Harresi atzeko ahotsa

  • Irakeko inbasioak zortzi urte beteko ditu udaberri honetan. Washingtonek bere azken tropak urte amaieran erretiratuko dituela iragarri du. Diotenez, segurtasuna hobetu du eta demokrazia bidean da arabiar herrialdea. Berta-bertatik, baina, oso desberdina da ikuspegia.

irak
Karlos Zurutuza

“Zortzi urte pasa dira inbasiotik baina nekez ikusi dugu aldaketarik gurean”. Bagdadeko Tahrir plazan bildu diren milaka lagun haserre daude. Tunisiako matxinada piztu zenetik, ia egunero atera dira irakiarrak manifestaziotan; Turkiako mugako Zaho herri kurdutik, Pertsiar golkoan dagoen Basoraraino.

Helburua, baina, ez da 20, 30 edo 40 urte boterean eman dituen tirano bat kanporatzea. Ugariak bezain oinarrizkoak dira egungo irakiarren eskaerak: “Askotan hiru orduz baino ez dut argindarra etxean eta, batzuetan, bat ere ez”, dio Hamidek. Morthadaren kezka nagusia, aldiz, ura da. Iturrikoa ez da edangarria eta berea bezalako familia txiroek ezin dute botilakoa eskuratu.

“Begira gure inguruko eraikinetako lehergailu eta bala zuloei. Bagdadeko erdigunearen itxurari erreparatuta, pentsa liteke gerra atzo bertan amaitu zela”; Fatimak arrazoi du. Bagdadeko erdiguneko hainbat kalek 80ko hamarkadako Beirut ekartzen digute gogora. Ez al zituen Irakek munduko petrolio erreserba handienetakoak? Non dago diru hori guztia?

Tigris ibaiaren mendebaldeko ertzean “gune berde”a dago, herrialdeko agintarien gotorlekua. Porlanezko murru horien babesean, besteak beste, irakiar parlamentua eta ministerioak daude, baita AEBek munduan duten enbaxadarik handiena ere.

“Ustelkeria Irakeko arazo nagusi bilakatu da egun, terrorismoaren aurretik”, dio Leyla Hassan-ek. Parlamentario kurdu honen ustetan, egungo matxinadek tropak aurten erretiratzeko Obamaren plana aldaraz dezakete.

“Jakina ustelkeria arazo larria dela, baina herriak bere osotasunean ulertu beharko luke arazo hau. Diru gehiena azpi-kontratazioetan galtzen da, baina horiek eskuratzen dituzten enpresak politikari nagusienak dira maiz. Gauzak horrela, arazoa ukitze hutsak gobernu krisia eragin lezake, ia berehala”, dio Parlamentuko bozeramailearen laguntzaile Galal Lawranik.

Kazetari independentea den Hadi Jalu-k ikuspegi zabalagoa dauka: “Gobernua ustelkeriaren erruduna eta onuradun nagusia bada, herria konplizea da. Gobernuko edozein bulegora zoazela ere, beti irudi bera topatuko duzu: gizon bat bere mahaian eserita telebista erraldoi bat aurrean duela; inguruan, beste hiruzpalau, tea edaten eta zigarroak erretzen. Horiek denak Gobernuaren soldatapeko langileak dira. Iraken hiru milioi funtzionario daude: poliziak, soldaduak, administrazioko langileak… Urteko aurrekontuaren %75a beraiei ordaintzeko bideratzen da eta, hala ere, Irak oso aberatsa da. Hein batean, Gobernuak herria erosi egin du lapurretan jarraitu ahal izateko”. Horrelako baieztapen ausartek Hadi Jaluren lantokia txikitzea eragin zuten joan zen otsailean. Horixe Gobernuaren berehalako erantzuna.

“Al-Kaeda guk gainditu dugu!”

Estatubatuarrek diotenez, atentatuak eta eraso odoltsuak nabarmen jaitsi dira azken 18 hilabeteotan. Halakoetan errealitatea eta gerra-propaganda bereiztea zaila izan arren, baliteke egia izatea.

Irak mendebaldeko Anbar eskualdea matxinatu sunien nahiz al-Kaedaren gotorlekua izan zen urtetan. Ramadi, Tikrit edota Faluja izenek zirrara sortu ohi zuten inbaditzaileen belarrietan. Faluja izan zen, hain juxtu, amerikarren erasorik bortitzena jaso zuena, 2004ko azaroan. Washingtonen arabera, “integristen gotorlekua” zen. Mendez “200 meskiten hiria” izenaz ezaguna zena, Irakeko “Gernika” bilakatu zen bat-batean. “Erregimenaren jarraitzaile sutsuak ginela zioten, baina gurea zen Saddamen estatua bakar bat ere ez zuen hiria”, dio Mohanned Abdulbakkerrek, 29 urteko ingeniari falujarrak.

Bagdad ez dutela berreraiki agerikoa da, baina Falujan hondakin asko jasotzeke daude oraindik eta are krudelagoak dira hondamendiaren lekuko mutuak. Arropa denda bat zenaren arrastoen artean, manikiak ikus daitezke. Besoak, hankak edo burua galdu dituzte; duela zazpi urte hemen bizi izan zenaren metafora garbia bezain gordina.

“Falujan oso une gogorrak igaro ditugu, baina apenas izan dira erasoak azken bi urteotan. Bagdaden ez bezala, hiri barneko ejertzitoko kontrol postuak desagertu dira”, dio bertako polizia buru Mahmud al-Issawik.

Baina irakiar polizia eta ejertzitoa ez dira, inondik ere, Anbar eskualdeko segurtasuna bermatu dutenak. Ezin Bagdadera bueltatu al-Sahwa (“esnatzea”, arabieraz) taldeko ordezkariak elkarrizketatu gabe. Matxinatu suni hauek estatubatuarren kontra borrokatu zuten hasieran, baina bat egin zuten inbaditzaileekin gero. Al-Kaeda alde bien etsai komuna bilakatu zen.

Askotan traidoretzat jo dituzte al-Sahwako kideak. Beraiek, jakina, beste ikuspegi bat daukate. Mugimendu honen bultzatzaileetako bat izan zen Talib al-Hasnawi jauna. Honela gogoratu du tribu buruzagiak hasieran ezinezkoa zirudien Washingtonekin egindako aliantza: “Amerikarrek Irak inbaditu zutenean edonorekin batzeko prest geunden euren kontra borrokatzeko. Al-Kaeda gure alde borrokatzeko prest agertu zen eta hala egin zuen gerraren lehenbiziko bi urteetan. Baina gero gureak ere akabatzen hasi ziren jihadistak; irakasleak, ordezkari politikoak, tribu buruzagiak… Nik 23 lehengusu galdu nituen haien eskuetan. Arazoa zera zen, Islamaren ikuspegi ezberdinak genituela. Guk ez genituen Erdi Aroko garaiak berrezarri nahi hemen, Anbarren”, dio al-Hasnawik, durbante gorria buruan eta urre hariz jositako txilaba beltza soinean.

“2005ean elkartu ginen lehen aldiz amerikarrekin. Ammanen (Jordania) izan zen. Armak eta entrenamenduaren truke al-Kaedaren aurka borrokatuko ginela esan genien. Hasieran ez ziren fio, baina denborak arrazoia eman zigun. Guk gainditu dugu al-Kaeda, ez amerikarrek”, dio al-Sahwako bultzatzaile ere den Rafe Mishinek. Dioenez, bere lau anaia akabatu zituen al-Kaedak.

“Gaur egun amerikarrek ez didate beldurrik ematen, bai ordea irandarrek. Gero eta handiagoa da euren presentzia herrialdean, beti gehiengoa diren xiitei laguntza ematen. Xiiten eta sunien arteko gerra zibila piztu liteke etorkizun hurbilean”, beldur da Mishin.
Saddamen gainbeheraz geroztik, Irakeko suniek eurenganako diskriminazioa salatu dute maiz. Nekez aurki daiteke euretakorik, ejertzitoan, segurtasun indarretan edota administrazioko goi karguetan, besteak beste.

Teheranen itzala

Arabiar xiiten portzentajea handitzen doa hegoalderantz jaitsi heinean. Basoran, hain juxtu, %90era igotzen da Islamaren sekta honen jarraitzaileen kopurua.

Irakeko bigarren hiria den Basorak herrialdeko petrolio erreserba handienak ditu; bestetik, bere kokapen geografikoa garrantzitsua da, Kuwait eta Irango mugen artean, Irakeko kostalde txikian. Azken urteotako gerrek eta petrolioaren ustiaketa basatiak porrot ekologikoa eragin dute bertan. Airea eta itsasoa, lurra, bertan bat egiten duten Tigris eta Eufrates ibaiak… Dena kutsatuta, hilda dago Irak hegoaldeko mutur honetan.

Iranen kontrako gerra zortzi urtez luzatu arren (1980-88), badirudi gauzak nabarmen aldatu direla. Ez da harritzekoa, beraz, Irani soilik eskainitako “nazioarteko” merkatal erakustaldi batekin topo egitea. “Iran eta Iraken arteko harremana ezin hobea da gaur”, dio bertan Irango kontsula den Mohamed Baghbanek. Egia ala ez, hidrokarburoez besteko produktuen merkatu nagusi bilakatu da Irak Iranentzat. Bizilagunari falta zaizkion ia produktu guztiak saltzen dizkio Teheranek, bai eta herrialde arabiarrak falta ez dituenak ere.

“Berebiziko barazkiak eta fruituak genituen hemen, Tigris eta Eufrates ertzetako lurretan. Egun, Irandik ekartzen da dena, izoztuta.

Produktu oso merkeak dira eta guk ezin dugu lehiatu haien kontra. Ondorioz, mendez hezeak eta emankorrak izandako lurrak, idor eta abandonaturik daude egun”, kexu da Abdulsattar Hafiz. 50 urteko gizon honek bere arbasoek mendetan landutako lurrak utzi behar izan zituen duela bi urte. Besterik ezean, errepideak asfaltatzen aritzen da gaur.

Eta nekazaritzarekin gertatu bezala, Iraken ekoiztutako gainontzeko guztiak ere jai du bizilagunaren konpetentziaren aurrean. Hala, porlan eta adreiluen fabrikak dira Iraken oraindik funtzionatzen duten bakarrak.

Kezkagarria izan arren, produktu ororen inportazioa baino arazo larriagoak ikusten ditu Amirrek. 25 urte zituela alde egin zuen Iraketik, Iranen kontrako gerran borrokatu behar ez izateko. 55 urterekin bueltatu da bere jaioterrira, oporretan. Etsita dago: “Urte gogorrak izan arren, Basoran erraz atera nintekeen lehen nire emaztearekin afaltzera, dantza egitera, garagardo bat edatera… Orain, pentsaezina da horrelakorik. Gobernua Islam xiitaren bertsio erradikala ezartzen ari da eta norbanakoen askatasunak gero eta murritzagoak dira”, kexu da Suedian bizi den irakiarra.

Bahaa al-Kalafi, Irakiar Nazio Batasuneko alderdiaren Basorako buruzagia, bat dator. 1991n klandestinitatean ezarritako alderdiak, erlijio eta Estatuaren arteko banaketa du ardatz nagusi. Dirudienez, gero eta erronka handiagoa bilakatzen ari da hori: “Ba al zenekien Irango enbaxadoreak hautes-ikastetxeak bisitatu zituela joan zen urteko hauteskundeetan? Hori debekatuta dago munduko edozein herrialdetan, baina hemen inolako arazorik gabe egiten da”, dio al-Kalafik.

Buruzagi politikoaren arabera, Irango eragina politika eta kultur arloetatik harago joan daiteke: “Xiiten eta sunien arteko tentsioak elikatu nahi ditu Teheranek. Horretarako talde armatuak entrenatu eta hornitzen ditu, Iraken eraso dezaten. Hemendik kilometro eskasera dagoen muga ia irekita dago eta miliziarrek ez dute inolako oztoporik aurkitzen aldetik aldera mugitzeko”.

Izan zitekeenaz nostalgia

Bagdadeko Tahrir plazan, azken asteotako ohiko irudiarekin egiten dugu topo. Ostiral eta larunbatero (musulmanen asteburua), erraz bil litezke mila lagunetik gora. Abdulgaith al-Hassan dugu manifestariekin bat egin duen apaizetako bat: “Amerikarren okupazioaren ostean, irandarrena datorkigu orain. Horrek ere biziki kezkatzen gaitu”, dio klerikoak, aldi berean gogoratuz denon etorkizuna “Alaren eskuetan baino ez dagoela”.

Abdul Jabar gazte langabetuak, ordea, iraganari begiratu dio maiz azken asteotan. “Tunisian eta Egipton herriak bat egin eta tiranoak kanporatu ditu. Eta gauza bera egin izan bagenu guk Saddamekin? Pentsa nolako sufrimendua saihestu genezakeen…”.

Kirkuk, irakiarren arantza nagusia

Kirkuk Irakeko laugarren hiria da eta herrialdeko petrolio erreserba handienetakoak ditu.

1980ko hamarkadan, Saddamen erregimenak hamar milaka kurdu, turkmeno eta asiriar biztanle kanporatu eta beste hainbeste arabiar eraman zituen horien ordez. “Ekarritako” gehienak Irak hegoaldeko xiita txiroak ziren. Baath alderdiak nazio zuzenketatzat hartu zuena, arabiartze prozesu hutsa izan zen beste askoren begietan.

Baina Saddamen gainbeheraz geroztik alderantzizko prozesua hasi da, eta kanporatutakoek etxerako bidea hartu dute. Egun Kirkukeko populazio errolda egiteke dago oraindik eta ezinezkoa da, beraz, hiri honen estatusa erabakiko duen erreferenduma burutzea. Kontsulta inoiz egitekotan, hiru aukeren artean bozkatuko da: Kirkukek Bagdaden kontrolpean jarraitzea, eskualde autonomo gisa eratzea edo Kurdistangoan sartzea. Arabiarrek ez ezik, bertako turkiar jatorriko populazioak –Kirkukeko hirugarren taldea kopuruz– ez luke begi onez ikusiko Kurdistango Eskualde Autonomoan integratzea.

Okupazioaren kontrako borrokalaririk sutsuena ote?

Gobernuan posiziorik ez duen arren, Irakeko buruzagirik handienetakoa da Moqtada al-Sadr. Aiatolah baten semea den al-Sadr-ek ospea jaso zuen 2004an, estatubatuarren kontrako matxinadari ekin zionean.

Babes handiena Bagdadeko Sadr City auzo txiroan eskuratu ohi du al-Sadr-ek historikoki. Bertakoak ziren, hain zuzen, berak bultzatutako Mahdi talde armatuko kide asko. Gerlariok oposizio bortitza egin zieten amerikarrei gerraren lehenbiziko bost urteetan. Baina Kerbala hirian berebiziko erasoa jasan ostean, al Sadr-ek armak uztea eskatu zien 2008ko abuztuan.

2010eko hauteskunde orokorretan, “amerikar inbaditzaileen kontrako bozka” eskatu zien al-Sadr-ek irakiarrei. Sadr alderdiak 40 eserleku lortu zituen Parlamentuan, Irakeko alderdi “bisagra” bilakatuz. Nuri al-Malikiren zerrenda bigarrena izan arren, Sadr alderdiarekin egindako koalizioari esker lortu zuen boterean mantentzea egun lehen ministroa den al-Maliki-k.

Aurtengo urtarrilean, Moqtada al Sadr-ek diskurtsoa eman zuen Najaf hirian eta han AEB eta Israel “Irakeko etsaitzat jo zituen. Naomi Klein analista estatubatuarrak dio Moqtada al-Sadr amerikarrek Iraken duten etsairik handiena dela. Hainbat adituren ustetan, Iranen ustezko esku sartzearen eragile nagusia ere bada egun 38 urte dituen buruzagi xiita. Al-Sadr Iranen dago egun, 2008an hasitako aiatolah izateko ikasketak egiten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-03-30
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


2021-09-21 | Axier Lopez
Irailaren 11ko legatua: Yes we drone

2001eko urrian, irailaren 11n World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu eta hilabetera, Amerikako Estatu Batuetako Aire Armadako pilotu batek historia egin zuen: drone moderno batekin (The Predator) eraso hilgarria egin zuen lehen pertsona izan zen. Ordutik, droneak XXI... [+]


Basamortuko ekaitzerako aterki mediatikoa

Persiako Golkoa, 1991ko otsailaren 28a. Golkoko Lehen Gerra amaitu zen, AEBak buru zuen koalizioaren garaipenarekin. Gerra hartan komunikabideak arma estrategiko bihurtu ziren, "gerra garbiaren" kontzeptu berria indartzeko eta iritzi publikoak erasoei zilegitasuna eman... [+]


Mosul digitalki berregin dute

Google Arts & Culture plataformak, The Art & Soul of Mosul izeneko ekimenaren bidez, hiri hartako ondarea digitalki berregin du eta hiru dimentsiotako ereduak eskaintzen ditu azken urteotako gerran galdutakoa bisitatzeko.


2020-07-28 | ARGIA
Hiru manifestari hil ditu Irakeko poliziak, zerbitzu publikoaren aldeko manifestazioetan

Uztail bukaera honetan Bagdadeko Tahrir plazan errepikatzen dabiltzan manifestazioetan gertatu dira ezbeharrak. Aurreko gobernuak bideratu errepresio bortitzaren tonua dute hilketa hauek.

 


2020-05-25 | ARGIA
Irakeko protestetan ia 500 hildako eta 120 bahitu zenbatu ditu NBEk

2019ko urritik 2020ko martxoaren 21era 490 hildako, 7.793 zauritu eta 123 bahiketa egon direla salatu du NBEk. 2019ko urrian hasi ziren protestak Iraken, gobernuaren dimisioa, parlamentuaren desegitea eta sistema politikoaren erreforma helburu. Lehen ministro ohiaren dimisioaren... [+]


2020-04-07 | ARGIA
Iraken epidemia zabaltzen bada, herrialdeak ezingo dio aurre egin

Jasan dituen gerren ondorioz, Irakeko osasun sistema jota dago eta koronabirusaren epidemia bati ezingo lioke aurre egin. Hala ohartarazi dute agintariek.


2020-01-08 | ARGIA
Iranek AEBen bi baseri misilekin eraso die, Soleimaniren hilketari erantzunez

Irango Goardia Iraultzaileak dozena bat misil jaurti ditu Iraken AEBek dauzkaten bi baseren kontra. AEBetako agintariek berretsi dute erasoa izan dela eta Irango atzerri ministro Javad Sarifek esan du bere herrialdearen "autodefentsa neurri gisa" eginak izan direla... [+]


AEBek Iranen aurka hasitako gerra gaitzetsi dute dozenaka hiriburu estatubatuarretan

Deialdia "Ekialde Hurbileko gerra berri baten aurka eta AEBetako indar militarrak ateratzearen alde" egin zela azaldu dute antolatzaileek.


AEBek Irango Soleimani liderra erail dute Bagdaden misilez

Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa sailetik jakinarazi dute erasoak Iranen etorkizuneko planak "gutxiestea" zuela helburu.


Irakeko matxinada odoltsua haserrealdi globalaren eta Iran-AEB gerraren artean

Enbata zakar baten gisa hedatu da munduan zehar protesta-haizea 2019an. Gobernu eta eredu sozio-ekonomiko oso ezberdinetako herrialdeetako kaleak sutu dituzten matxinadok 1848ko eta 1968ko matxinada sail salbuespenezkoekin alderatu ditu zenbait adituk. Nola interpretatu horien... [+]


Eguneraketa berriak daude