Ez da jakin zer erabaki duen Parisko Prud’Hommes auzitegiak –Espainian lan magistratura litzateke– Jacques Poirier albaitari eta ikertzaileak Sanofi-Aventis farmazeutikari sartutako salaketarekin. Urtarrilean izan zen auzia. Kanporaketaren azpitik osagai biologikoz egindako botiken segurtasuna edo segurtasun eza ageri da.
Ez dira alarmismotik bizi baina herritarrak erne jarri nahi dituzte: frantsesez lanceur d’alerte deitzen diete, euskara guk baino trebeago maneiatzen dutenek esango digute alertagile, alertalari, ernerazle edo nola deitu behar diegun.
Lanceur d’alerte ospetsu bat Gilles-Eric Seralini da, frantziarrak ohartarazi dituena genetikoki aldatutako landareen arriskuez. Iazko maiatzean aipatu genuen Net Hurbilen eta berrikitan zabaldu da Frantzian transgenikoak saltzen dituzten enpresei auzia irabazi diela, hauek ito nahi baitzuten zientzialaria kontakatilutzat utziz komunikabideetan.
Urtarrilean beste erne jarrarazle bat pasatu zen auzitegietatik. Jacques Poirierrek Sanofi-Aventis konpainia salatua zuen 2003an kanporatu zuelako, eta Parisko Boulogne Billancourteko proud’hommes epaileek ikusi behar zuten auzia. Epairik ez dugu jakin oraindaino.
Poirier babesteko mobilizatu dira medikuntza eta farmazien industrian kontrol demokratikoa eta gardena sustatzen duten taldeak, hala nola Sciences Citoyennes fundazioa, Réseau Environnement Santé (Ingurumena Osasuna Sarea) eta Pharmacritique bloga sustatzen duen Elena Pasca. Azken honek bildu ditu aferaz publikatu diren agiri funtsezkoak, zeinetatik irakurlea berehala ohartzen baita enplegu gatazka arrunt batetik askoz haratago doala.
Lovenox eta Clexane antikoagulanteak zer diren esplikatu behar da ezer ulertzekotan. Heparina mota bat dira, enoxaparinak, hiltegietara eramandako zerrien hesteetatik eskuratzen direnak: zerri akabatu baten hesteek Lovenox edo Clexane dosi baterako adina heparina ematen dute. Gauza da munduan urtero kontsumitzen diren 450 milioi dosiak eskuratzeko adina urde ez dagoela.
1996an Poirier doktorea orduan Aventis Pharma zen konpainian lehengaien segurtasun biologikoaren arduraduna zen. Gaur ahaztua dirudien behi zoroen krisia beroenean zegoen eta Poirierrek ziur egon nahi zuen bere enpresak saltzen zuen heparina soilik zerrien hesteekin egina zegoela, ez zeukala behi edo zekorren hesterik; gaur egun oraindik behikien barrunbeek kontrol zorrotzak dituzte, Creutzfeldt-Jakob gaixotasun neurologiko beldurgarria sortzen omen duen prioia elikagaietara iritsi ez dadin.
Kezka are handiagoa zen jakinik gero eta gehiago Txinako lehengaia usatzen zela Lovenox et Clexane egiteko. Albiste itsusiak zabalduta zeuden Txinan heparina ekoizteko zeuden kontrolez, debekatutako behikien aztarnak agertzen ziren zerrien hesteen artean, higiene neurriak sarri harrigarriki txarrak ziren, eta beste.
Poirierrek INRA erakundeko ikerlariekin sortu zuen test bat, IDR (ImmunoDiffussion Radiale, frantsesez) lehengaiak soilik zerrikiak zirela bermatzeko. Baina segurtasun arduradun honen harridurarako, Aventis Pharma hasi zen luzapenetan, urtea baino gehiago testa martxan jartzeko, beste urte eta erdi Espainiako usinan ezartzeko...
Laster ulertuko zuen zergatia: enpresa hasi zitzaien iragartzen bezeroei lortua zuela bestelako sistema on bat, segurtatzeko enoxaparina horiek egiteko hesteetan egon zitekeen edozein prioi desegina zela. Ezberdintasuna laburbilduz: Poirierrek botikak sortzeko zerrien hesteak besterik ez usatzea nahi zuen, prioirik sartu ez zedin inondik, eta enpresa lehengai kutsatuagoak onartzeko prest zegoen, kutsadura eliminatzeko kapable zela argudiatuz.
2003an kaleratu egin zuten Jacques Poirot Aventis Pharmatik. Lan gatazka batengatik izan zela defenditu du beti enpresak, eta mezua ondo pasaraztea lortu du komunikabide askotan bezala gaiaz interesatu diren politikarien artean.
Sciences Citoyennes, Réseau Environnement Santé eta beste batzuen ustez, ordea, gizartea arriskuez ohartarazi duen lanceur d’alerte baten kontrako mendekua da.
Urte gutxi behar izan dira Jacques Poirierrek arrazoi zuela nabarmen geratzeko. Ez da gertatu prioiagatik, orain artean. Urdeen hesteei behien heste, birika eta bestelako barrunbeak nahasteak, prioia dela eta, Creutzfeldt-Jakob eritasun kasuak agertuko diren beldur dira heparinen kontrol ahulaz kexu direnak, baina eritasun horretan prioiz kutsa eta gaitza azaldu artean denbora asko pasa liteke.
Aldiz, arazoa sortu du zerrien hesteak faltsutzeko erabili den estalkiak. Urde, behi, ardi eta ahuntzen barrunbeak nahastu eta homogeneizatzeko, Txinako laborategi askotan kondroitina sulfatatua usatu dute, eta hori izan da 2007-2008an Amerikako Estatu Batuetan 80 pertsona hil dituena eta 800 gehiagori erreakzio alergikoak eragin dizkiena.
Eskandalo handi samarra sortu zuen AEBetan honek guztiak, Txinan heparina sortzen duten hiltegi eta laborategietako lan baldintzez eta zikinkeriez kronika gordinak eta zenbait argazki nazka eragile plazaratu zituzten egunkariek, hala nola Wall Street Journalek.
Ondorio onik ekarri zuten salaketa publikook... iparramerikarrentzako. Porierren defentsan mintzatu den Didier Leveieux-ek espliatu duenez, “Aventis Pharmak Bretainian duen usinak fabrikazio lerro berezia dauka Estatu Batuetara esportatzen duen enoxaparina ekoizteko, eta betetzen du AEBetako administrazioak jarritako araua, alegia fabrikaziorako usatutako heste guztiek pasa behar dutela... IDR kontrola”. Hain zuzen Poirierrek eta INRAk sortua.
Jacques Poirierrek arrazoi zuen, beraz. Baina kale gorrian dago. Berak 2008an Parisko prokuradorearen aurrean aurkeztutako salaketak saskira jaurti dituzte. Bitartean, gaur Frantzian egiten diren heparinak bi motatakoak dira, bata amerikarrentzakoa, hobeto kontrolatua eta zerrikiz egina, eta frantsesentzako bestea, kontrol gutxiagokoa. Espainol izatera kondenatutakook kontsumitu beharreko heparina bietatik zein den asmatzea ez dirudi zaila.
Gaur Sanofi Aventis den konpainiak zigorrik errukigabeena erabiliz zentzatu nahi ditu produkzio eta salmenta kateetan informazio berezia dutenak. Orduan, nork babestuko ditu osasun publikoaren arriskuak salatzen dituztenak? Sciences Citoyennes fundazioak eta beste batzuek lanceur d’alerte direlakoak defenditzen dituzte, horretan dihardutenentzako estatus juridiko berezia aldarrikatzen dute, Estatuak bermatu behar dituelako adierazpen askatasuna eta kontsumitzaileen babesa.
Beste frontea da herritarren izenean botikak kontrolatzen dituzten adituek enpresekin dauzkaten interesak salatzea. Heparinen kasuan, Pharmacritiquek plazaratu du Frantziako botiken kontrola daraman erakundeko presidente Phillippe Lechatek ezkutatu egin duela aurretik Lovenoxi buruzko ikerketak egin –eta kobratu– zituela. Bitan, antza.
Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]
Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]
HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.
Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]
Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]
Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]
Ez dut maite aterkia partekatzen ez dakien jendea. Ez dut maite azkarregi ibiltzen den jendea, ni ez naizenean; ez eta polikiegi ibiltzen dena ere (tira, horiek pixka bat bai, baina pixka bat bakarrik). Ez dut maite autobusean pasilloaren aldeko eserlekuan esertzen den jendea... [+]
Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.
Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]
Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]