Pozoitutako garapena

  • Hondakin elektronikoen zabortegi bihurtu da Ghanako Agbogbloshie auzunea. Hondatutako telebistak, ordenagailuak eta hozkailuak etengabe iristen dira. Debekatuta dago, berez, garapen bidean dauden herrialdeetara e-zaborra garraiatzea, baina bigarren eskuko ondasun bezala kamuflatzen dute. Ghanara heltzen diren aparailu gehienak Europatik eramaten dituzte.

Ghanako Agbogbloshie auzunea, hondakin elektronikoz betea.
Ghanako Agbogbloshie auzunea, hondakin elektronikoz betea.Iñaki Guridi
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Tipulak saltzen dira Agbogbloshieko merkatuan. Malitik zuzenean iristen dira kamioiak tipula gorriz goraino beteta. Atentzioa ematen du soilik tipulak saltzen dituen merkatu batek. Segituan, ordea, beste zerbait egiten da begietara arraroago: saltzaileen eserlekuak. Normalena, agian, egurrezko aulkiren batean eserita egotea litzateke, baina Agbogbloshieko saltzaileak telebista eta ordenagailu pantailen gainean daude jarrita. Pantailen plastikozko kaxa da, goikoz behera jarri, eta esertzeko erabiltzen dutena.

Auzunean apur bat ibiltzea nahikoa da konturatzeko, hondakin elektroniko horiek auzotar askoren bizibidea direla. Nonahi ikus daitezke pilatuta telebista, bideo, ordenagailu edo hozkailu zatiak. Han eta hemen, gizon gazte taldeak ageri dira, pantaila gainetan eseri eta mailu eta zizelarekin apurtutako aparailuak oraindik gehiago txikitzen.

Aluminioa, burdina edota kobrea atera nahi dituzte hondatutako gailu horietatik. Saldu egiten dituzte gero. Atzerritik iritsitakoak dira elektrotresna hauek denak. Ghanako Gobernuak Ingurumena Babesteko Agentzia du, eta John Pwamang da agentziako zuzendarietako bat: “Amerikatik eta Kanadatik ere bidaltzen dituzte, baina gertutasun geografikoagatik Europatik dator aparailuen %85a”.

1989an onartutako Basileako Konbentzioak debekatu egiten du e-zaborra bidaltzea garapen bidean dauden herrialdeetara. Txirotutako herrialdeak zabortegi bihurtzea eragotzi nahi du 170 herrialdek berretsia duten itun horrek. Argi dago, ordea, askorentzat erraza dela konbentzio horren bahea pasatzea. “Bigarren eskuko ondasun bezala izendatuta iristen dira aparailu hauek denak. Hemengo portura iritsitakoan, ordea, hamarretik hiru hondatuta daude, e-zaborra dira. Funtzionatzen duten askori, berriz, ez zaie bizi luzea geratzen”, dio Pwamangek.

Hondakin tona askori buruz ari gara. Mike Anane, Ghanako Ingurumen Kazetarien Ligako zuzendariak aspaldiko urteetan dihardu gaia ikertzen. Orain zazpi urte sumatu zuen lehenengo aldiz hondakin elektronikoz betetako kamioi bat Temako portutik Agbogbloshiera bidean. Bere datuen arabera hilero 500 kontainer iristen dira portura hondakin elektronikoz beteta. Ghanako Gobernuaren txosten batek dio 2009an bakarrik bigarren eskuko 150.000 tona aparailu elektroniko heldu zirela herrialdera. Herena hondatuta zegoen.
Rotterdamgo portutik abiatzen dira Ghanara heltzen diren merkantzia gehienak. Baina ez dira Herbeheretako gailuak soilik bidaltzen. Britainia Handia, Alemania, Frantzia, Italia zein Espainia ere zabor elektronikoa esportatzen abilak dira. “Herrialde gutxi salbatzen dira”, dio Ananek.

Bigarren eskuko elektronika

Ghanan, ohikoena, bigarren eskuko aparailu elektronikoak izatea da. Etxerik gehienetan Europan atzera utzitako hozkailu eta telebistak dituzte. Akkra hiriburuan hain ugari diren Internet guneetan, gurean ia aspaldi desagertutako pantaila sakoneko ordenagailuak dira nagusi. Edozein bazterretan saltzen diren sakelako telefonoak, berriz, aurrez erabilitakoak dira sarri.

Atzerriko enpresak dira, askotan, bigarren eskuko ondasunak inportatu eta herrialdean saltzen dituztenak. Ghana bertako enpresariak ere joaten dira atzerrira material bila. Erosi egiten dituzte inportatzeko gailuak, edo batzuetan emandakoak jasotzen dituzte, gero saltzeko. Ghanako Gobernuak berak bultzatzen du bigarren eskuko ondasunak inportatzea. Gai hauek ez dute aduana tasarik ordaindu beharrik. 2003ko lege batek argi dio leize digitalarekin amaitzeko eta herritarrak teknologia berrietan alfabetatzeko modu egokia dela erabilitako materiala inportatzea, gutxi baitira aparailu berriak erosteko bitartekoak dituztenak.

Frank Braimah, Ghanako Teknologia Institutuko operazio zuzendariak ez du gustuko bigarren eskuko osagai elektronikoak inportatzea: “Iruditzen zait herrialde garatuek euren buruko mina ematen digutela dohaintzan. Ez dakite aparailu elektronikoekin zer egin hondatutakoan”. Kanpotik etorri eta funtzionatzen duten tresnak segituan banatzen dira Ghanan dauden ehunka salmenta postuetan. Oso sare konplexua dago herrialde guztian hedatuta.

Birziklatzeko azpiegitura egokirik ez dago, ordea, eta konpondu ezin diren tresnei destino bakarra geratzen zaie: Agbogbloshie.

Suarekin jolasean

Gizonak mailuarekin txatarra jo eta jo ari direla, plastiko erre usaina hartzen da. Ke beltzak utzitako arrastoari jarraituz, auzunetik nahiko gertu dagoen zabortegira hel gaitezke. Eremu zabala da. Odaw ibaiaren bazterrean dago. Kiratsa dario 200 bat metro aurrerago Gineako golkoarekin bat egiten duen errekari. Zikinkeria bazter guztietan dago pilatuta. Zikinkeria artean, telefono mugikor zatiak, apurtutako kalkulagailuren bat, telebista izandako zerbaiten hondarra eta ordenagailu teklatu txikituak. Mutiko talde bat sua eginez dabil. Zaharrenak 20 bat urte izango ditu, baina dozena bat urte bueltakoak dira gehienak. Kable sortak erretzen ari dira, aurrez auzoko beste behargin batzuek aparailuei kendutako kableak. Suari indarra emateko, plastiko zatiak jartzen dizkiete inguruan edo hozkailuei kendutako poliuretanoa. Kobrea da atera nahi dutena.

Mohamed da bertan dabilenetako bat, 10 urteko mutikoa. Inguru honetan beste asko bezala, Ghana iparraldetik etorritako errefuxiatua da, tribuen arteko liskarretatik ihesi. Dagbani hizkuntza hitz egiten dute, hiriburuan beste inork gutxik menperatzen duena.
Mohamed goizeko seietatik arratsaldeko seietara jarduten da zabortegian. Egunean bizpahiru cedi ateratzen ditu, euro eta erdi. Gurasoak iparraldean ditu, eta hirian Isaac anaiaren babesean bizi da. 15 urte ditu anaiak. Bietako inor ez da eskolara joaten. Zabortegian dabiltzanen osasuna arrisku bizian dago. Mike Ananek sarritan egin die bisita. “Hondakin kimiko kaltegarriekin etengabeko kontaktuan daude zabortegian dabiltzanak. Beruna, merkurioa eta kadmioa bezalako osagai toxikoak dituzte manipulatzen dituzten gailuek”. Berunak kalte handia eragiten du haurren garapenean, batez ere burmuinaren garapenean. Nerbio sistemari eta birsortze aparailuari ere zuzenean eragiten die. “Gainera, sua erabiltzen dute plastikoa erre eta kableek barruan duten kobrea lortzeko. Erreketa horretan dioxina eta ke toxiko ugari askatzen dira, eta bertan dabiltzanek zuzenean arnasten dituzte”, dio Ananek asaldatuta.

Zabortegian lanean ari den Ettsi-ri galdetu diogu ea badakien zein arrisku dituen bere osasunarentzat egiten ari den lanak. “Keak hartzen duen bidetik aldendu behar duzu, zikinkeriarik ez arnasteko. Horrekin kontu izanez gero nahikoa da”, dio konbentzituta. Bakarren batzuek izan omen dituzte osasun arazoak, baina berak ez dirudi kezkatuegi. Argi dago kearen norabidea zaintzea ez dela nahikoa. Mike Ananek arazo asko aurkitu ditu ume hauen artean. “Ikusi ditut umeak eztula egin eta odola botatzen. Arnasketa arazo handiak dituzte beraietako askok”. Greenpeace talde ekologistak Agbogbloshien egindako ikerketa batek erakutsi du lurzoruan dagoen kutsadura maila oso altua dela. Beruna, merkurioa eta kadmioa baimendutako mailetatik oso gora atzeman dituzte. Aparailu elektronikoetatik datozen elementuak dira denak.

Zabortegian jarduten dutenekin kezkatuta dago Mike Anane, baina behin eta berriz azpimarratu nahi du kutsadura honek ez diela soilik eurei eragiten. “Euria egiten duenean, metal horiek filtratu egiten dira. Errekara doaz denak, eta itsasoa bertan dago. Itsaso horretako arraina jaten dugu ghanatarrok, eta metal astun horiek gure organismoan amaitzen dute”.

Kontrolik ez

Egoerari aurre egiteko kontrol neurriak zorroztu behar direla gauza argia da. Herrialdearen barruan, eta kanpoan, bietan dago zeregina. Ingurumena Babesteko Agentziak igorria dio eskaria Ghanako parlamentuari bigarren eskuko ondasunen inportazioa arau dezan. John Pwamang agentziako arduradunaren arabera, “legerik ez dago inportazio horiek arautzen dituenik, eta horrek iruzurrerako bidea zabalik uzten du. Herrialde barruan bertan hasi behar dugu araudia zorrozten hondatuta datozen aparailuei atea ixteko”. Basileako Konbentzioa betearaztea da, Mike Ananeren ustez, arazoari aurre egiteko lehenengo urratsa. Argi du erantzukizun kriminalak daudela honen guztiaren atzean: “Interpolek jarraipen zehatza egin behar luke, jakiteko nork bidaltzen dituen hondakin elektroniko hauek. E-zaborraren ondorioz jende asko gaixotu da. Arduradunak atxilotu egin behar dira”.

Dagoeneko atxiloketa batzuk egin dira Britainia Handian eta Herbehereetan. Bertako agintariak Ghanako Gobernuarekin elkarlanean ari direla dio Pwamangek: “Eskatzen digute atzematen ditugun hondatutako merkantzien informazioa. Esaten digute garraiolariari buruzko datuak iristen bazaizkie, hurrengoetan errazago atzeman ditzaketela e-zaborra dakarten bidalketak”. Pwamangek, hala ere, ulertzen du Rotterdam bezalako portu handietan ezin dela kontainer oro ikuskatu. Anane ez dator horrekin bat. Bere iritziz hondakin elektronikoak esportatzen dituzten herrialdeak dira kontrol zorrotzagoak jarri behar lituzketenak: “Garapen bidean dagoen herrialde bati ezin diozu eskatu portuak agentez betetzeko. Ghanako Gobernuak beste lehentasun batzuk ditu bere baliabideak gastatzeko”. Europako agintariek ez dute nahikoa egiten, bere ustez.

Kontrolarekin batera, heziketa ezinbesteko jotzen dute adituek arazoari aurre egiteko. Ez soilik hondakinak manipulatzen dituztenen artean; herritar guztiengana hedatu behar da heziketa. Eta bide batez, osagai elektronikoak egiten dituzten enpresetara ere hedatu behar litzateke ardura. Frank Braimah-k dio konpainia horiek bilketa sistemak jarri behar lituzketela, “kontsumitzaileei hondatutako aparailuak entregatzeagatik konpentsazioren bat emanez. Ananeren ustez, neurririk gabeko etekin gosea dute enpresa hauek: “Programatutako zaharkitzapena dago guztiaren atzean. Iraungitze data jartzen diote aparailuari, denbora gutxiren buruan funtzionatzeari utz diezaion eta kontsumitzaileak laster berria eros dezan”.

Zergatik Ghana?

Toki erakargarria da Ghana e-zaborra pilatzeko. Aspaldiko urteetan egoera politiko egonkorra du eta horrek ahalbidetu du Europa zein Amerikako herrialde askorekin hartu-eman ekonomiko ugari izatea.

Akkra hiriburutik oso gertu dagoen Temako portua da merkantziak garraiatzeko gune nagusia. Bizia da bertako mugimendua, eta horrek errazago egiten du hondatutako aparailu elektronikoen garraioa. John Pwamangek hala ikusten du, behintzat: “Errazagoa da ontzien joan-etorria etengabea denean, mugimendu gutxi dagoen portuan baino. Legezko merkantziaren alboan errazago sartzen da legez kanpokoa”. Bigarren eskuko gailu elektriko eta elektronikoen kontsumitzaile amorratua da, gainera, Ghana. Herritarren erdia pobrezia langaren azpian bizi bada ere, beste erdiak badu bigarren eskuko telebista edo hozkailua erosteko adina baliabide.

E-zaborra, dena den, ez da soilik Ghanako arazoa. Antzeko helmuga ugari aurkitu dituzte hondakin elektronikoak euren herrialdeetatik atera nahi dituztenek. Afrika mendebaldetik irten gabe, Nigerian antzekoa da arazoa.

Basel Action Network taldeak –Basileako Konbentzioa betetzearen alde lanean ari denak– eta Greenpeacek orain urte batzuk egindako lehen peskizetan, Txina eta Indian atzeman zituzten hondakin elektronikoen zabortegiak. Gerora Afrikako eta Latinoamerikako dozenaka herrialdetan aurkitu dituzte antzeko egoerak.
 


Azkenak
2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Eguneraketa berriak daude