argia.eus
INPRIMATU
Saltzen duguna

Uxue Apaolaza Larrea 2011ko martxoaren 15a

Beñaten sailkapenaren arabera ni naiz hiruotatik iritzi saltzaileen artean maila baxuenetan dabilena ziurrenik. Eta orain, astean behin baizik ez dut egiten, gogoetarako aldi luzeagoa antzeztuz, baina lehen egunero, eta adituaren irizpiderik gabe, Quick and Dirty, eta eginez ikasiz, amateur.


Jarduera hau hasi nuenetik irabazi dudan onena adikzio bat gehiago da, zutabe irakurlearena; egunero hainbat irensten ditut, filia obsesiboz, morbo politikoz, haserrez, barre egiteko, arrakala bila... baita konpainia bila ere. Irakurleago naiz egile baino, eta gero eta mizkinagoa. Nire aukerak nire irizpidearen bilakaeraren arabera dira eta zutabetik zutabera, zenbait irakurri ondoren, ikasiz zoaz, eta konparazioak txarrak izango dira, baina ekidinezinak. Nik ez nuke gorroto hitza erabiliko, baina zenbait zutaberen lehen lerroak irakurri eta ezin dut aurrera jarraitu, arrazoi asko tarteko, hitz gutxirekin aspertu nautelako adibidez, eta autorea maite dezaket beharbada, baina ez bere zutabeak, eta bai, erabiliko dut, pixka bat gorroto dut, baina zentzu kasik ludikoan, aspertu nauelako: saltzen duguna da, argazkia barne, eta irakurlearentzat saltzen duguna gara.


Nik hutsunea sentitu dut zenbait autorek bere zutabea utzi duenean, hil balira bezala. Ez dira hil ordea, hortik zehar dabiltza nirekiko independentea den bizitza batean (tamalez, salbuespen ohoretsuak izan ezik). Hiltzen dena bere testuarekin partekatzen nuen unea da, eta hori da epaitzen dudana, unilateralki; testuarekin nahi dudana egiten dut, baita eguneko malaletxeak jaurtitzeko boxeo zakutzat erabili ere, irakurtzeke argazkiari oihuka; idazleak izan du berea, hori nire unea da (argitalpen digitaletako erantzunetan sarri publiko egiten den ariketa zoragarri zeken eta intimoa). Iritzia ematen duenak, iritzia espero behar du, ez bere ikuspuntuaren norabidean, irakurlearenean baizik. Eta zentzu metafisiko batean han nonbait norbaitek maite gaitzan idatz dezakegu, eta enter-a maitasuna eskatzeak sortzen dituen beldur guztiekin sakatu, baina ezin diogu irakurleari psikologo lanik eskatu. Agian lagunak etxetik ekarri behar genituzke, tentazioak tentazio –eta salbuespen ohoretsuek izan ezik–.


Ez zait iruditzen gainera iritzi emaileari asko eskatzen zaionik, erantsiko nuke, eta susmo bat bakarrik da, irakurketa sistematiko kontzienterik gabe osatua, euskal –euskaraz idazten dugun– zutabegileoi nahiko gutxi eskatzen zaigula, gutxiago ordaintzen zaigulako ziurrenik.


Gaztelaniazko iritzigile askori modako gaien inguruan adituak bailiran sententziatzea leporatuko banie, euskarazkooz, eta idatzizko iritzigintzaz ari naiz, kontrakoa esango nuke. Uste dut zutabeei eskatzen diedan gauza bat gaurkotasunari buruzko ikuspegiak izan daitezela dela, (nahiz ziur naizen hala izan gabe eginiko asko gustatu zaizkidala eta gustatuko), eta egia izanik gaurkotasuna zer den edo zer izan daitekeen erantzuten zaila dela, iruditzen zait, gure zutabegintzak gaurkotasunaren ikuspuntu zabalegia duela, zutabea egunkari domestiko bihurtzeraino; Beñaten lagunak lehendakaritza eskuratu eta euskal potentzia nuklearra espainiar uretan frogak eginez munduari erakusten dion egunean, euskal zutabegileek gertaera ez aipatzea ez litzateke harritzekoa, nik barne (eta salbuespen ohoretsuek izan ezik). Eta ez dakit zergatik den.


P. S. : Kaixo denoi bide batez, nahiko urduri, onartzen dut, ez baitakit lehenengo aldi honetan zein aurpegirekin azaldu naizen zuen aurrera, ez dut argazkia begiztatu, azken letra hauek baino jende gehiagok ikusiko duena, eta merezi duen edo ez erabaki.