Musikari nekaezina da Thierry Biscary, mami artistikoari eta musikaren funtsezko zentzuari erreparatzen diona, beti ere oinarria tradizioan jarrita duela.
1995ean musika munduan sartu zenetik, hamaika taldetan jo du Thierry Biscaryk. Rocka, bluesa, musika tradizionala... Ipar Euskal Herriko panorama musikala ere goitik behera ezagutzen du Anauze-ko (Nafarroa Beherea) musikariak, eta horregatik sortu zuen 2006an Kalapitaria bloga. Bertan Iparraldeko hiru lurraldeetako euskal musikari gehienen kontaktuak biltzen ditu; Kalapita izenekoan berriz, frantsesez aritzen direnak ere bai.
Iparraldeko musikariak Interneten elkartu dituzu, hauei plaza bat eskaintzeko?
Hori da. Gida hau kontzertu antolatzaileentzat aproposa da, baita musikarientzat ere. Askok uste zuten ez zegoela musikaririk Ipar Euskal Herrian, eta ez zela kontzerturik antolatzen. Nik ez nuen hala ikusten eta zerrenda hau egin nuen. Nola hedatu pentsatzen hasi nintzenean, hasieran liburuxka bat egitea pentsatu nuen, baina azkenean bloga izan zen modu errazena.
Gabezia bati erantzuteko sortu duzu?
Gabezia badago, baina blogak ez du elkarreraginik. Taldeak desegin egiten dira, eta berriak sortu. Agenda ere egiten dut astero, eta informazioa biltzea ez da hain erraza. Taldeek ezagutzen dute bloga, baina ez dute bidaltzen euren informazioa. Bloga arrunt mugatua da, eta uste dut horretarako sortuko dutela Topobass webgunea. Beta prozesuan dago oraindik, Euskal Herri osora hedatu nahi duen proiektua da, sare sozial baten gisan. Hego Euskal Herrian Musikazuzenean ere sortu dute orain gutxi, filosofia berarekin.
Hegoaldekoentzako bereziki baliagarria izan al daiteke? Oro har, Iparraldeko musikaz ezezagutza handia dago…
Gehiago ezagutuko dituzte bizkaitarrek Zuberoko musikari batzuk, ezagunenak edo zaharrenak. Esaterako, Peio eta Pantxoa, Niko Etxart edo Maddi Oinerart… halakoak. Baina egia da gutxi ezagutzen dela hemengo musika, ez dela zubirik egiten. Hemengo artistak hobeki ezagutzeko egiten dira ekimen ezberdinak, Koldo Mitxelena Kulturunearekin edota Kafe Antzokiekin, baina biziki handia da Hegoaldea, eta zaila da. Hemen manager bakarra dago, gainera. Hark kudeatzen ditu ezagunenak diren artistak. Beraz, zure burua Hegoaldean aurkeztu nahi baduzu, manager horren bahetik pasatu behar duzu.
Ezjakintasunak ezjakintasun, zerrenda luzea osatu duzu webgunean. Iparraldean musikak indarra duen seinale?
Bai, Ipar Euskal Herrian beti izan du indarra musikak, eta horretan segitzen du. Hala ere, euskararen maila txikitu da biziki, ahuldu egin da. Urtero sortzen dira talde berriak, baina nik 2006tik ikusi dut euskaraz kantatzen zuten taldeen kopurua zinez txikitu dela. Lehenago baziren rock, heavy edo punk talde gehiago euskaraz kantatzen zutenak, baina moda hori pasa da; duela hamar urteko kontua da hori.
Eta horixe bera suma daiteke zerrendari begiratuz gero. Kopuruz behintzat, musika tradizionalak pisu nabaria du.
Arlo horretan panorama ez dago gaizki. Harrigarria da ikustea hainbeste kantari euskaraz, Urepele, edo Baigorriko haranetan, batez ere. Preseski hor transmisioa ematen da, eta horregatik bizirauten du oraindik. Eta entzuleen aldetik bada nahia musikariak entzuteko. Esaterako, pasa den urte amaieran Imanol kantatuz kantaldia lehenbizikoz eman genuenetik, Iparralde osoan jotzeko proposamenak izan ditugu.
Baina hori izan daiteke Imanolen kantak ezagunak direlako...
Beharbada bai, ez dakit. Horretan arrazoia duzu, kantaldiak gutxitu egin baitira, eta antolatzaileek ez dute arriskurik hartu nahi, plaza bete besterik ez dute nahi. Nik ene burua aurkezten dut nire konposaketekin, eta ez dut hainbeste eskaera jasotzen.
Zu doinu tradizionalean oinarritzen zara, ordea, musika berritzeko.
Horretan dago gakoa, baina biziki zaila da. Gazteen ikuspegitik kantu tradizionala zaharkeria da, eta izan nahi dute pop-rock kantariak. Baina, gu ez gara pop kantariak, euskaldunak gara. Beste musika estilo horiek eurekin dakartzate erritmo finkoak, eta azkenean galtzen da gure berezitasuna eta gure gorputzak eskatzen duen erritmoa. Hemen kantatzen dugunean, gainera, notak luzatzen ditugu, pop-a abesteko garaian egiten ez den bezala. Formatu bat dago, eta hor sartzen saiatzen gara, baina ez gara behar bezala moldatzen. Erritmo horretan sartzen gara, baina ez da naturala geratzen.
Iparraldean kantatzeko modu bat dagoelako.
Hori da, eta gaur egungo artista asko ez da horretaz ohartzen. Saiatzen dira berritzen, baina kantuera hori oinarrian hartu gabe. Eta hori gazteei esplikatzea biziki zaila da. Itxaro Bordak hitzaldi batean “ni” eta “gu” bi izaeren arteko lotura eta diferentziak egin zituen. Esaterako, biziki zaila da “ni” esatea. Hemen “gu” esango dugu, eta ahotsean zure nortasuna erakusten baduzu ere, zaila da anitzentzat sentitzen duena esatea. Askotan tradizioan oinarritzen dira, baina tradizioa zer da? Latinez traditio da, eta bi ideia dauzka bere baitan: transmisioa eta traizioa. Horrek esan nahi du nik norbaiti ikasi diodala kantatzen, norbaitek transmititu dit kantatzeko molde bat. Eta ni ezberdina naizenez, nireganatu egin dut molde hori, baina 2011n ez dut duela 20 urte bezala kantatuko. Beraz, traizioa egiten dut, eta kontziente naiz horretaz, traidorea naizela. Baina transmititu duenak onartu behar du ematen duen hori utzi egingo duela, jakitun izan behar du hori aldatuko dela.
Eta gaurko gazteek tradizio horri nola eusten diote?
Ohartu naiz nik ere ez nekiela zer kantatzen nuen euren adinean. Eskolan kantatzen nuen, baina askotan kontziente izan gabe. Bitxia da, baina frantsesez kantatuko banu gauza batzuk ez nituen kantatuko. Gaurko gazteak ez dira ohartzen zein berezitasun duten kantu mailan, zer abesten duten, eta oraindik gutxiago nondik heldu den kantatzen duten musika. Askok kantatzen dute erritmo ezberdinetan, rocka, bluesa... eta erabiltzen dute halako estilo bat, baina onartu gabe non diren musika horien sustraiak. Eta hori ere pixka bat arriskutsua da. Zeren eta ez badakizu zure musika zertaz egina dagoen, nola sortu nahi duzu ondoren?
Eta musika garaikideari dagokionez, Iparraldea Euskal Herriari tiraka ari dela esango zenuke? Hau da, Euskal musika garaikidea Iparraldean sortu zen, baina orain ere buru izaten jarraitzen al du?
Guneka bai. Orokorrean Iparraldeko musikariak tradizioan oinarritzen dira, eta musika garaikidean ari direnak gutxi dira. Anitzentzat esperimentazioa beldurgarria da. Zertarako balio dezakeen galdetzen diete euren buruari, eta hori ez dela musika edo kantua pentsatzen dute. Bada halako haustura bat: ahozko transmisioan ikasiko duzu kantua naturalki, eta esperimentazioko teknika horiek kanpotik ekarritakoak dira.
Euskal musika, gainera, hemen modernizatu zen. Orain ere gauza bera esan nezake. Adibidez hor dago Ertz festibala, hemendik hurbil, edo baita Usopop ere.
Zu ere bide berriak zabaltzen saiatzen zara...
Hala da, ni beti atxikia naiz sorkuntzari. Nire lehen taldetik doinuak eta hitzak neronek egiten ditut, badut atxikimendua horretan. Ondoren, berbena talde batean ibili nintzenez, egin ditut bertsio ugari eta hainbat talde ezagutu ditut, beste estilo batzuetakoak. Oraindik nire estiloa zein den zehazten ari naiz, zeren eta beste estiloak egitea ongi da, baina zurea propioa topatzea beste bide bat da. Atxikita nago sorkuntzari eta erraten dudanari, eta denbora honetan irekitzen zaizkit zenbait bide. Pozik nago gainera, joan den abuztutik profesionala izatea deliberatu bainuen.
Sorkuntzari begira, gazteenekin lan egin duzu, transmisioarekin. Etenaldirik badago zentzu horretan?
Transmisioa ez da sekula moztu. Hemen badira musika irakasleak eskoletan transmisioa egiten, baina Baionako kontserbatorioan ahaztu egiten dira gure kulturaz. Ez dute interesik erakusten. Maila txiki batean etxeetan, edo herriko musika eskoletan, transmisioa egiten da, eta preparatzen dira musikariak karrikarako, baina beste maila batera heltzea zaila da. Are gehiago kontserbatorioak zentzu horretan laguntzen ez duenean.
Ni eskoletan ibiltzen naiz pixka bat, baina ez da lan sakona. Urtero eskola ezberdinetan ari naiz, eta txalapartarekin hasten gara. Izan ere, guretzat txalaparta ez da musika instrumentu bat bakarrik, bada elkar entzumen bat, eta gauza asko. Horri esker azaltzen dugu ahozko tradizioa zer den, kantatzeko garrantzia zein den, eta zure baitatik adierazteko era bat dela.
Transmisio hori bermatzeko zer egin beharko litzateke?
Nik uste begiratu behar dugula musika nola dagoen eginda. Gaur egun baditugu musika entzuteko milaka posibilitate, nahi bezain beste. Hortaz, ohartzen bazara nola egina den musika hori, hartzen duzu nahi duzuna, baina kontziente zara egiten duzunarekin. Gaurko gazteak interesa agian eduki dezakete musika jakin batean, baina ez dira mamian sartzen. Ene irudiko, Antton Lukuk erran zuena garrantzitsua da. Kultura egiteko garaian, gure baitatik abiatu behar dugu, eta ez besteei galdetuz zer nolako kultura nahi dugun. Ez, ez. Egin ezazu. Ez esan besteei zer egin beharko litzatekeen, hori denon ardura da. Horretaz gain, gehiago sinistu beharko genuke gure baitan, anitzek esaten baitute ez garela deus. Esaterako, nik beti ikusi izan dut ene aita bazkaritan abesten, eta orain utzia du. Nire ustez, berak ere sentitzen du kantu herrikoia zaharkeria dela, edo konplexua dauka. Euskararen erabilpena ere txikitzen ari da, eta horrek ere eragingo du.
Hala ere, ikusten dut sorkuntza planteatzen dela musika mailan, eta nik sinisten dut, horrek etorkizuna eduki dezakeela. Horregatik jarraitzen dut transmisioa egiten, badakidalako posible dela.
Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]
HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.
Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]
Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]
Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]
Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]
Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.
Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]
Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]