rocarenak baino askoz ere sinpleagoak dira. Ez da beharrezkoa gehiago konplikatzea. Pertsona autistei gauzak argi trasmititu behar zaizkie, irudi sinpleekin, egin beharreko hurrengo pausoak ezustean harrapa ez ditzan.