argia.eus
INPRIMATU
Otetan
Jakoba Errekondo 2011ko apirilaren 13a
landareak
Gene Selcov-CC By Sa

Urre koloretan lore da otea, Ulex europaeus. Gure otadi eta otatzetan ezagunena dugun honi ote zuria ere deitzen zaio. Bi subespezie bereizten dira, Ulex europaeus subsp. europaeus eta subsp. latebracteatus. Ez da gurean espezie bakarra, ordea, ez gure paisaia kulturalean, ezta gure kulturaren paisaian ere. Ote beltza ere badugu. Ulex minor edo Ulex gallii, bati zein besteari deitzen zaie beltz.

Baztanen, urre meatzetako lurra urarekin nahasi, ote zarbekin egindako galbahetan iragazi eta urre-pipittak jasotzen zituzten. Baten bat aberastuko zen urre hauen lepotik. Otaka da otearen lepoa, sutarako ederra enborra. Otaxka ere bai, agian... Eta Otalera? Otez egindako narra edo menditik ote sortak etxeratzeko lera, zer ote?

Jende asko aberastu izan du oteak, baita landare jendea ere. Lur azido, lehor eta goseen adierazle da otea; landare gehienak halamoduz iraungo duten lurrak amaren batean bereganatzen ditu. Eta aberastu. Otadiak orbela eta inaurkinak pilatzen ditu eta lurra ongarritze bidean jarri. Beste zuhaixkak eta zuhaitzak sail horietara ekartzeko bidea jartzen du. Eguzki zalea izaki, desagertzeraino egingo du atzera esker txarreko zuhaitzon itzalean. Nekazaritzak utzitako sailak baso natural bihurtzeko berezko bidean, tarteko ekosistema da otatza.

Landutako lur-sailen ongarrigaia ere bada otea. Aizkoraz edo horretarakoxe sortutako makina aproposaz txikitutako otea aziendaren azpietatik ateratako simaur berriarekin nahasten zen. Usteltzen, ontzen utzi eta luarra edo kortaloia egina.

Gosetean aziendak ez dio ote-punttari muzin egingo. Ukuiluetako manjateratan ere ezagutu omen dute ote txikitua. Horregatik deituko ote zaio ganbelari otalakoa? Goiko larreetan elurrak harrapatutako artalderen baten beezeramaileari galdetu beharko... Soroetan otea ereiten ote zen entzun izanaren ustea badut. Ote-sega ere ezaguna da. Mendiko otaka zaharretan ez zuten erabiliko. Soroetako urteko ote gurietan agian...

Urretarako, kortaloitarako, haziendarentzat... ote dohatsua! Lehen eta orain. Lur pobreetan otea bera baino errazago ugaritzen ari diren urrea erosteko dendak, otearen lorearen horiaz margotzen dituzte, adiskidea.