argia.eus
INPRIMATU
Jose Ariztimuño, Aitzol (1896-1936)

IƱaki Zubeldia 2021eko ekainaren 30a

Aitzolen heriotzaren 75. urteurrena dela eta Tolosako herriak gogoan du euskaltzale eta kultur eragile nekaezina. Bigarren Euskal Pizkundearen bultzatzaile sutsua izan zen Aitzol eta horregatik fusilatu zuten Francoren tropek Hernanin, 1936ko urriaren 17an.

El Día, egunkari elebidunean, eta Euzkadin ere artikulu ugari idatzi zituen, abertzaletasuna, progresismoa eta euskaltzaletasuna txertatzeko. Bereziki, euskarekin zuen kezka handia eta Belgika, Estonia, Katalunia eta Proventzako kasuak aztertu zituen honako ondorio eraginkorrak ateratzeko. La muerte del euzkera liburua ere idatzi zuen. Garbi zeukan hezkuntza eta komunikabideak zirela euskara eta euskal kultura salba zitzaketen bi zutabe nagusiak eta horiei eman zien garrantzia. Iritzi artikuluak, iruzkin kritikoak, erreseinak, euskal produkzioaren erreferentziak… argitaratu zituen aipatu egunkarietan. Gero Yakintza aldizkaria sortu zuen.

Baina Aitzolen ekimena ez zen horretara mugatu. Eusko Olerti Jaiak antolatu zituen, Euskal Antzerkiaren Eguna, Bertsolari Guduak, Euskadiko Nobela Saria, Euskarari Omenaldiak, Haur Euskaldunaren Eguna… Euskaltzaleak elkarteko zuzendari izendatu zuten eta euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia zuen guztiaren bultzatzaile bihurtu zen. Bigarren Euskal Pizkundeko hainbat poeta eta idazle elkartu eta hauspotu zituen. Horrela, Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Loramendi, Jautarkol, Antonio M. Labaien eta beste asko sorkuntza lanetan jarri zituen, euskarak bere literatura propio eta duina ukan zezan.

Aitzolen heriotza eta haren odoletik sortu ziren landareak gogoan izanik, ez dakit ez ote genukeen hitz egin behar berak amesten zuen aro berri batez: 1960-1980 inguruko Hirugarren Euskararen Pizkundeaz. Francoren garaian errepresio bortitza jasan ondoren, euskal baratzeak inoiz izan duen pizkunderik indartsuena ezagutu zuen: ikastolak, alfabetatze-euskalduntze eskolak, abeslariak, literaturan eleberri moderno eta poesia berritzaileak, bertsolaritzaren berrindartzea, herrietan antzerki gosea, umeei euskal izenak jartzea, argitaletxe berriak, euskarazko aldizkari eta komikiak, Deia eta Egin egunkari elebidunak, euskal irratiak, laster etorriko zen Euskal Telebista ere. Eta baratze emankor honetan lan isila egin zuen hainbat jende: Elvira Zipitria, Imanol Urbieta, Joxantonio Ormazabal, Fermin Iraolagoitia, Cortés Izal, Jesus Atxa, Xabier Yaben eta beste hainbat. Aitzolek euskal baratzea ikustean, hauxe esango du berekiko: “Merezi izan zian lan hark guztiak”. n