argia.eus
INPRIMATU
Hardcorearen hitz, musika, jarrera eta osagaiak
  • Al infierno en Goitibera ::Presaka

    Politburo Recording Fiasco

    iraupena ::45´17´´

    prezioa ::5

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko martxoaren 22a
Al Infierno en Goitibera
Laudioko talde honen izena oso ona da, baita bere laburdura ere. Euskal Herriko hardcore eskola homologatu bakarrenetarikoan (Andoaingo Gaztetxearekin batera) hazitakoak dira, Pinturen Etxean, eta hori igartzen da. Al Infierno sortu aurretik, Ostakulo, CLGSE, ZEN, Une Latzak eta beste hainbat taldetan ibiliak dira. Jakina, ez dute inor engainatuko eta hardcore zein punk estiloetan barrena dabiltza, hori baita beraien esentzia. Tarteka euskaraz eta tarteka gaztelaniaz, batzuentzat topikoak diren egunerokotasuneko kontuak salatzen dituzte; eta horretarako erritmo, estilo eta amorru intentsitate desberdinekin jolasten dute. Tartean, badira pieza melodikoagoak eta zapatilla hutsak, baita rap eta metal ukitu batzuk ere. Askoren artean, El Corazón del Sapo eta Spermbirds gogoarazi dizkidate.
"Gaur egun tertuliano askorentzat kantatzen duguna terrorismoa litzateke"

“Arinegi joateagatik ez diozu zure bizitzari etekinik atera”. Hardcorea azkarra da… zer da bilatzen duena?

Intentsitatea, indar bat. Bizitza mugimendu hutsa da eta heriotza mugimendu eza. Presaka abestian dioguna, aldiz, kontrakoa da: gaur egungo bizimodu azkar eta estresanteak oraina bizi beharrean geroa prestatzen bizitzera bultzatzen gaitu eta “gero” hori ez da inoiz heltzen. Ikuspegi kapitalistan “denbora galtzea” dirua galtzea da.

“Osasunez drogatu nahi dut arrisku arraro gabe”. Badirudi Tabakoaren Kontrako Legearekin, beste drogei buruzko hipokrisia eta eztabaida ahaztu ditugula, ezta?

Guztiz. Hitz horiek zera esan nahi dute: drogatu nahi duena drogatu dadila, baina aukera izan dezala zer hartzen duen jakiteko. Horrekin ez dugu drogen apologiarik egin nahi, askotan oso suntsikorrak izaten direlako. Norberak bere bidea topatu beharko luke eta zerk onura edo kalte eragiten dion askatasun osoz ikasi, kontu apur batekin erabiltzeko. Askatasuna ez dugu debekuekin sekula lortuko.

“Politikariak, Errealitatea, Gosea eta desberdintasunak, Ama Lurraren hondamendia, Kontsumismoa, Errepresioa, Askatasuna, Espetxeak, Denbora, Aberatsak, Telebista, Presa…”. Gai horietaz hitz egin eta abestea panfletarioa dela esango lukete askok…

...eta beste askok gauza okerragoak. Gaur egun tertuliano askorentzat kantatzen duguna terrorismoa litzateke. Denetik dago. Guk ez dugu ezer saltzen eta gure irrika eta pentsamenduak islatzen ditugu hitzetan. Lore baten edertasunari buruz idatzi genezake, baina gure musika ilunegia da horretarako eta horrek ez gaitu nahikoa hunkitzen edo larritzen kanta bateko hitzak egiteraino.

Gaztetxe eta etxe okupatuei lotuta hazi zarete…

Bai. Etxe okupatu eta askeek ezinbesteko garrantzia dute herrietako kulturaren garapenean eta gauza berriak sortzeko ematen duten aukerengatik.