argia.eus
INPRIMATU
Bihotza eta jugularra, sorbaldatik oso gertu

Xabier Letona Biteri @xletona 2011ko apirilaren 13a

FRANTZIAKO  tiroketak berriz erakusten du suarekin ari dena… azkenean bera erretzeaz gain, bere inguru zabala ere kiskal dezakeela. Eta bizi dugun su-eten egoeran, alde bakoitza sua bere nahierara hauspotzen ari da. Areago hauteskunde bezperan izanik eta pertsonen iragana eta bizitza lupa, mikroskopio eta gisako tresneria finez behatuko denean.

Hotzetik aztertuta, badirudi hau edozelako bake prozesutan diren ezustekoetan txertatu behar dela, gaitzesgarria, arbuiagarria eta nahi dena, baina beti ere ezustekoaren kategorian. Hau da, oztopatu bai, baina ez du aldatzen ezker abertzaleak Zutik Euskal Herriarekin hartutako norabidea, ezta ETAren su-eten dinamika orokorra, erakunde armatuak duela bi aste berretsi zuena.

Baina ezustekoa izanik ere, zalantza eta mesfidantza ugariren ongarri ere bada tiroketa. Hori saihestezina da. Pistolarekin errepideetan atzera eta aurrera dabilenak, jakin badaki uneren batean berau erabili edo ez erabaki beharrean izan daitekeela. Frantziako errepideetako ohiko kontroletako atxiloketa eta ihesaldien historia luzeak erakusten du batzuek erabiltzen dutela eta besteek ez.

Egungo testuinguruan, pistola daramanak jakin beharko luke etakidearentzat autodefentsa dena, bake prozesuaren aurkako arma gisa erabiliko dela edozein kasutan, zeresanik ez heriotza tartean izanik. Eta kontua da, ez dagoela argi zergatik eta zertarako eramaten den pistola halako su-eten iraunkor eta egiaztagarrian; areago berau ustez luzerako denean eta ezker abertzalearen logika politiko berrian betirako denean. ETAko militantearentzat errutina hutsa izan litekeena –edo ez–, gainerakoentzat  edozelako hipotesi eta susmorako froga edo aitzaki bihur liteke.

Arrakasta eta porrotaren arteko distantzia oso txikia da sarri eta kasu honetan sorbaldatik bihotzera edo jugularrera dauden zentimetro gutxi horietan neurtzen da. Zorionez jendarmearentzat eta bake prozesuarentzat, oraingoz nahikoa bizirik ateratzeko.

Arreta tiroketatik desbideratzeko, esan liteke hau gutxi dela konparatuta Espainiako Gobernuak eta Espainiako eskuinak azken bake saio honekiko daramaten boikot kanpainarekin, eta ez da arrazoirik faltako horretan. Baina horrek ez ditu susmo txarrak saihestuko. Hastapeneko urratsetan den bake prozesua elikatzeko eragile guztien ekarpenek bakarrik sendotuko dute berau, eta hauetako lehen-lehena une honetan ezker abertzale osoa hauteskundeetan egon ahal izatea da. Sorturen legezko egoera hauteskundeen osterako utzita, orain seinale onena litzateke Bilduren zerrenda guztiak –edo ahalik eta gehien– arazo barik aurkeztu ahal izatea.

Gertakari honen bere bertsioa emateaz gain, ETAk ere, hauteskunde aurretik edo ostean, esan beharko du orain artekoa baino zerbait zehatzago bere etorkizunaz. Eta Espainiako Gobernuak ere eman beharko du urratsik, lehenik ez oztopatzeko eta ondoren eraikitzeko, presoen munduan eman beharreko urratsak lirateke lehenetakoak. Urratsetako batzuekin beranduenez maiatzeko hauteskundeen ondoren hasi beharko litzateke: preso gaixoen askatasuna, hurbilketak, graduak, Parot doktrina indargabetzea… PPren presioa eta 2012ko hauteskundeen aitzakian PSOEk neurri horiek ez hartzea litzateke txarrena eta arriskutsuena.

Isiltasuna eta diskrezioa berezkoak dira halako prozesuetan, baina ez sekretukeria prozesuaren ardatz bihurtzeraino. Gizarte eragileak prozesuan txertatu behar dira eta gizarteak oro har jakin behar du negoziazioaren haria non den. Bestela, iraganeko harrietan estropezu egiteko arriskua handia izango da.