argia.eus
INPRIMATU
Teknologia berriak eta bakea, balia dezagun unea
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 07a

Euskarazko hedabide ez publikoek inoiz egin dugun ahalegin bateratu esanguratsuenaren aurrean gaude. Ekimenean bildutakook –ia ehun hedabide– bagara nor, bai kopurutan (audientzia, langile kopurua...) bai sinbolikoki. Eta aintzat hartzeko moduko oihua luzatu dugu. Egoera larriak akuilatutako bilgunea da, eskaera xume, logiko eta zentzuzkoak dituena. Martxoan bukatu nahi da herri erakunde eta alderdiekin egiten ari garen elkarrizketa erronda. Ondoren, euskal administrazioek sektoreari nola erantzuten dioten ikusi beharko da.

Dagoeneko Gipuzkoako Diputazioak agertu du irtenbide partekatuak bilatzeko borondatea. EAEn, esaterako, HAKOBAren (Eusko Jaurlaritza, diputazioak eta udalak) baitan edo honen gerizpean antola daiteke gaiari adarretatik helduko dion lan taldea. Diru-laguntza publikoak eta publizitate instituzionalean daude une honetako erronka zehatzak. Hauek bideratuz gero, aurrera begira ere seguruenik izango dugu zertaz hitz egin, bai hedabideon artean bai administrazioekin. Besteak beste, sektoreak bere burua antolatzeko urratsak eman beharko ditu. Baina denbora denborari.

Euskarazko hedabideok azken hiru hamarkadetan erraldoien urratsak eman ditugu. Ez dezagun ahalegin hori urtzen utzi. Alderantziz, Internetek eta teknologia berriek etorkizunari inoizko zukurik goxoena ateratzeko aukeran jartzen gaituzte. Gure herrian zabaltzen ari den egoera berriak ere bai. Balia dezagun unea.

Xabier Letona