Lo orduak 85.896, dioptriak 1,5 + 2,5, lan egun kotizatuak 1.679, 444 kilo zabor urtero, %33 basque… Eta bulkadak bata bestearen atzetik.
Zenbateraino idazten du bakoitzak bere historia?
Ez dut esango egileak bere biografia idazten duenik beti, baina interesgarri zaion tema edo ikuskera bat ia beti agertzen du. Liburu bat idazteari zeure bizitzako ordu eta buruhausteak eskaintzen dizkiozunean ere, nahi eta nahi ez eskaintzen diozu zure bizitzaren zati bat. Hor hasten da literatura bizitzara eta bizitza literaturara ekartzeko borroka. Irakurle bezala, askotan ekarri dut literatura nire bizitzara, elikatzen ninduelako, une hartan nire egunerokoak ez zeuzkan grazia eta nortasuna ematen zizkidalako. Alderantzizko prozesua izan da Bulkada-rena. Literatur gaiak errealitatera ekartzeaz gain, nire bizitzaren zati batzuk literatura bihurtu ditut.
Nondik dator zure burua etengabe definitzeko joera nekagaitza?
Artean liburua idazten ari nintzela, autoan nindoala, “nola heldu naiz ni honaino?” entzun nuen Anariren kantu batean. Orduan jabetu nintzen liburuaren arkitektura oraindik garbi ez eduki arren, nortasun bat berriz sortzeko aukera ematen zidala honek. Nire ibilbide guztian Jon Benito bakarra izan da, baina ezaugarri ezberdinak izan ditu, etenik gabe aldatzen joan da, eta liburu honekin ezaugarri berriekin agertzeko parada neukala ulertu nuen. Orain artekoaren balantzea egiteko moduan nengoen, baina naizena eta izan nahi dudana islatzeko parada ere banuen. Horregatik da gertatu ez zena eta gertatu ez zitzaidana ere interesgarria. Askatasunaren bidea kontraesanen zerrendatzea dela dio Susan Sontag-ek, horri zor diogula etengabeko “zer naiz ni?”, “nor naiz ni?”, “nondik nator?” galdera sorta. Niri ere, nortasuna eraikitzeko, ezaugarri batzuk eman egin zaizkit, beste batzuk aurkitu egin ditut, eman zaizkidan eta aurkitu ditudan zenbait utzi egin ditut beste batzuk hartzeko... Bide hori, aukeren arteko gatazka hori, kontatzen du, azken batean, Bulkadak.
Bidearen puntu honetan, “ezkerzalea”, “argala”, “ateoa” eta “heterosexuala” zarela diozu.
29 urte ditut eta nire ezaugarri batzuk aldatu egin dira denboran zehar: ez naiz hain erradikala nire iritzietan, bestearen presentziaz kontzienteago naiz... Lau adjektibo horiekin definitzen naizenean besteen aurrean definitzen naiz baina. Nik nire burua definitu beharko banu modu pribatuan, beste izenlagun batzuk erabiliko nituzke agian; baina liburuan, oraindik, pertsonaia berri hori jendaurrean aurkezten ari naizenez, gizartearen lau sailkapen nagusienetan kokatzeko koordenadak markatzen ditut. Hori hala, pertsonaia aditzak ezaugarritu behar duela uste dut: eguneroko bizitzan ere egiten dugunak definitzen gaitu, ez daukagun itxurak edo dena delakoak. Horregatik saiatu naiz ahalik eta definizio gutxien ematen liburuan, galderak egiten baina ez epaitzen. Ez dut ahalegin berezirik egin pertsonaia zer nolakoa den deskribatzen, ekintzen bidez agertu nahi nituelako agertu beharrekoak.
Oso ekintza arrunt eta sinpleak dira gehienak.
Baina era berean sakontasuna eta mamia daukatenak, nire ustez. Lagunez mintzo zara baina lagunak gurutzatuta daude politikarekin. Ihes pertsonal bati buruz hizketan hasten zara eta mundua agertzen zaizu bere sustrai eta adar sozial, ekonomiko eta kulturalekin. Horren harira, ez nuen Bulkada Jon Benitoren autofikzio edo autobiografiatzat hartzerik nahi, liburuak ez baitauka baliorik horrela irakurriz gero. Nire antzeko esperientziak izan dituen, nire adin inguruan dabilen jende multzo baten kronika, testigantza edo ispilua izan behar du liburuak, porrot egin ez dezadan. Horregatik kontatzen ditut maitemintzea, desmaitemintzea, norbere burua berraurkitzeko lanak abiatzea eta berriz galtzea bezalako gaiak. Erreferentziak errealak dira, hezur-haragizko hitzak agertu nahi nituen paperean, ukitzeko moduko zerbait sortu nahi nuen, irakurleak bere burua bertan islatuta ikusteko kontuak, emoziora horrela bakarrik helduko nintzela uste bainuen. Mamiak mami eta azalak azal, arte guztietan emozioa baita bilatzen dena.
Nola gogoratuko du historiak zure belaunaldi hori?
Ez dakit ez garen, oro har, “belaunukaldia” izango: eskubide eta oparotasun garaian jaio eta porrot egin zutenena. Iruditzen zait, ikasketa aldetik belaunaldirik prestatuena izan eta jakintza aldetik formatuak egon arren, asko galduta egon garela gutaz espero zenaren eta eman genezakeenaren arteko amildegian. Esaterako, politikoki oso belaunaldi anfibioa gara: tradizio batetik gatoz, mezu, ideologia eta iruditeria historiko baten jarraipena txertatu digute, baina aldi berean balore horien aldaketa bizitzen ari gara eta ez dakigu bateko edo besteko garen edo izan nahi dugun. Balore aldaketa horrek eragina dauka egungo kultur panoraman ere. Ez da kasualitatea Errautsak antzerki-obran behin eta berriz zauri horretan hatza sartzen aritzea, adibidez. Politikoki, gauza bera. Kultura militantearen heriotzaz mintzo gara, baina ez al dago zuzenki lotua ahalegin bat egitearen, saiatzearen eta sakrifizioaren kulturaren gainbeherarekin? Gure belaunaldia da trantsizio hori ondoen ordezkatzen duena.
Politikaz ari gareno, pertsonala bezain ez-ohikoa da herri honen gatazka agertzen duzun modua.
Azken urteetan izugarri areagotu zait giza-faktorearen presentzia gatazka politikoak ulertzeko orduan. Hitz egiten dut ideologiaz ere, aurrera eraman beharreko gizarte proiektuez, baina jendea galtzeak sortutako zauriari ezin diot alde egin. Liburuan argi eta garbi markatzen da zer tradiziotatik datorren pertsonaia, non jaiotzen den, ze urtetan, urte horretan zer gertatzen den, baina gero pertsonaia hori erabakiak hartzen hasten da. Ikusten du Lasa eta Zabalaren gorpuak ekartzen dituztela Hondarribiko aireportura, bere buruari galderak egiten dizkio, bonbak jartzen dituzte, jendea hiltzen da, eta zerbaiten kontzientzia hartzen du. Beranduago jabetzen da, katramila horren erdian marra asko egon arren, berari marren alde batean edo bestean egotea egokitu zaiola, hautu kontziente eta inkontzienteengatik. Aurrera joan ahala, bere burua kartzelara joateko arriskuan ikusten du, gau batzuetan izua pasatzen du, bere lagunak espetxera eta sasira agurtzen ditu, eta horrek hautu kontzientetik giza-faktorerako aldaketara darama. Testuinguru horretan zaila da ideologiaz eta eztabaidez modu teorikoan aritzea, eta liburuan horregatik esaten dut pertsonez hitz egin nahiko nukeela, baina herri honetan oso zaila dela pertsonez mintzo garenean politikaz ere ez hitz egitea.
Zuretzat politika gatazka baino zerbait gehiago ez ote den...
Oso liburu politikoa da Bulkada zentzu horretan. Bizitzeko modu batez mintzo da, askatasun pertsonalaren kontraesanez, besteari eragiteko moduez, lanaz, diru beharraz... Erabaki asko dago poemotan, eta deliberoez ari garen heinean politikaz ari gara, nahiz eta askotan politikaren zentzua legebiltzar eta gatazkara murrizten dugun. Niretzat, egunean-egunean garena aurrera eramateko hartzen ditugun erabakien batuketa da politika: harreman eredua planteatzea, zure bizimodua zehaztea, lan-harremanak aukeratzea, edo balore batzuk zeure egin eta horiekin kontsekuentea izatea ez dago udalbatzarretan, legebiltzarrean edo alderdi politikoetan, baina politika da. Horregatik daukat politika oso positibotzat.
Eta familia?
Proiektu komun bat aurrera ateratzeko grina ote da familia batzen duen indar ezkutu hori? Seme-alabak egoki hezteak, egunerokoan ahalik eta arazo gutxien izateak, hil artean ahal bezain zoriontsu izateko orekari eusteak batzen du familia, nahiz eta bertako kideen artean mundu ikuskera zeharo ezberdinak egon. Era berean, familia barruko ezinikusiak itzelak izaten dira. Oso estamentu konplexua da. Batetik, emanda datorkizu, ez duzu aukeratzen, eta bestetik, ez dakizu zure proiektu berriak familia kide horiekin aitzina eramaten ahalko dituzun ala ez. Oso gai korapilatsua da, hein batean seme-alabek aurrera egiteko metaforikoki gurasoak hil behar dituztelako. Horregatik diot amari buruzko poeman, beregandik alde egin behar dudala berarekin berriz aurkitzeko, zilborrestea apurtu behar dudala harreman egokia mantendu ahal izateko. Gatazka da beste koordenada batzuetan harmoniazko harreman bat eraikitzeko lehen pausoa. Esaterako, nire ama hizkuntza euskara da, aitarena gaztelania, eta familia bat osatzen baldin badugu, nola artikulatzen ditugu elkarrekin komunikatzeko hizkuntzak? Nola egiten dugu biok bat? Horrek talka sortzen du gure artean, izan nahiko genukeenaren artean, eta nahi eta nahiez gure nortasuna moldatzen du.
Terapeutikoak dira hitzak?
Korapiloei hitzak jartzea ariketa ezinbestekoa da niretzat. Zentzu horretan, izugarri gustatzen zait Annie Ernaux. Sentimenduez edo abortua bezalako gaiez ari denean ere, zehatz eta sinple idazten du, eta liburua idazten ari nintzela inbidia sentitzen nuen, nik ere kontatu nahi nituelako bizi nituen une nahasiak ahal bezain sinple eta ahalik eta ñabardura gutxien galduta. Ariketa horrek asko laguntzen du gertatzen dena ulertzen, zuk hori nola bizi duzun konprenitzen, edo zu gertaera horiez nola jabetzen zaren ohartzen. Hitzak errealitatearen errautsak dira, funtsean. Egia da ñabardura asko, detaile asko, galdu daitezkeela hitzetan, ezin adierazi ahal dituzulako edo ez duzulako asmatzen, baina besteei gurea adierazteko daukagun tresnak dira, eta behartuta gaude ahal bezainbat zorroztera esan nahi duguna ahalik eta modu zehatz, zuzen, eta osoenean esateko.
Zertarako hartu hainbeste lan korapiloak askatzen, “egunen batean garai hauek ere irrigarri eta friboloak irudituko bazaizkigu”?
Haurtzarora edo nerabezarora begiratzen dudanean, eskolako gorabeherez pentsatzen hasten naiz, eta ohartzen naiz hurrengo egunik ez zela egongo iruditzen zitzaidala batzuetan. Baina gertatutakoei perspektiba historiko apur batekin erreparatuz gero, jabetzen naiz mila arazo larriagotatik atera naizela gerora, eta horrek laguntzen dit gauzei neurria hartzen. Orain badakit hau gertatzen ari dela, baina era berean kontziente naiz egun edo hilabete edo urte batzuk pasata urak bere onera etorriko direla eta giltzurruneko harria txikitzen doan bezala hori ere xehetzen joango dela, iraganeko gertakari bat gehiago bihurtu eta desagertu arte egunen eta urteen joanean. Nire duda da, gaur hain garrantzitsuak iruditzen zaizkigun kontuak bihar ez ote diren txikikeria edo iraganeko kontu ahazkorrak izango. Ez ote ditugun gogoratuko soilik nobelak idazteko. Eta ez dakit hori ona edo txarra den.
Ez da duda txarrena datorrenari heltzeko.
Nik ere garai defentsibo batetik aurrera egiteko garai batera pasatzen ari naizen sentsazioa daukat, eta zorionez, sentsazio horrek sentimendu kolektibo batekin bat egiten duelakoan nago. Aurrerapausoak emateko gogoa daukat, egiten dudana modu ziurragoan egiteko grina, eta ez idazterako orduan bakarrik, baita eguneroko bizitzan ere. Ziurtasunez, erabakimenez, konbentzimenduz eta zer nahi dudan jakinez ibiltzeko borondate eta prestutasunari eutsi nahi diot. Mapa eta iparrorratza mahai gainean dauzkat, eta beste batzuetan iparrorratzik eta maparik gabe mugitu banaiz ere, orain badauzkat, eta nire helburuetara heltzeko erabakimena dut.
1981eko maiatzaren 24an sortu zen Zarauzko Azken Portun. Historian lizentziatua, medio askotako kolaboratzailea, Vladimir-en txertoak areagotu zion literaturaren sukarra. 2001-ean argitaratu zuen Aingurak Erreketan (Susa) bere lehen poema liburua, eta Bulkadarekin (Susa) itzuli berri da.
“Eslogan eta kanpainetako lelo guztiak baino eraginkorragoa iruditzen zait eguneroko lanaren mekanika. Beti bizi izan naiz nire ideologia eta bizi-baloreekin bat ez zetozen alderdiek gobernatzen zituzten udalerrietan eta, ez dakit horregatik-edo, oso mesfidatia izan naiz erakundeekin. Dena den, jabetzen naiz duten indarraz, eta horregatik diot politikaren erronka nagusia politikariak herritarren benetako ordezkariak izatean datzala, eta horretarako herritarrari entzun egin behar zaiola, bere kezkak aintzat hartu, irtenbideen parte sentiarazi. Horixe da azken urte luzeetan politikari eta mugimendu sozial zenbaitek egin ez dutena, eta horregatik iruditzen zait ezinbestekoa elkarrizketa hori berreskuratzea. Politikak ere 2.0 izan behar du, izango bada”.
Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]
Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.
EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".
Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]
EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.
----------------------------------------------------
Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]
Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]
Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]
Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]
Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]
Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.
"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.
Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]
Amparo Viñualesek, Erronkariko alkateak, salatu du Erronkariko, Burgiko, Gardeko eta Bidankozeko kontsultategiek arreta txikitu beharko dutenez prebentzioan eragingo duela.
Berriozarren (Nafarroa) egingo da Gazteon eskutik lelopean, antolakundearen ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin. Topagunea "ekimen soil bat" baino gehiago dela aldarrikatu dute: "Euskal Herriko txoko... [+]