argia.eus
INPRIMATU
Bajan baldin banago...
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko maiatzaren 07a

Zenbat kobratuko dut soldatatik?

Legeak zehazten duen gutxienekoaren arabera, gaixotasun edo istripu profesionaletan, oinarrizko soldataren %75 kobratzen da, eta arruntetan, %60 lehenengo hogei egunetan eta %70 ondoren. Hala ere, enpresako edo sektoreko hitzarmenek hobetu ditzakete baldintza horiek eta hortik aurrerakoa enpresak ordainduko luke.

Kaleratu nazakete?

Kaleratzea librea da eta, LAB sindikatutik adierazitakoaren arabera, geroz eta langile gehiago kaleratzen dituzte bajan daudela. Obra-kontratuekin esaterako, obra amaitu dela arrazoituta eraikuntza munduko langile ugari kaleratzen ari omen dira baja egoeran. Gehienez, bidegabeko kaleratzea argudiatu dezake langileak, eta gutxiago edo gehiago ordainduko diote, baina merkatu egin da kaleratzea. “Eta gainera, behin kaleratuta daudela jakinda, gaixoa ahalik eta azkarren kentzen dute gainetik mutualitateek”, diote LABetik.

Desplazatu naiteke?

Gaueko 10etarako etxean egon behar dela dioen uste hori inon ez dagoela idatzia baieztatu digu Ibon Zubiela LABeko kideak: “Medikuak esan dizuna ezin duzula egin, hori da ezin dezakezuna egin, ez gehiago, ez gutxiago. Baina gaueko 10:30ean zinemara joan zaitezke, nahi izanez gero”. Hori bai, probintziatik ateratzeko, baimena eskatu behar zaio medikuari.

Oporrak bajan egokitu bazaizkit, gero hartzeko eskubidea dut?

Bajan egonda opor garaia iristen bazaio langileari, aurrerago hartzeko eskubidea dauka, legeak aintzat hartzen duelako oporrez gozatzeko moduko egoeran egon behar dela. Baina oporretan zaudela baja ematen badizute, ezberdina da: hutsune legala dago atal horretan, eta ez dago batere argi langileak zein eskubide dituen.

Eta autonomoa banaiz?

Autonomoak mutualitatearekin kontratatu ditzake gaixotasun eta istripu profesionalak, baina ez da derrigorrezkoa eta gehiengoak autonomoen gutxieneko baldintzak ordaintzen dituenez, ez dizkiete baja profesionalak kubritzen. Baja hasi eta hamabost egunera bai, Gizarte Segurantza egiten da arduradun, kotizatutakoaren arabera, baina egun gutxiagoko baja izanez gero (eta asegururik ez badauka), autonomoak berak ordaindu beharko luke.