argia.eus
INPRIMATU
Ideologi(k)a

Joxerra Garzia 2011ko martxoaren 22a

Plurala barra-barra erabiltzea, nonahi, noiznahi eta edozertarako. Norbera plurala izango bada, den-dena pluralean deklinatu behar: hizkuntza, kultura, identitatea... Horra hor gutako batzuk aspaldion gobernatzen gaituztenek –eta gobernatzen gaituztenak gobernatzen dituztenek– demokrata-txartela emateko eskatzen digutena.

Jakina, gure gobernariak gure on-beharrez ari dira singularra debekatzen digutenean. Jator eta demokrata –demokrata jator–, nahi gaituztelako nahi gaituzte plural.

Lau urteko ume batek ere aise ulertuko luke hori. Bada, ordea, xehetasun txiki txoro txatxu bat. Izan ere, garai batean sendagileekin eta apaizekin gertatzen omen zena gertatzen da orain gure gobernariekin: inori agindua ez dutela eurek betetzen. Eurak gugan kabitzea guretzat ona bada, zergatik ez da haientzat ona gu haien baitan aise eta eroso kabitzea? Zergatik kabitu behar du ikurrinak banderan, baina ez banderak ikurrinean? Zergatik Naranjito eta sekula ez Sagartxo? Zergatik flamenkoa bai eta bertsolaritza ez?

Datorrela lau urteko ume hori, nik ez baitut ulertzen.