argia.eus
INPRIMATU
Herrialde berdea

Joxemari Ostolaza 2011ko apirilaren 19a

Zuen izena ipuinak, liburu bilakaturik Iparraldeko ikastoletan hedapen zabala izan zuenak, Jonan Aranguren Iharra deustuarra eta Benito Mujika Xenki zarauztar egileek ezagutu ez zutena, Urdazubin eta Lekeition guardia zibilek erahil zituztenak. Ahanzturaren pipiak jan ez zedin, Nagorek, Jonanen lehengusinak, argira ekarri digu zinema dokumentalaren formatoan, Martinez, Kastro, Larreategi eta hainbaten ofizioaren laguntzaz burutua, Deustun aurkeztua. Bertan ginen zirrara kolektibo batek ordubetetik gora harrapatuta eduki gintuen jende andana, zinema sala gainezka eginik. Pasioa arrazoibide, maitasunak saretu kontakizuna da filmak dakarkiguna, Kabi lekeitiarra lehergailu baten eztandak eraman zuenaren bizipenek osatzen dutena. Bi belaunaldi, asmo bat. Hamaika borrokek, euskara, antinuklearra, antimilitarismoa, mundu berritu baten ametsa, sare bakarrean egituratu emaitzak, txalo luze bero suharra izan zuen sari, publikoaren artetik irrintzi batek bildua, isiltasun sakon batez amaitua. Badago zer konta gure biloben onurarako. Etxerako bidean, ezinegon ezti batek ekarri ninduen gidatzen automata, filma berriz ikusteko irrikari bide eman ziona Izaskun Mujika zendu berria gogoan.