argia.eus
INPRIMATU
Hezur-haragizko Osaba Sam

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2011ko apirilaren 19a
denboraren makina

Arlington (Massachusetts, AEB), 1766ko irailaren 13a. Garai hartan Menotomy esaten zitzaion herrian, eskoziar jatorriko familia baten baitan, Samuel Wilson jaio zen. 23 urte zituela, anaia Ebeneezerrekin batera, New Yorkeko Troy hirira joan zen bizitzera eta hainbat negoziotan jardutera. 1797an Betsey Mannekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten. Wilson 1854an hil zen, 87 urte zituela eta Troyko Oakwood hilerrian dago ehortzita. Halako biografia arrunteko gizona, nolatan iritsi zen munduko lehen potentziaren sinbolo izatera?
1812an, ingelesen aurkako gerra piztu zenean, Sam Wilsonek haragia paketatzeko negozio joria zeukan. Iparraldeko frontean armada estatubatuarra haragiz hornitzeko kontratua lotu zuen gobernuarekin. Haragia upeletan sartu eta eramaten zuen, baina upelen jabea AEBetako gobernua zenez, U.S. (United States) inizialez markatuta zeuden. Soldaduek, lagunartean, Uncle Sam (Osaba Sam) esaten omen zioten Wilsoni eta, hala, brometan, upeletako inizialak haragi hornitzailearen ezizenari zegozkiola esaten hasi ziren. Txantxa ahoz aho zabaldu zen lehenik eta, ondoren, paperean jasota geratu zen; terminoa lehenengoz Frederick Augustus Fidfaddy idazleak jaso zuen The Adventures of Uncle Sam in Search After His Lost Honor izenburuko lan alegorikoan eta, bertan, benetako Uncle Sam Wilson zela aipatzen zen.

Handik ehun bat urtera, 1917an, James Montgomery Flagg ilustratzaileak Lehen Mundu Gerrarako soldaduak errekrutatzeko afixa diseinatzeko enkargua jaso zuen. Ordurako AEBetako gobernuaren sinbolo ezaguna zen Osaba Sam irudikatzea erabaki zuen, kapela luzean AEBetako banderaren izarrak zituela eta hatz erakuslea ikusleari zuzenduta. Modeloaren lana aurreztu asmoz, Flaggek bere burua marraztu zuen, ile eta bizar zuria erantsita, itxura serioagoa emateko. “I want you for U.S. Army” leloa gehituta, inoizko kartelik ezagunenetakoa osatu zuen. Lehen Mundu Gerran lau milioi kopia inguru inprimatu zituzten eta Bigarren Mundu Gerran ere erabili zuten gazteak gerrara eramateko.

Duela 50 urte, 1961ean, AEBetako 87. Kongresuak ofizialki onartu zuen Osaba Sam sinboloaren atzean benetako pertsona bat zegoela, hau da, hezur-haragizko –batez ere, haragizko– Osaba Sam Samuel Wilson okela-paketatzailea izan zela.