argia.eus
INPRIMATU
Irudiari hitza jarriz
  • Antton kazabon :: Isilik kantatzeko

    Ibaizabal

    orrialdeak ::103

    prezioa ::11,40€

Xabier Etxaniz Erle 2011ko apirilaren 13a
Isilik kantatzeko
Poesia liburu baten aurrean gaude, baina hori bakarrik esatea ez litzateke zuzena izango. Antton Kazabonek 44 poema bildu ditu liburu honetan, baina orriak pasatzen hasi ahala bada irakurlea harritzen duen elementu bat, argazkiena. Euskal Herriko bazter ugaritan ateratako koloretako argazkiak ageri baitira poema bakoitzaren ondoan, poemei laguntzen, poemekin liburua osatzen. Liburuaren atzeko azalean ageri den bezala “paisaiei begira jarri da argazkilaria. Une batez, argazkilariari barruko sentipenak eta emozioak piztu zaizkio, eta argazki bakoitzaren alboan idatzi ditu sentimendu horiek”.

Alde estetiko edo formaletik, beraz, bitxia eta erakargarria da obra hau; paper sendoa, koloretako argazkiak, paisaia ederrak… eta horien ondoan poemak, estilo, tonu eta tematika ezberdinetakoak, argazkiek iradokitzen dutenarekin lotuak, Joxerra Garziak hitzaurre argi eta interesgarriak adierazi bezala.

Azken kontu horrek ere, hitzaurrearenak, berezi egiten baitu liburua; izan ere liburuetan, obra literarioetan, hitzaurreak gero eta arrotzagoak zaizkigun garai honetan, Garziak ederki azaltzen baititu liburu honen berezitasuna, liburu honen balioa eta poemetan idazleak erakutsitako abilezia eta aberastasuna.

Irudia eta hitza dira, beraz, liburu honetako elementu nagusiak. Eta hemen irudia islatzea zaila zaigunez, hona hemen hitzaren adibide pare bat, arestian aipaturiko estilo eta tematika aberatsaren adierazgarri:

 “Hango Hemengo.
Zure etorrian
noa.
Nire joanean
zatoz.
Orain ni hangoa ere banaiz
zu hemengoa ere bazara.
Biok hango
Hemengo”
(29. orrialdea)

Eta haikuen iturrietatik edandako Taupadaz taupada poema:

“Taupadaz
taupada
maitasun huts”
(47. orrialdea).

Lehen poema horren kasuan neska bat ikus dezakegu argazkian, atzetik sorbalda zati bat eta burua, arroken kontra jo duen uhinari begira; bigarrenean, berriz, taupadaz taupada ari den horretan, Kontxako hondartza ageri zaigu ezkerraldeko argazkiak.

Kazabonek gazte nahiz helduentzako poemak eskaini dizkigu liburu honetan; askotan komentatu izan den zehaztu gabeko muga horretan koka liteke obra hau, eta hori nabari da poemak egiterakoan erabilitako estiloan, sinbolismoan, metaforetan, jolasetan… baita gaietan ere. Maitasuna, lurrarekiko atxikimendua, gure ingurua, askotariko gaiak baitaude liburu interesgarri honetan.

Zalantzarik gabe, hainbestetan aipatu izan dugun bezala, idazle honen bide berriak eraikitzeko eta irekitzeko asmoaren beste adibide argia.