Segurtasunaren negozioa kolokan

  • EAEk iaz baino bederatzi milioi euro gutxiago gastatuko du mehatxatutako pertsonen babesean, baina gastu murrizketak ez dauka zerikusirik ETAren su-etenarekin, dio Lakuak. Sinetsi daiteke ala ez, baina pertsonen babesean egindako gastua eztabaida politikoaren beste elementu bat bihurtu daiteke. ETAren azken urratsak gezur hutsa direla esaten dutenak ari dira eremua prestatzen: segurtasunean murrizketarik ez, diote. Baina, espero dezagun,  2.000 eskolta gehiegi izango dira hemendik gutxira.

90eko hamarkadan ETAk helburu militar izendatu zituenetik PP eta PSEko zinegotziak, Euskal Herria sail oparoa izan da eskolta zerbitzua eskaintzen duten enpresentzat. Orain, sektoreak krisi latza du ate joka.
90eko hamarkadan ETAk helburu militar izendatu zituenetik PP eta PSEko zinegotziak, Euskal Herria sail oparoa izan da eskolta zerbitzua eskaintzen duten enpresentzat. Orain, sektoreak krisi latza du ate joka. www.rnw.nl

ETAk mehatxatutakoen babes zerbitzua, irakur bedi eskolta zerbitzua, zertxobait murriztu egin da azken hilabeteetan, erakunde armatuak bere jarduna etetearekin batera. Alabaina, ez dago modurik ziurtatzeko gauza bat bestearen ondorio zuzena denik, horren ardura daukan inork ez baitu publikoki hala adierazi. “Mehatxatutakoen babes-zerbitzua berrantolatzea”, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburuaren berbak erabiltzearren, iazko udan ezagutu zen, ETAk “eraso-ekintza armatuen etena” iragarri baino egun gutxi lehenago. Su-etena egon zitekeeneko zurrumurruak indar guztiz zebiltzan hartan, nekez sinetsi daiteke Herrizaingo Saileko arduradunek ETA urrats hori ematear zegoela ez zekitenik. Hala izan edo ez, iraileko lehenengo egunetan Euskadiko Eskolten Elkarteak salatu egin zuen 50 pertsona ingururi –kargu publikoak, enpresariak eta kazetariak– babes-zerbitzua kendu izana, eta horrek behartu zuen Rodolfo Ares publikoki esatera neurriak ez zeukala zerikusirik ETAren balizko su-eten batekin, zerbitzuaren berregokitze batekin baizik. Handik hiru egunera, ETAren komunikatua kaleratu eta balizkoa zena egia bihurtu zen.

Rodolfo Aresek orduan gehitu zuenez, eskolta kendu zitzaien 50 lagun haiek ez zuten garai batean bezainbateko arriskua ETAren jomugan egoteko, aspaldi utzita baitzituzten garai bateko kargu edo bestelako ardurak. Geroztik, ez da jakin beste inori kendu zaionik eskolta, hala eskatu duten gutxi batzuei izan ezik. Kopuru zehatzak ezagutzerik ez dago, kasu gutxi iristen direlako hedabideetara. Rodolfo Aresek bere momentuan zuhurtzia eta isiltasuna eskatu zizkien babes-zerbitzuari buruzko datuak zituztenei, eta badirudi aintzat hartua izan dela sailburuaren eskaria. Hala, zeresana sortu zuen bakarretakoa Jose Maria Ruiz Urchuegui izan zen; Adegiko lehendakari ohiak gutun irekia bidali zion urrian Herrizaingoko arduradun nagusiari, aurrerantzean bere eskoltari uko egingo ziola adierazita. Handik gutxira, Público egunkariak esan zuen mota horretako erabakiak ez direla hain bakanak, eta Ertzaintza eta segurtasun enpresa pribatuak aipatu zituen informazio horren iturri. Beti ere iturri horien arabera, eskoltarik gabe ibiltzeko eskariak etengabeak izan dira beti, eta ez dago esaterik –ez behintzat iazko udazkenean– eszenatoki politiko berriak kopurua handitu duenik.

Murrizketa bai, baina norainokoa?

Laburtuz, esan daiteke eskolta-zerbitzuen erabilera ez dela biziro murriztu ETAk su-etena aldarrikatu zuenez geroztik. Eta eskolta-zerbitzuak diogunean, batez ere segurtasun-enpresa pribatuez ari gara. Kontu hauei buruzko iturrietako bat eskoltak eurak izaten dira; hamaika foro daukate Interneten. Horietako batean irakur dezakegu 2009an Hego Euskal Herrian 1.492 pertsonak behar zutela eskolten zaintza, eta horien %86k enpresa pribatuetatik jasotzen zutela zerbitzu hori. Enpresa horientzat aurreikusita dagoen aurrekontua, 2011rako, 88 milioi eurokoa da. Iaz baino bederatzi milioi gutxiago.

Azaroan, Eusko Legebiltzarreko Herrizaingo Batzordearen aurrean bere sailaren aurrekontuak azaldu zituenean, Rodolfo Aresek berretsi egin zuen murrizketaren zergatia ez zela ETAren su-etena –ordurako publikoa zena–, baliabideen erabilera egokiago baten beharra baizik. Alegia, krisian gaudela. Zehazki, eskolta-zerbitzuen lehiaketan oso kontuan hartu da prezioa, Mikel Martinez (EAJ) batzordeko kideak esplikatu digunez, eta bilera haren akta irakurrita Aresen hitzetatik ondorioztatu daitekeenez, sailburuak hain garbi hitz egiten ez badu ere. Martinezek dioskunez, enpresa guztiek doitu dituzte prezioak euren eskaintzetan.

Negozio handi bati adio

Bitxiena da, legebiltzarkide jeltzaleak adierazi digunez, gero eta enpresa gehiago aurkezten dela lehiaketara. Denborak aldatuz doaz, baina inertziak, itxuraz, ez hain azkar; ez dezagun ahaztu Euskal Herria negozio eremu bikaina izan dela segurtasun-pribatu enpresentzat ETAk publikoki adierazi zuenetik PPko eta PSEko zinegotzi guztiak, besteak beste, bere ekintzen helburu izango zirela. Urte askoan aparretan izan dira eskoltak eskaintzen zituzten enpresak, nahiz eta –berriro jo dugu Interneteko foroetara– horretan ziharduen langile saldoak, 2.000 inguru 2009ko datuen arabera, ez ditu lan-baldintza gozoak izan. Orain krisi larri bat eztanda egitear dago sektorean, eta dagoeneko hasita daude langileen kaleratzeak. ETAren urtarrileko agiriarekin hasitako prozesua bide onetik badoa, negozioa hondoratuko da, behinola loratu zen bezala. 90eko hamarkadaren hasierako egoerara itzuliko ginateke segurtasunari dagokionez: polizia aski litzateke kargu publikoen babes beharrak asetzeko, beste edozein herrialdetan bezala.

Atzerapauso bakar bat ere ez

Epe ez oso luzean edonork irudikatu dezakeen panorama da hori. Baina honezkero argi dirudi epe hori luzatzen saiatuko direla batzuk. Espainiar alderdi handiek, batez ere PPk, eta haien hurbileko sektore batzuek, behin eta berriz aldarrikatu dute ez dugula ETAren adierazpenez fidatu behar, erne egon behar dela, segurtasun-neurriak ez direla inola ere leundu behar. Mezu bera darabilte segurtasun-enpresetako arduradunek, poliziek... Baita eskolta lana egiten dutenek ere: foroetan patroiaz gaizki esaka aritzen dira, baina beste alde batetik beren zereginaren beharra azpimarratzendute,  ideologiaz gainezkako diskurtsoa  erabilita. Dena ez da negozioa, beraz. Gauzak horrela, eskoltetan egiten den gastu publikoa beste osagai bat izan daiteke borroka politikoan. Segurtasunean egindako gastu-murrizketa esanguratsu bat “terrorismoaren kontrako borrokan” atzerapausotzat joko lukete, bake prozesuan aurrerapausorik gura ez duten sektoreek.

“Nolanahi ere” dio Mikel Martinezek, “irakurketa bat baino gehiago dago eremu honetan. Egia da alde batetik ordezkari politikoek esaten dutena esaten dutela, hori baita beraien estrategia. Baina bestetik, segurtasun hutsezko arazo bat dago. Alegia, nik uler dezaket luzaroan egun eta gauez babestuta egon diren pertsonen posizioa, bat-batean babes hori gabe geratuko balira hau guztiau amaitu egin dela erabat seguru jakin gabe. Batzuk kexatu dira dagoeneko, babesa guztiz kendu gabe, murriztu egin dietelako. Eskolta bi zituzten batzuek bakarra dute orain, eta bakarra zuten batzuei hori kendu zaie, eta  kontrazaintza zerbitzua besterik ez dute jasotzen”.

Aurrekontuan murrizketak egon litezke aurten bertan?

Gai honek datozen urteetan zein bilakabide izango duen igartzeko, interesgarria izango da ikustea 2011ko 88 milioiko aurrekontu hori zertan den urte amaieran. Martinezek gogorarazi digunez, pertsonen babesera xedatzen den diru-kopurua oso aldakorra da, urtearen barruan ere: “Gauza jakina da, eta askotan gertatu da, egoeraren eboluzioaren arabera diru asko sartu behar izatea ekitaldiaren erdian”.

Egoeraren eboluzioa aipatzen duenean zera esan nahi du Martinezek: sarritan ETAk, hitzez edo ekintzaz, bere jomugan jarri duela ordura arte mehatxu horretatik libre zegoen sektore bat. Horrek babes-neurriak areagotzera behartu du, beraz diru gehiago gastatzera. Gerta liteke kontrakoa, edo bestela esanda, zilegi litzateke 88 milioien zati bat beste zeregin batzuetarako erabiltzea, ETAren oraingo jarrera sendotu ahala?

 

Hamabi sortatan banatutako zerbitzua

88 milioi eurokoa da 2011n pertsonen babeserako aurreikusita dagoen gastua, baina kopuru hori beste partida handiago baten zatia da. Izan ere, EAEko Herrizango Sailak segurtasun-enpresekin egindako azken kontratuak hamazortzi hilabeteko iraupena du, 2010, 2011 eta 2012 urteetan banatua.

2010eko martxoan egin zen publiko, Ares sailburuaren agindu baten bitartez, zein enpresari emango zitzaizkien zerbitzuok, hala nola lehiaketaren xehetasunak. Hemeretzi enpresa aurkeztu ziren guztira, eta zazpik lortu zuten kontraturen bat. Horietan, Casesa nabarmentzen da, kontratu osoaren %35 inguru eraman baitu. Guztira, 144 milioi euroko gastua (gehi BEZa) zegoen aurreikusita aipatutako epealdirako, baina azkenean %7an murriztu zen: 135 milioi. Rodolfo Aresek garbi utzi nahi izan zuen murrizketak ez ziola zerbitzuaren kalitateari eragingo, eta bere sailak egindako negoziazio onaren emaitza zela. “Segurtasun maila orain arte bezala mantenduko da “, esan zuen. Ordurako, ETA su-etenean zegoen.

Zerbitzua ez da trinkoa, hamabi lote edo sortatan banatuta dago. Berez lau dira, eta horietako bakoitza EAEko hiru probintzietarako lehiatzen da. Aldi berean, lote bakoitzerako lau enpresa kontratatu daitezke.

Lau sortak hauek dira: epaile eta magistratuen babesa; PPko hautetsi eta politikarien babesa; PSOE-EEko hautetsi eta politikarien babesa; eta gainerakoak. Laugarren multzo horretan sartzen dira beste alderdietako hautetsiak, ETAk mehatxatutako gainerako pertsonak eta genero-indarkeriaren biktimak.


Azkenak
1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur (Ikasle Abertzaleak): “Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]


Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


2025-02-12 | Iñaki Barcena
Aroztegiaren silogismoa

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango... [+]


Antzinako hegaztien gidaliburua

Poloniar ikerlari talde batek Sevillako Italica aztarnategiko Txorien Etxea aztertu du, eta eraikinaren zoruko mosaikoak erromatar garaiko hegazti-bilduma xeheena dela ondorioztatu du. 

Txorien etxean 33 hegazti daude mosaikoetan xehetasun handiz irudikatuta. Beste... [+]


Despremu deprimituaren ondarea

Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]


2025-02-12 | Edu Zelaieta Anta
Gainbabesaren desbabesa

Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]


Harreman publiko-komunitario-kooperatiboak eraikitzeaz

Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]


Eguneraketa berriak daude