Konponbiderako elkarrizketarako baldintzak

  • Lokarriko koordinatzaileak azken bake negoziazioa aztertu ostean, saiakerak zergatik huts egin zuen azaltzen du puntu orokor garbi batzuen bidez. Honela, etorkizuneko balizko bake prozesuak nolako egitura izan behar lukeen ondorioztatzen du.

'Bakerantz legazlizazioa' lemapean Bilbon manifestazio ixila egin zuten milaka herritarrek joan den otsailaren 19an
'Bakerantz legazlizazioa' lemapean Bilbon manifestazio ixila egin zuten milaka herritarrek joan den otsailaren 19anLander Arbelaitz

2006ko prozesuak itxaropen handia sortu zuen euskal gizarte osoan. Uste orokorra zegoen zabaldutako prozesuak atzera egiterik ez zuela. Gertakariek kontrakoa erakutsi zuten. Elkarrizketa politikoa eten egin zen, ETAk atentatua burutu zuen Madrilgo T4an eta prozesuak, aurreko aldietan bezala, porrot egin zuen.

Porrotak lagungarri dira hobetzeko. Zorigaitzez, bakeranzko prozesuen porrotek sufrimendu handiagoa eragiten dute. Orain, bakea lortzeko aukera berri bat zabaldu da eta, gutxienez, ez lirateke errepikatu behar aurreko akatsak. Ziurrenik, berriak egingo dira. Baina bake-prozesu berri baten euskarriak eta baldintzak ongi lantzen badira, erlatiboki errazagoa izango da azal daitezkeen arazoak gainditzea.

2006an egindako akatsak

Indarkeriara itzultzeko mehatxua egotea izan zen lehendabiziko akatsa. Su-etena iragarri zuen ETAk, baina atzera itzultzeko aukerak prozesua tentsio egoera batera eraman zuen bere garapena oztopatuz. ETAk tutoretza hartu zuen bere gain, prozesuaren bilakaera ebaluatzeko gaitasuna bere eginez. Horren ondorio nagusia izan zen sektore politiko guztiek ezin izan zutela parte hartu aukera berdintasunean.

Batasunak ere ezin izan zuen berdintasun horretaz gozatu, legez kanporatua baitzegoen. Hori muga bat izan zen publikoki bere proposamenak azaldu ahal izateko eta, gainera, baldintzatu egin zituen bere harremanak gainerako alderdi politikoekin, ezin izan baitzuten finkatu elkarrizketa publiko bat haiekin. Areago, elkarrizketan jarduteko ahalegina gauzatu zutenean, salaketa penaletan nahasita ikusi zituzten beren buruak. Horren adibide izan zen Batasunako ordezkariekin publikoki bildu izanagatik Ibarretxe Lehendakariaren eta PSEko buruen aurkako epaiketa.

Batasuna legez kanpo egotearen ondorioz, elkarrizketa irekiak Loiolan sekretupean gauzatu ziren. Alderdien mahaia ez zen ofizialki eta publikoki osatu eta ez zituen partaide izan Legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiak. Horrela, nahikoa erraza izan zen elkarrizketa horiek haustea. Dena den, sekretismoa akats metodologiko larria izan bazen, are erabakigarriagoa izan zen elkarrizketak gidatzeko printzipioen eta prozeduren gabezia. Horiek gabe, ia ezinezkoa da blokeoak gainditzea, azkenean gertatu zen bezala. Loiolako elkarrizketetan parte hartu zuten alderdiek ez zuten baliabiderik eduki desadostasunak azaldu ziren uneari era partekatuan heltzeko.

Are gehiago, finkatuta zirudien oinarrizko adostasunetako bat elkarrizketa-mahaien arteko bereizketa zen. Planteamendu horren arabera, ETA eta Gobernua arduratuko ziren afera teknikoei (armak, indarkeriaren etetea, presoak) buruzko akordioak ixteaz. Bitartean, eduki politikoari buruzko elkarrizketa alderdien esparrura xedatuko zen. Elkarrizketa politikoa blokeatu zelarik sortu zen arazoa. Indarkeriaren itzulera ekiditeko premiaren aurrean, ETA eta Gobernua gai politikoak hasi ziren lantzen beren elkarrizketetan.

Azkenik, gardentasunaren eta herri-partaidetzaren gabezia izan zen beste akats azpimarragarrietako bat. Gizarteak ez zuen izan elkarrizketa politikoaren garapenaren berri eta zitalkeria areagotu baino ez zuen egin horrek. Sostengua ematen zioten sektoreei dagokienez, ez zuten izan herritarren euskarri bat materializatzerik eta zehazterik zaila delako babesa ematea ezagutzen ez denari.

Bake-prozesu atzeraezin baterako baldintzak

Bake-prozesu batek ez du inoiz diseinu perfekturik. Beti azaltzen dira arazoak. Prozesu baten arrakasta bermatu ahal izateko, euskarriak sendoak izatea eta eragozpenak era partekatu eta eraikitzailean kudeatzea da garrantzitsua. Hain zuzen, 2006ko esperientziak erakusten du zein garrantzitsua den prozesu baten bideragarritasuna bermatzeko baldintzak sortzea. Laburbilduz, ezinbestekoak dira parte hartu ahal izateko askatasuna eta aukera berdintasuna. Gurera ekarrita, indarkeriaren amaiera eta legalizazioa dira ezinbesteko baldintzak.
Alde batetik, elkarrizketaren gaineko presioa deuseztatuko luke indarkeriaren amaierak eta sektore politiko guztien partaidetza ahalbidetuko luke indarkeriak dakarren mehatxurik gabe, gainera konfidantza eraginez inplikaturiko sektore guztien artean. Bestetik, indarkeriaren amaiera itzulerarik ez duen bide batean sartuta, ekiditen da ETAk bereganatzen saiatzea gai politikoei buruzko protagonismoa, ez baitagokio berari.

Legalizazioari dagokionez, honako premisatik abiatu behar da: gaur legez kanpo dagoen Ezker Abertzalea euskal gizartearen partaide da eta, beraz, badu bake-prozesuan gainerako alderdi politikoek dituzten aukera berberekin parte hartzeko eskubidea. Bada garrantzia duen zerbait: Ezker Abertzalearen legalizazioak etorkizunean alderdien arteko elkarrizketa ofiziala izatea ahalbidetuko luke. Elkarrizketa mahai bat publikoki osatzen delarik, zailago da alderdietako batek elkarrizketak zokoratzea. Eta hala egiten badu, iritzi publikoak hari leporatuko dio elkarrizketaren haustura. Horrela, denek beren burua behartuta ikusten dute ahalegin bat gauzatzera elkarrizketa abian mantentzearren. Stormonteko elkarrizketak adibide paradigmatikoa izan ziren. Krisi eta blokeoak izan zituzten aurrez aurre une ezberdinetan, baina inork ez zituen elkarrizketak utzi nahi izan. “Nola azal dezakegu ateratzerakoan?” egiten zuten galdera.

Printzipioak, prozedurak, egutegia eta egitura

Prozesu bati berme gehiagorekin heltzea ahalbidetzen du guztien partaidetzak aukera berdintasunean. Baina elkarrizketa prozesu batek arrakasta izan dezan akordio metodologikoak beharrezkoak direla ere erakusten du 2006ko esperientziak. 2006an zuzenean ekin zitzaion akordio politiko baterako edukiei buruzko eztabaidari. Hitz egitea beti da onuragarria, baina akordio bat lortzeko elkarrizketan jarduteak beharrezkoa du metodo bat. Ezinbestekoak dira elkarrizketa prozesua gidatuko duten oinarri metodologikoei buruzko lehendabiziko akordio batera iristea ahalbidetzen duten “elkarrizketei buruzko elkarrizketak”.

Partaideen metodologia betekizunak dira konpromisoak, elkarrenganako berme gisakoak. Horiek dira negoziazio mahaira bildu aurretik denek onartu beharreko arau nagusiak. Mitchell printzipioak adibide ona dira. Elkarrizketaren garapenean eragiteko indarkeriarekiko eta indarkeria erabiltzeko mehatxuarekiko errefusa eta aurkaritzak, aniztasunari errespetuak edo betoen gabeziak gida bezala funzionatzen duten lehendabiziko printzipioak dira.

Elkarrizketa prozesu osoa –zehatz-mehatz eta urratsez urrats– arautzeari dagozkio prozedura irizpideak. Funtzionatzeko araudia, alegia. Prozedura gaien baitan biltzen dira: alderdi bakoitzaren ordezkaritza, bileren garapena arautzea, lan-epe bat eta desadostasunen aurrean jarduteko era finkatzea.

Egutegia estuki lotuta dago elkarrizketaren helburuekin, bilatzen den akordio multzoarekin. Egutegia aurretik zehazteak akordio bat lortzeko erabiliko diren prozedurak behar bezala zehazten laguntzen du.

Bukatzeko, elkarrizketa finkaturiko helburuen arabera ordenatzea ahalbidetzen du egiturak. Komeni da egitura honek elkarrizketarako abiapuntu batzuk seinalatzea, desadostasun eremuak identifikatuz. Elkarrizketa politiko baten helburua ez da aurkari politikoa konbentzitzea, partekatuak izan daitezkeen akordioak lortzea baizik kontuan hartuz dauden desadostasun legitimoak, zeinak euskal gizartearen aniztasunaren oinarri baitira.

Ondorio bat

2006ko alderdien mahai bat ezinezkoa dela entzun dakioke gaur hainbat buruzagi politikori. Loiolako elkarrizketak elkarrizketa-mahai baten suzedaneo bat izan zirela da artikulu honen tesia. Isil-gordean gertatzen den zerbait, alderdi politiko guztien partaidetzarik gabe eta horietako bat legez kanporatua egonik, ezin da elkarrizketa-mahai izendatu. Elkarrizketa beharrezkoa da eta beharrezkoa izango da, izan Legebiltzarraren barruan edo kanpoan. Behin indarkeriaren amaiera eta legalizazioa lortuta, ez dira bukatuko arazo guztiak. Euskal gizarteak era partekatuan aurre egin beharko die giza eskubide guztien bermeari, proiektu politiko demokratiko guztientzako aukera berdintasunari, elkarbizitzeko oinarrizko adostasunei, memoriari eta gizartearen adiskidetzeari. Elkarbizitza barneratzaile batek beharrezko ditu elkarrizketa eta akordioa. Bakea lortu beharra dago, baina euskarriak ere finkatu behar dira etorkizunean errepika ez dadin azken 40 urte hauetan gertaturikoa.


Paul Rios, Lokarriko koordinatzailea


Azkenak
Bost urteko espetxe zigorra eskatu diete Covid garaian atxilotutako sei gazteri

2021eko urtarrilaren 20eko istiluetan atxilotutako sei gazteek epailearen aurretik pasatu beharko dute urriaren 22an.


2024-09-16 | Sustatu
EAEko Hezkuntza Sailak datuen babesa egoki bete gabe egin zuen hitzarmena Google Workspace for Education erabiltzeko

Udako albistea da, zenbait tokitan agertu zena, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzak (DBEA, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-organo bat) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari espedientea ireki ziola Googleren produktu batzuk erabiltzera behartzeagatik ikasleen... [+]


Arabako ardogintza, txikitasuna aldarri eredu aldaketa bultzatzen

Arabako Mahats-bilketaren Jaiaren XXIX. edizioa ospatu dute Moredan igandean. Egun batzuk lehenago ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak agerraldia egin zuen, Arabako ardogintzak bizi duen “krisi larriaz” beste behin ohartarazi, eredu aldaketa exijitu, eta... [+]


Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute, Palestinari keinu eta arrazakeriari aurre egiteko

Donostiako herri mugimenduak artikulatuta hainbat auzotan antolatzen den Zinemaldi Alternatiboaren 16. edizioa aurkeztu dute (11 + 5, beraiek dioten bezala, eraitsitako Kortxoenea gaztetxeko bost urteei erreferentzia eginez). Aurten sei proiekzio egingo dituzte ondorengo... [+]


2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


2024-09-13 | Euskal Irratiak
Baionako zitadelako eraikuntza proiektuak arrangura piztu ditu ekologistengan

Baionako zitadelan proiektu berriak ditu armadak. Eraikin berriak egin nahi ditu eta horretarako oihanaren zati bat deseginen dute eta ura atxikitzeko bi gune ere sortu nahi dituzte.


Aysenur Ezgi Eygi-ri zuzenean egin zioten tiro burura Israelgo soldaduek, autopsiaren arabera

Turkiar-estatubatuar aktibista irailaren 6an hil zuten Beiti herrian, Nablus hiriaren ondoan, Zisjordanian, Palestinako Lurralde Okupatuetan. Orain forentseen azterketek iradokitzen dutenez, Israelgo soldatuek zuzenean egin zioten tiro aktibistari.


Iturbide, Jiménez eta Azkona estatuaren biktima gisa aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.


Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian

Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.


2024-09-13 | Gedar
Bi lizarratar epaitu dituzte, Voxen salaketa baten harira

Faxisten aurka protesta egiteagatik auzipetu zituzten Lizarrako bi kideak. Asteazkenean, epaiketaren egunean, Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea egin zuen epaitegi aurrean. Voxeko faxistak jarrera probokatzailearekin agertu ziren bertara, eta Guardia Zibilak... [+]


Eguneraketa berriak daude