argia.eus
INPRIMATU
Ezin nuen

Joxemari Ostolaza 2011ko apirilaren 05

Huts egin. Beharrezkoa ote nintzen frogatu nahi nuen. Txanda pasaka. Adi inguruari, lehen auzotik demandaka ari zitzaizkidan lehen astetik. Telefonoak su, mezuak irakiten dauzkat. Sumatu, sumatzen nuen lehendik ere nire artikuluxken eragina, hurbileneko munduan arrakasta izugarria zutenak. Hala ere, baieztatu nahi nuen susmoa. Uste baino beharrezkoagoak dituzte lehen auzokoek. Eta ezin nuen eskaeren presioa jasan. Ezin ditut umezurtz utzi nire buruari esanez, berriro honi ekitea erabaki dut. Denboralditxoa igaro dut lehiaketetatik urrunduta kirolari kolpatuaren antzera, mundua seko kieto geratu izan balitz bezala, nire buruarenaz hara deus ez balego bezala. Egunkariak irakurri gabe begiratu, irratiak aditu gabe entzun, telebistak martxan burua zulatu gabe. Gai bakarrean aritu izan natzaizue, bizitzen, bizitze hutsa aski izan bailitzan. Atzartzean, kanbiamendurik gabe aurkitu ditut munduak hedabideak gora eta behera. Berean jarraitzen dute zoriontsu, munduek beharko lituzketen iraultzak mamu. Lasaitu zaitez irakurle, auzo urrun horiek gu ezagutu gabe jarraitzen dute eta gu berekotzeko ahaleginetan tortura dute lanabes, arrotz dutena desagerrarazteko estrategia hilkor zaharrean, hain berea duten horretan.