argia.eus
INPRIMATU
Kristobal Kolon, poloniarra?

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2011ko martxoaren 30
Kristobal Kolonen ametsa, Salvador Dalí (1959).  Koloni buruz egiten diren zenbait ikerketa ere, itxuraz, nahiko surrealistak dira; poloniarra zela dioena, esaterako.
Kristobal Kolonen ametsa, Salvador Dalí (1959). Koloni buruz egiten diren zenbait ikerketa ere, itxuraz, nahiko surrealistak dira; poloniarra zela dioena, esaterako.

Madeira, 1436-1456 inguruan. Poloniako errege Ladislao III.aren semea jaio omen zen eta seme horrek, urte batzuk geroago, Amerika aurkitu zuen, Manuel Rosa historialari portugaldarraren arabera. Kristobal Kolon almirantea jatorri poloniarrekoa zela, alegia.

Orain arte hipotesi onartuenak dio Kolon Genoan jaio zela, baina Italiar Penintsulan bertan, Savonan edo Nervin jaio zela esaten duenik ere bada. Kataluniarra, galiziarra eta portugaldarra ere izan omen zitekeen eta, teoria berri honen arabera, Portugalgo uharte batean jaio zen, baina aita poloniarra zuen.

Historiako liburuen arabera, Ladislao III.a 1444an hil zen, turkiarren aurkako Varnako guduan. Baina Manuel Rosaren esanetan, Alfontso V.a Portugalgoaren babesean, errege poloniarrak Madeirara ihes egin zuen. Han, aristokrata batekin ezkondu eta seme bat izan zuen. Seme hark Gaztelara bidaiatu zuen espioi portugaldar gisa, eta Errege-erregina Katolikoei bere zerbitzua eskaini bazien, Portugalek Afrikan zeuzkan interesak defendatzeko izan zen, beti ere Rosaren iritziz. Ikerlari portugaldarrak dio Kristobal Koloni buruz gaur egun dugun irudia Baltasar Colombo italiarraren iruzurraren ondorioa dela, hau da, Colombok dokumentuak faltsutu zituela almirantearen herentzia jaso ahal izateko.

Baina Kolonek bestelako oinordekotza ere utzi zuen kontinente zaharrean. Europako lehen sifili epidemia dokumentatua 1495ekoa izan zen eta, orain arte onartu den tesiaren arabera, gaixotasuna Kolonen eskifaiak ekarri zuen Amerikatik Europara. Bada, Brian Connell osteologo britainiarrak lehenago ere Europan sifilia bazela ondorioztatu berri du. Connellek Erdi Aroko St. Mary’s Spital hilerriko 5.837 gorpuren arrastoak aztertu ditu eta horietako 25etan sifiliaren ustezko sintomak topatu ditu. Karbono-14aren bidezko datazioaren arabera, horietako bi gorpu 1200-1250 urte ingurukoak lirateke eta beste bost, 1250-1400 ingurukoak. Kolon Amerikatik itzuli baino lehenagokoak, beraz.

Dena den, zenbait adituk teoria honi buruzko zalantzak adierazi dituzte, ikerketa ez delako aldizkari espezializatuetan argitaratu eta datazioak ez direlako beste metodo batzuen bidez egiaztatu. Froga gehiagoren zain egon beharko dugu, Kolon errugabetzat jotzeko edo sifilia ekarri izana poloniarrei leporatzeko.