Dirua aurreztu behar dela-eta, langileei bajak eta altak emateko eskumena bere gain hartu du administrazioak eta kontrol neurriak zorroztu egin ditu. Bajan egotea jasanezin bihurtu da askorentzat, langilea susmagarri baita Gizarte Segurantzarentzat, eta medikuen iritziak maiz ez du gehiegi balio.
“Guztiz estresatuta bukatu nuen eta ospitaleko errebisioetara gorputz txarrarekin joaten nintzen, banekielako gaizki begiratuko nindutela, beti galdera berarekin: ‘Oraindik bajan?’. Alde guztietatik estutu ninduten eta ez dut uste jendeak tratu hori merezi duenik. Ondo iruditzen zait kontrolatzea, denetik dagoelako, baina gaizki zaudela ikusi badute, pertsona gisa tratatu beharko zinduzkete eta sendatzeko behar duzun denbora utzi. Oro har inor ez dago bajan nahi duelako, zeren etxean lanik gabe egotea erosoa izan daiteke, bai, baina gaixo ez bazaude, eta soldata guztia kobratuz”. Antonia Luengo da hala mintzo dena, 51 urteko garbitzaile lasartearra. Autobusean zihoala, gidariaren mugimendu bortitz baten ondorioz lurrera erori eta min hartu zuen iaz belaunean, hanka burdin artean harrapatuta. Errotulan fisura zuela eta baja eman zion familia-medikuak. Ez zekien gainera zer zetorkion.
Hanka ez mugitzeko agindu zion medikuak, baina istripua jazo eta hiru egunera, oraindik mina arintzeko lasaigarriak hartzen ari zela, asegurukoek –Luengoren mutualitate pribatua, lanetik kanpoko istripua izan baitzen– deitu egin zioten Donostiako Arrasate zentro medikura joan zedin. “Esan nien ezin nintzela mugitu, muletekin nenbilela eta une horretan ez zegoela eraman ahalko ninduen inor, bidaliko niela ospitaleko txostena fax bidez… baina ezetz, eta joaten ez banintzen eskubideak galdu eta baja kendu ahalko zidatela”. Azkenean taxia hartu eta gerturatu egin zen. Iritsi, eseri, eta medikuak galdera: “Noiz erori zara?”, “duela hiru egun”, “zer moduz zaude?”, gaizki zegoela, “ondo da, ba etorri hemendik hiru egunera berriz”. Hor bukatu zen errebisioa. Amorratu egin zen garbitzailea, baina hasi besterik ez zuen egin periploa. Autobus konpainiakoek deitu zioten, beraiek ere istripua izandako bidaiarien kontrola eraman behar dutela eta Donostiako Pilarreko Klinikara joan behar zuela errebisioetara. Berdin enpresakoek, enpresa medikuak ikuskatu behar zuela. Ondorioz, ero moduan ibili zen Antonia Luengo, mugitu behar ez zuenean egun osoa Donostian, alde batetik bestera, autobusean hara eta hona; batzuetan, egun bakarrean zentro berera –mediku ezberdinekin– lau aldiz ere joan behar izaten zuen, ez baitzizkioten orduak aldatzen dena jarraian egin ahal izateko. “Ez dakit zertarako agindu zidaten atsedena, horretarako lanera joango nintzen, gutxiago ibiltzen naizelako lanean bajan baino!”. Eta behin eta berriz, denek galdera bera: “Noiz itzuliko zara lanera?”.
Behin errehabilitazioa hasita, gauzak ez zuen hobera egin, alderantziz. Ohiko errebisioez eta errehabilitazioaz gain, Gizarte Segurantzakoek ere deitu zioten, euren ikuskaritza egiteko, eta tratua zakarra izan zen hasieratik. “Honek ezin du horrela jarraitu –adierazi zioten–, arintzen joan beharra dago, hilabete baino gehiago daramazulako eta ezin zaitezke bajan hainbeste denbora egon…”. “Baina belaunak min ematen dit oraindik eta medikuak berak debekatu egin dit makurtzea eta kokoriko jartzea”, Luengok. “Baina zure lanerako makurtu egin beharra daukazu, ala?”; “noski, askotan”; “orain garbitzaileek fregona erabiltzen duzue-eta!”. Errespetua eskatu zion Luengok, fregona erabiliagatik askotan makurtu beharra daukala eta erritmo bizian aritu behar duela erantzunez. Haatik, zirikatzen jarraitu zuen Gizarte Segurantzakoak, ea bajarekin jubilazio aurreratua lortu nahi al zuen. “Nahi bazuen erresonantzia egiteko esan nion nik, baina ez zuten halakorik egin. Umiliatuta sentitu naiz; medikuak txostena egin badit esanez gaizki nagoela, zer uste dute, ordaindu egin diodala gezurra esan dezan?”.
Bi motatakoak izan daitezke bajak: profesionala (istripu nahiz gaixotasun) eta arrunta, lanetik at jazoa (istripu nahiz gaixotasun). Lehen kasuan, Gizarte Segurantzarekin edo Mutua profesionalekin kontratatu daitezke bajak –%90a baino gehiago mutualitateekin dago kontratatua– eta beraiek dute prozesu osoaren gaineko boterea, bajak, epeak eta altak zehazteko.
Kontrol eta aldaketa handienak, ordea, gertaera arruntetan eman dira. Halakoak Gizarte Segurantzak eraman ohi ditu gehienetan, baina osasungintza publikoko medikuek artatzen dute langilea. Mediku hori zen orain gutxi arte alta emateaz arduratzen zena, mutualitateek eta Espainiako Gizarte Segurantzak “gomendioak” egin zitzaketen arren. Teorikoki, desadostasun medikuen aurrean osasungintza publikoak zuen azken erabakia. Bada, legea aldatu zuten joan den azaroan Espainiako Estatuan: batetik, bajaren gehienezko denbora 18 hilabetetik 12ra jaitsi dute; eta bestetik, Gizarte Segurantzako mediku inspektoreei osasungintza publikokoen eskumen berberak eman dizkiete: altak ez ditu zertan familia-medikuak eman, Gizarte Segurantzak zuzenean erabaki ditzake. “Eta legeak dioen arren eskumenak berdindu egin direla, ez dira berdintzen, Gizarte Segurantzak erabakitzen badu langileari alta eman behar zaiola alta ematen zaiolako”, dio LAB sindikatuko kide Ibon Zubielak. Berdin mutualitateekin: hauek ez dute alta emateko eskumenik, gomendioak bidaltzen dizkiete familia-medikuei, baina orain zeini bidaliko dizkiete gomendio horiek? Zubielak argi du: zuzenean Gizarte Segurantzari, “eta Gizarte Segurantza irizpide ekonomikoek gidatzen dute”.
Mutualitateak eta Gizarte Segurantza eskutik doazela gaineratu du sindikalistak, eta praktikan, gaur egun bajei dagozkien arlo denetan Gizarte Segurantzak du botere guztia. Are gehiago, alta eman osteko hurrengo sei hilabeteetan ere, patologia berarengatik edo antzekoagatik baja emateko ahalmena duen bakarra Gizarte Segurantza da. Hego Euskal Herrian beraz, Espainiako administrazioak du aginte osoa, eta Ipar Euskal Herrian ere, Europan oro har gertatzen ari den lez, langileen kontrola areagotzea eta osasungintza publikora bideratutako inbertsioak murriztea dira joera nagusiak.
“Geroz eta zorrotzagoa da kontrola –azpimarratu du Zubielak–, gezur bat asko errepikatzearen estrategia kapitalista erabiliz, egia bihurtu arte: langilearen iruzurtzat saldu dituzte bajak, baina delako iruzur hori ez da inongo ikerketarekin frogatu. Kosteak aurreztu behar direnez halakoak asmatzen dituzte. Kontrakoa geratzen da-eta! Krisiarekin eta egungo egoerarekin jendeak beldurra du baja hartzeko, presioa handia da enpresetan, eta prekarietate egoerarekin geroz eta eskubide eta aukera gutxiago ditu langileak baja hartu ahal izateko”. Mutua ugarik detektibeak kontratatzen dituztela salatu du LABeko kideak, inongo lege-oinarririk gabe gaixoa kontrolatzeko. Argazkiak ateratzen dizkiete, edo bideokamerarekin grabatu, kargaren bat jasotzen, adibidez. Azaldu digunez, zakar poltsa ateratzeagatik alta ematera behartu zuten langile bat, “baina ez da gauza bera zakar poltsa bat altxatzea edo lanean etengabe kargak jasotzen egotea”. Mutualitateek pozik eduki nahi omen dute bezeroa, enpresa alegia, eta horretarako lehenbailehen produzitzen jarri nahi dute langilea.
Hori bakarrik ez, Antonia Luengoren esperientziak agerian utzi duenez, handia da kontrolaren burokrazia: mediku pila bat bisitatu behar ditu gaixoak eta horrek sendagile askoren beharra eta lan administratibo handia eragiten du. Diru hori guztia osasun sistema publikoan inbertituko balitz, itxaron zerrendak gutxitu eta zerbitzu hobea eskaini ahalko litzatekeela kritikatu du Zubielak.
Presio horren ondorioz etortzen dira gero alta aurreratuak. Batzuetan, ezinaren ezinez: “Hiru hilabeterako baja gomendatu zidan medikuak –dio Luengok–, baina bi hilabete eta erdira alta hartu nuen, ezin nuelako gehiago jasan, nerbioetatik nengoen eta ezin nuen egunero denekin haserre eta liskarrean jarraitu”. Bestetan, behartuta: “Mutualitateko medikuak erresonantzia egin eta esan zidan haustura nuela sorbaldan, ebakuntza beste erremediorik ez zegoela –Arrigorriagako Edu Lorcak–. Astebetera, mediku berak alta eman zidan, esanez ez zela erabaki medikua, Mutuaren zuzendaritzak hartutako erabakia baizik. Eta gainera altaren arrazoiak zera dio: ‘Sendatu da’!”.
Bajen eta alten erabakiak osasungintza publikoko medikuen esku egon beharko liratekeela uste du Gonzalo Gomez Iturriagak, lehen mailako arreta medikuak, eta babes gehiago izan beharko luketela, kolaborazio handiagoa, espezialisten aldetik adibidez. Aldiz, mutualitateko eta Gizarte Segurantzako medikuekin inongo harremanik ez dutela dio, haiek ez dutela sistema publikoko medikuen iritzia kontuan hartzen, eta alta ematen dietela arreta medikuek bajan dituzten pazienteei. “Altak emateko proposamenak ere iristen zaizkigu Mutuetatik, pertsona hori lanean hasteko prest dagoela esanez, presio mota bat dira, eta guk ez ditugu behar adina babes eta baliabide mutualitateei aurre egiteko, ez zaigu interesatzen epaiketetan sartzea. Azkenean, medikuoi balioa kentzen digute eta gaixoari alta ematen zaio”. Gomezen hitzetan, mutur batetik bestera igaro gara: 1980ko hamarkadan ezintasunak erraz ematen omen zituzten, eta orain ia ezinezkoa da ezintasunagatik baja hartzea.
Gaixotasun eta istripu arruntak artatzen ditu Gomez Iturriagak –horien artean, geroz eta gehiago antsietatea bezalako gaitz psikologikoak, testuinguru sozialak eraginda–, baina gaixotasun profesionalen bajak ematen bukatzen du maiz, mutualitateek sarri ez dituztelako onartzen jatorri profesionala duten gaixotasunak: “Agerikoa da langileak daraman jardun profesionalak eragindako bajak direla. Nik epikondilitis bat, tunelkarpiano bat… antzematen badut laneko mugimendu errepikakorrek sortua, Mutuara bidaltzen dut pazientea eta hark dio ezetz, hori dela langileak tenisean jokatzen duelako. Azkenean ez zaigu besterik geratzen, erabakia eta boterea Mutuena da”.
Bajek iraun beharreko epeen taulak errespetatzen al dituzten galdetu diot Gomez Iturriagari. Mutuek eta Gizarte Segurantzako mediku inspektoreek zurrun erabiltzen omen dituzte taulak, beraiek ez hainbeste, gaixotasunaren bilakaeraren arabera jokatzen baitute. Baina zer gertatzen da? Mutualitateak gaitz profesionaltzat hartu ez duen epikondilitisak tratamendu luzea duela sistema publikoko itxaron zerrendetan eta taulako epeak gainditzen dituenez, azkenean Mutuak alta emateko eskatzen die. “Autoritatea kentzen digute eta borroka etengabean gaude”.
Harrigarria badirudi ere, Espainiako Estatuko hainbat lurraldetan (Madril, Murtzia eta Katalunia) sari ekonomikoak ematea onartu dute baja gutxien sinatzen dituzten mediku publikoei. Halakorik gerta al liteke gurean? Gomez Iturriagari beldurgarria iruditzen zaio: “Nik ez dut nahi inongo hobaririk, ezerengatik, ukatu egingo nituzke. Norberaren irizpideen kontra txanpon batzuengatik saltzea ikaragarria da eta nire etika profesionalaren aurka doa”. Ordea, bajak jaitsi egin dira aipatu hiru lurraldeetan. LABeko kidearen esanetan, “ez ote da izango hainbat kolektibok beren burua kapitalari saldu diotela? Osasuna merkantilizatzen ari dira, diru hori osasungintza publikoa hobetzeko erabili beharrean”.
Gaixo dauden edo istripua izan duten langile andanak pairatzen dituzte administrazioak ezarritako presio neurrien ondorioak. Zertarako hainbeste errebisio, azterketa medikuak egin beharrean galdera pare batekin etxera bidaltzen bazaituzte berriz? Gizarte Segurantzakoek erantzutea ez dugu lortu; garbitzaile lasartearrak aski garbi dauka: “Ez dira benetako errebisioak, kontrolatuta izateko modua baizik. Goizeko 8etan eta gaueko 9etan deitu izan didate. Behin alabak hartu zuen telefonoa eta anbulatorioan nintzela argitu zien, mandatua hartuko zuela, baina ezetz, ordu erdira deituko zutela, eta ordu erdira deika nituen. Kriminala ematen nuen, leku guztietara jarraitzen ninduten. Eskuburdinak jarri eta komunera noiz nindoan kontrolatzea baino ez zitzaien falta!”. Iruzurtien aitzakian, hainbat esparrutatik zabaldutako irudiak horixe bihurtu du langilea: gaizkile.
Zenbat kobratuko dut soldatatik?
Legeak zehazten duen gutxienekoaren arabera, gaixotasun edo istripu profesionaletan, oinarrizko soldataren %75 kobratzen da, eta arruntetan, %60 lehenengo hogei egunetan eta %70 ondoren. Hala ere, enpresako edo sektoreko hitzarmenek hobetu ditzakete baldintza horiek eta hortik aurrerakoa enpresak ordainduko luke.
Kaleratu nazakete?
Kaleratzea librea da eta, LAB sindikatutik adierazitakoaren arabera, geroz eta langile gehiago kaleratzen dituzte bajan daudela. Obra-kontratuekin esaterako, obra amaitu dela arrazoituta eraikuntza munduko langile ugari kaleratzen ari omen dira baja egoeran. Gehienez, bidegabeko kaleratzea argudiatu dezake langileak, eta gutxiago edo gehiago ordainduko diote, baina merkatu egin da kaleratzea. “Eta gainera, behin kaleratuta daudela jakinda, gaixoa ahalik eta azkarren kentzen dute gainetik mutualitateek”, diote LABetik.
Desplazatu naiteke?
Gaueko 10etarako etxean egon behar dela dioen uste hori inon ez dagoela idatzia baieztatu digu Ibon Zubiela LABeko kideak: “Medikuak esan dizuna ezin duzula egin, hori da ezin dezakezuna egin, ez gehiago, ez gutxiago. Baina gaueko 10:30ean zinemara joan zaitezke, nahi izanez gero”. Hori bai, probintziatik ateratzeko, baimena eskatu behar zaio medikuari.
Oporrak bajan egokitu bazaizkit, gero hartzeko eskubidea dut?
Bajan egonda opor garaia iristen bazaio langileari, aurrerago hartzeko eskubidea dauka, legeak aintzat hartzen duelako oporrez gozatzeko moduko egoeran egon behar dela. Baina oporretan zaudela baja ematen badizute, ezberdina da: hutsune legala dago atal horretan, eta ez dago batere argi langileak zein eskubide dituen.
Eta autonomoa banaiz?
Autonomoak mutualitatearekin kontratatu ditzake gaixotasun eta istripu profesionalak, baina ez da derrigorrezkoa eta gehiengoak autonomoen gutxieneko baldintzak ordaintzen dituenez, ez dizkiete baja profesionalak kubritzen. Baja hasi eta hamabost egunera bai, Gizarte Segurantza egiten da arduradun, kotizatutakoaren arabera, baina egun gutxiagoko baja izanez gero (eta asegururik ez badauka), autonomoak berak ordaindu beharko luke.
Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]
Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".
Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.
Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]
ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak atxikimendu kanpainarekin.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.
Bere Telegram kanalaren bidez jakinarazi du ez dituela deialdi erreakzionario gehiago egingo oraingoz. Aurreko larunbatean, nabarmen egin zuen porrot Eason antolatu zuen kontzentrazioak, eta agerian geratu da kontramobilizazioen eraginkortasuna.
Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.