"Gizarte zibilak asmatu duenak gizarte zibilaren eskuetan iraun behar du"

  • 1976, Gasteiz, Abetxuko langile auzo peto-petoa, etorkinentzat berariaz egina. Inguruko lantegiak beste perspektibarik ez zuten gaztetxoek antzerki lana erakutsi zuten behin, eta gustatu, eta behin eta berriz eta askotan erakutsi zuten gero, harik eta antzerkia egin zuten arte bizibide. Antzerki lana Gasteizko gizarte zibilaren ekimen bihurtua dute hogeita hamar urte baino gehiago igaro direnean.

Pilar Lopez
Pilar LopezDani Blanco

Zenbat urte antzerkigintzan?

Konpainia 1976an sortu zen, 2011n gaude, beraz, 35 urte konpainian. Lehen biak izan ezik, gainerakoak, profesional. Bizialdi osoa, esaterako, oso gazterik hasi ginen-eta. Nik 14 urte nituen, atera kontuak. Gure auzoan, Abetxukon, bazen bat, Ubaldo Fernandez, istorio bat idazten hasi zena: Eterno paraíso sin igual (Parerik gabeko paradisu betierekoa) jarri zion izena, Manolo Escobarren kantu baten lelo ezaguna baliaturik. Istorioak langile-auzo batean –Abetxukon bertan, esaterako– gertatzen zena azaldu nahi zuen, 14 urteko neska-mutilek geroa eraikitzeko zituzten zailtasunak erakutsi, garai latzak baitziren, eta gaztetxo haiek orduko OHO edo derrigorrezko irakaskuntza bukatu eta lanean hasi beharra zeukaten. Antzezlan hark, berriz, bestelako biderik ere bazegoela esan nahi zuen. Ez dira Moisesen garaiko kontuak, guk bizi izan ditugunak baizik. Sasoi hartan, auzoan, familia batzuk seme-alabek ikas zezaten ahaleginak egiten ari ziren, beste batzuek, aldiz, 14 urteko gazteen lan-saria behar zuten aurrera egiteko. Eta, horretan, antzerki taldea sortu zen, auzoko antzerkia. Izen horixe du, gainera, auzokoa. Bada autore bat, Jeronimo Lopez Mozo, antzerki mota horretaz idatzi zuena, eta halaxe izendatu zuen: “Auzoetako antzerkia eta nekazarien antzerkia”, eta Abetxukoko esperientzia hura aipatzen du: herri-antzerkitzat definitzen du, antzerki sozialtzat, lekuan lekuko bizimoduaren ispilu izan nahi duena, lekuko jendearen baitako kontzientziak astindu. Auzo batetik bestera ibili ginen Gasteizen. Pilarrera, Txagorritxura eta gainerako elizetara.

Zein bide egin zenuen harrezkero, zein bide egin zuen antzerki talde hark?

Batera datoz biak. 18 urte bete nituenean, eta hor nonbait gainerako taldekideek, hiru-lau urteko eskarmentua genuen, auzoko antzerkia garatuta zegoen, hainbat sari jasoa zegoen han eta hemen, eta, orduan, taldeko partaideok antzerkia lanbidetzat hartzea erabaki genuen. Ozarkeria galanta, ez baikenuen formaziorik, ez erreferenterik, ez deus, Denok izan ezik, Gasteizko talde profesional sortu berria. Bizi honetan zer egin erabaki behar genuen garaia iritsi zitzaigun, eta antzerkia egin nahi genuela erabaki genuen. Zoria lagun izan genuen, eskolan, gizarte langileak eta irakasleak bertako neska-mutilentzako aisialdi ekintzak prestatzen hasi baitziren, eta, besteak beste, adierazteko zailtasunak zituzten haurrei adierazpide egokiak bilatzeko saioak egiten. Eta adierazpen tailerra egitea proposatu ziguten, haurrentzat, Abetxukon. Adinen arabera, txikienetik handienera, hiru talde osatu genituen. Bada, garai hark burdinetan bezala markatu gintuen, antzerkian modu profesionalean lan egiteko, haur eta gazteentzako antzerkigintzan. Helduentzako lan egitea erabaki genezakeen, baina haurrentzakoa hartu genuen eta aurrera. Batzuetan arte minorra dela ematen du, besterik egiteko gai ez direnek egiten dutena, baina ez da horrela. Geure gogoz hartu genuen erabakia, eta ikasten hasi ginen, aktore, interprete, zuzendari… ez ezik, baita antzerki pedagogiaren arloan geure buruak prestatzen ere.

Nola?

Bi irakasle handi izan genituen. Bata, antzerki irakaslea, Migel Garrido –hil zen–, Alemaniatik Gasteiza Denok-ekin lan egitera etorri zena. Hark markatu du gure lana, clown-aren bidean, eta zehaztasunean. Zehaztasunik gabe ez ginatekeen honaino helduko: ahaleginik eta lanik gabe ez dago ezer, ez antzerkian ez beste inon. Irakasle hari ikasita, emanaldiak egiten ari ez garenean ere entseguak egiten ari gara, ikuskaria materia bizia baita, mugitzen da, itxuraldatzen. Haurra zaintzen den moduan, etengabeko zaintzak behar ditu ikuskariak. Migel Garrido maisuarengandik jasotako ondarea dugu hori. Beste irakasle bat ere izan genuen, kanadarra, Gisele Barret gaur egun Pariseko Sorbonan da irakasle. Adierazpenaren pedagogia lantzen zuen, eta horrek ere zeharo markatu gintuen bidean. Hasieran denok egiten genuen dena, baina 1983an, batzuek interpretazioaren aldetik gehiago sakondu nahi zutela erabaki zuten, eta beste batzuek, aldiz, pedagogiaren alderdia.

Bereizi egin zen konpainia?

Ez, taldea bereizi gabe, ontzat hartu genuen nork bere bidean sakontzea, bere nahiaren arabera. Orduantxe utzi nion nik aktoresa lanari, agertokira igotzeari. Jendeak eta agertokiak ez duela askorik galtzen pentsatu nuen, jende gaituagoa bazegoela. Aldiz, adierazpenaren pedagogian aurrera egin nezakeela sentitu nuen, alde horretatik egin nezakeela ekarria, eskolaren eta antzerkiaren arteko harremanak landuz, eta familiekin ere lanean.

Hogeita hamar urte hauetan, zein gorabehera nagusi duzu akorduan?

1993a oso urte latza izan zen, esaterako. Taldean ari zen zenbait lagunek hura uztea erabaki zuten, bestelako proiektu batzuk lantzeko asmotan. Ekonomia krisia da oraingoa, eta ekonomia krisia zen ordukoa ere, oso garai latza. Bartzelonako olinpiadak igarota, Sevillako Expo-a ere igarota… kulturaren dirua gertakari handietara sartu zen, eta pot egin genuen gero. Hutsaren garaia izan zen. Hondoa jo genuen. Krisiak, ohi duenez, hazten lagundu zigun, jendearekiko harremanetan oinarritutako lanak egiten hastea erabaki genuen, Gasteizko Udalarekin hitz eginez, eskari soil baten inguruan: “Ez dugu dirurik nahi, ez dugu ezer nahi, ez bada Bernat Etxepare antzokia irekitzen uztea, irakasleekin lan egiten uztea, eta hirian dagoen eskariari erantzutea, uste baitugu eskaria badagoela, baina gisako eskaintzarik ez. Esperientzia egiten uzteko eskatzen dizuegu, ez besterik”. Eta Udalak onartu, eta egin genuen lehen esperientzia, eta sekulako arrakasta. Handik atzera, proiektua garatzeko gai ikusi genuen geure burua, eta Udalarekiko harreman etengabean sartu ginen. Eta ez da gehiegikeria esatea Espainiako Estatuan parekotasunik ez duela.

Antzerki programazioaz ari zara…

Programazioa baino areago da, filosofia. Ez da emanaldi programazio hutsa. Programazioaren inguruko jarduera mordoa egiten dugu, “Ikusle izateko artea”, besteak beste. Ikuslearen formazioa sakontzea du asmo, tarte eder bat igarotzea ez ezik, arrastoa utz dezan nahi dugu, artea gauza garrantzizkoa dela uste dugulako. Maiz, Gasteizko ereduari buruz hitz egiteko deitzen didate handik eta hemendik. Bai, leku askotan hots egiten diete erakundeek eragile pribatuei, halako eta halako emanaldi eta abarrak antolatzeko, baina gutxitan gertatzen da eragile publikoak eta pribatuak bat egitea helburu komun baten faboretan. Gure konpainia enpresa pribatua da, horretara behartu gaituzte –Frantzian bagina, kultur elkartea ginateke, seguruenera–, baina zerbitzu publikoa eskaintzen dugu. Lan publikoa egiten dugu, haurrek arte eszenikoekin harremana izan dezatela delako gure helburua. Herri erakundeei dagokie helburu hori betetzea, haurren eskubidea delako, elkarbizitza markoa zedarritzen duten dokumentuetan –izan konstituzioak, izan gainerako legeak– horrela jasota ageri delako. Udalaren ardura da, besteak beste, haurrek irakurtzen eta idazten ikas dezaten, arte eta kulturaren atea jotzeko eskubidea gauza dezaten. Gure ardura da, berriz, erakundeekin kolaboratzea, helburu horiek bete daitezen. Horretan ari gara, Udalaren eta gure konpainiaren arteko harreman sendoaren bitartez: eskola-programazioa egiten dugu Bernat Etxepare antzokian, eta Antzoki Zaharrean egiten den familia-antzerkiarekin konbinatzen dugu; gainera, tamaina txikiko antzerkia ere egiten dugu, eta txikienentzako beste espazio bat, Txoroleku izenekoa. Honetaz Paraiso antzerki taldea arduratuko da; horretaz, Udaleko Kultur zinegotzia; hartaz, antzoki-sareko arduraduna… Nork lanaren bere partea egiten du haur nahiz gazteek eta arte eszenikoek bat egin dezaten. Binaka lan egite hau ez da erraza, gurean ez baita ohitura handirik, hemen pribatua pribatu da, eta publikoa publiko, eta, are, akordioak non oinarritu, tresna juridikoak ere ez dira bapo-bapoak, ez dugu tradiziorik, zeren trantsiziotik hona ez baita denbora handirik igaro oraindik.

Nola asmatu zenuten bide hau egiten?

Profesional egitea erabaki genuenean ez zegoen Internetik. Egunkari eta aldizkariak genituen, eta posta, eta noiz edo noiz berriren bat jasotzen genuen handik edo hemendik, eta atzerrian zer edo zertan ari zirela jakiten genuen. Irekitze garaia zen, bestalde, eta kanpora joateko beharra sumatu genuen. Eta Bartzelonako Adierazpen Eskolara joan ginen, hantxe ikasi genuen, eta Frantzian eta bestetan ere gure moduko jendea zegoela jakin genuen, guk egin nahi genuena egiten ari zena, edo egiteko asmotan. Frantzian, helduentzako zentro dramatikoak ez ezik, haurrentzakoak ere baziren. Belgikan, aitortza handiko taldeak ari ziren lanean, emanaldiak eginez, eta gizarte lana ere bai, eskola eta auzoetara joanez eta abar. Italian, 70eko hamarkada amaierako hezkuntza mugimenduaren ondorioz antzerki iraultza bizi zuten… Munduan oso gauza garrantzizkoak egiten ari zirela iruditu zitzaigun, geuk ere egin beharrekoak. Bidea egiten erakutsi zigun horrek. Uste dut Ovidiok dioela: “Ezagutzen ez denik ez da nahi izaten”. Guk, esperientziak ezagutu nahi izan genituen, ezagutu ere genituen, eta gure herrian, Gasteizen, erakusteko eta egiteko nahia izan genuen, bertako ezaugarrien arabera, leku guztiak baitira diferente. Bidean hasi ginen, eta Bernat Etxepare antzokia abiapuntu bikaina izan da, honaino heltzeko ezinbestekoa. Eta, orain, beste aro batean gaude, Haur eta Gazteentzako Antzerki Berrikuntza Zentroa diseinatzen ari baikara Gasteizen. Zabalganako Gizarte Etxearen ondoan eraikiko da, eta etorkizunerantz proiektatuko du orain arte egin dugun lana. “Egin dugu”, ez Udalak bakarrik, ez Paraiso antzerki taldeak bere gisa, irakasleek eta askotariko laguntzaileek eta denek batera baizik. Hiriak, gizarte zibilak eta erakundeek gauzatu dute proiektua, eta gure lana da hura zaintzea eta, hala badagokio, areagotzea.

Zaila behar du horrelako lan eta kolaborazioa…

Ez dakizu ondo! Kar, kar, kar… “Antzokia nahi dugu, eskari handia baitago!” esan genuenetik, Udalaren sostengua izan genuen orain dela hogeita hamar urte! Era bateko eta besteko udalek bere egin dute proiektua, eta oraingo Udalak beste urrats bat egin du. Zaila da kolaborazioa, kultur arloko proiektuak gauzatzeko tresna juridikoak behar ditugulako. Eta errazagoa da tresna horiek futbol arlorako asmatzea, kulturarako baino. Oraintxe, egiten dugun galdera da: “Nola aitzinatu indarrean dugun antzerki eredua krisi garai honetan, nola estutu ikuslearekiko harremana, entitate publikoen eta pribatuen arteko elkarlanaz?”, ez baikara antagonista, bata bestearen osagarri baizik. Horixe dugu erronka, gizarte zibilaren eta erakundeen arteko elkarlana josteko tresnak asmatzea. Hitzarmen eta akordioak egingo ez balira, Udala izango litzateke nagusi, eta haren morroi beste guztiok, hark ordaindu eta guk lana egin, ez litzateke besterik izango. Hori ez da bidea, gure ustez. Gizarte zibilak asmatu duena gizarte zibilaren eskuetan iraun behar du; Udalak egitura piramidala du eta ezin du leku guztietara heldu, eta ez du heldu behar ere, gizarte zibilaren proiektuak zaindu eta lagundu behar ditu, hiritarrei eskaini behar zaizkien zerbitzuak eskain daitezen, beraren tresnen bidez, edo bestelakoen bitartez, baina gizarte zibilaren lanari uko egin gabe betiere.

Nortasun agiria

Pilar Lopez Lopez (Burgos, 1962), Bilbon zen 4 urte zituela, eta 6 urterekin heldu zen familia Gasteizko Abetxukora. Paraiso antzerki taldearen sortzaileetakoa, haur eta gazteentzako antzerki lanak sortzeko lanean ari da, 14 urte zituela agertokira igo zenetik. Dibulgazio lan beldurgarria egin du Gasteiz inguruan, eta hainbat erakunderen elkarlana ere sustatu. Arabako hiriburuko Bernat Etxepare antzokiko Antzerkia Eskolan programazioaren arduradun da, eta Bilboko Mitusu aretokoa. Emanaldiez gain, ikuslearen formazioa du helburu, eta horixe gogoan hartuta ari da beti lanean.  Haurrei begira, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiko Haurtxoak proiektuaz arduratzen da, baita Txoroleku izeneko aretoaz ere. Teatro Paraiso antzerki taldearen zuzendari ez ezik, Kulturaren Euskal Kontseiluko kide, TE Veo elkartearen presidentea,  INAEM Espainiako Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutuko Antzerki Kontseiluko kidea eta Small Size Europar Sareko kide ere bada Pilar Lopez.

Krisia latz

“Krisia?... Lanean ari gara, krisiak bazterrak latz astinduagatik ere. Banketxeek kredituak emateari utzi diote, berankortasuna eguneroko ogia da… eta, ataka honetan, gogor saiatzea besterik ez dago. Egoera oso da delikatua –baita ikuspuntu etikotik begiratuta ere–, baina ez dugu atzera egingo. Zenbait talde desagertzeko arriskuan egon litezke, ez egitura handiena dutenak, ez txikienak ere, tarteko tamaina dutenak baizik, garatze sasoian harrapatu dituelako krisiak, ez aurrera ez atzera”. Garai latzak, Dickensen liburuaren izenarekin bat.


Azkenak
Bigarren itzulian erabakiko da nor izango den Ekuadorko presidentea

Inkesta gehienen faboritoa Daniel Noboa egungo presidente eskuindarra izan arren, aurreikusitakoa baino tarte txikiagoa atera dio Luisa Gonzalez hautagai correistari. Apirilaren 13an egingo da bigarren itzulia.


2025-02-10 | ARGIA
Traktoreak Gasteizko, Baionako eta Tafallako kaleetan, azken protesten urtemugan

Gasteizko protestak Trebiñu eta Araba elkarteek deitu dituzte, Tafallakoak Semilla y Belarra elkarteak eta Baionakoak 'Pirinio mendikateko laborariek’. Denek salatu dute Mercosur merkataritza akordioaren ondoriozko konpetentzia, eta erregaien zerga gehiegizkoak.


Goya sariak eta esaten (ez) diren hainbat kontu

Euskal herritar ugari saritu ditu Espainiako zine akademiak pasa den asteburuan banatu diren Goya sarietan. Artikuluaren bigarren partean, zeresana eman duten hainbat kontu aletuko ditugu.


Altzairuari eta aluminioari %25eko muga zergak ezarriko dizkiela iragarri du Trumpek

AEB inportatzen dituen altzairu eta aluminioari %25eko muga zergak ezarriko dizkiola iragarri du Donald Trumpek. Ez du zehaztu noiz sartuko den neurria indarrean.


Bosgarren preso trukea egin dute Hamasek eta Israelek

Bien arteko su-etena indarrean sartu zenetik hiru aste bete direnean, Hamasek guztira 21 bahitu askatu ditu eta Israelek, berriz, 730. Bahitu israeldarren irudiak "gizateriaren aurkako krimen baten adibidea" direla salatu du Israelgo presidente Isaac Herzogek.


Carrefourren kontrako boikot egun nazionala antolatu du larunbaterako BDZk

Gizarte palestinarrarekin elkartasunean luzatutako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpainak "baterajotze nazionalera" deitu du otsailaren 15erako Carrefourrek Hego Euskal Herrian dituen bost merkataritza zentrotan. 


Mezu “faxistak” zabaltzeagatik ikertutako EHUko irakasleak salatu du sareetan identitatea ordezkatu diotela

"Gaia argitu arte, irakaslea ez da campusera itzuliko", adierazi du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, eta gehitu du "bitartekaritza" bat abiatu dutela zer gertatu den ikertzeko eta horren aurrean zer egin ikusteko. EHUko Ikasle Kontseiluko lehendakari... [+]


EH Bilduk zerrenda bateratuak osatzeko eskua luzatu die EAJri eta ezker konfederalari, Espainiara eta Europara begira

"Adostasun zabaleko gutxieneko programa amankomun bat" oinarrian izatea posible da, EH Bilduren esanetan. Zerrenda bateratuak osatzea lehenetsiko du Espainiako eta Europako hauteskundeetan, Frantziako Estatuko Fronte Herritar Berriaren tankera hartuta.


Ibaipeko autobidearen proiektua gelditzea exijitu dute ehunka lagunek Bilbon

Bizkaiko Foru Aldundiak abiatutako proiektuak "herritarren benetako beharrei" erantzuten ez diela salatu dute, Subflubiala EZ! plataformak deituta. Autobideak eraiki ordez, instituzioek garraio publikoa sustatu behar dutela adierazi dute.


Beltrán eta Sololuze oroitu dituzte Zaldibargo hondamendiaren bosgarren urteurrenean

Bi langileak oroitzeaz gain erantzukizunak eskatu dituzte, Zaldibar Argituk igandean Eitzagan eginiko ekitaldian. Justiziaren mantsotasuna salatu dute, sumarioa oraindik instrukzio fasean dagoelako.


“Udala legez kanpo ari da errolda ukatzen gasteiztar behartsuenei”

Erroldarik gabe izaterik ez ekimenak Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu eman zituen argitara urtarrilaren 30ean. Udalerrian erroldatzeko irizpide murriztaileak jasotzen dira bertan, “bidegabeak eta ilegalak”, eragilearen esanetan, herritar baztertuenen kaltetan... [+]


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


2025-02-10 | Hala Bedi
Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihua ozen entzun zen ostiralean Gasteizen

Ehunka pertsona mobilizatu ziren Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko. «Israelgo Estatuaren normalizazioari» ekarpena egiten diola kritikatu diote Baskoniaren zuzendaritzari.


Eguneraketa berriak daude