Neguaren gorriaren arintzen laguntzen duten azen hostoen jaten aritzen diren beldarren ostatu da kukulorea, Lychnis flos-cuculi. Udaberria eta uda kukulorearen hostoak janez biziko da, gero azarenei heltzeko. Mamestra brasicae izena du gaueko sits honek; aza, azalorea, bruselaza, aza gorria eta aza guztietan ostatu hartu eta jaten duelako da brasicae. Sits honen beldarrak udaberria igarotzeko kukuloreaz gain beste landare ostalari gehiago ere izaten du: tipula, kukubelarra, zerba, astamahats ale-beltza, ilena, kalamua, urre-lilia, kuiak eta kurkubiak, krabelina, eguzki-lorea, isipu-belarra, uraza, lihoa, tomatea, sagarrondoa, tabako-belarra, ilarra, errefaua, arabarba, uztaoa, patata, ziazerba...
Ugaria da sitsak eta tximeletak biltzen dituen Lepidoptera familia, ehunka milaka espezie ditu baitan. Azaren sitsak bezala gehienek landareak dituzte ostalari, xalo-xalo apopilo hartu eta igartzerako bazka izango diren landareak. Familia honetan aipagarria da milaka espezie dituen Coleophora generoa. Lore, hazi edo hostoak janez hazten dira beldarrak, eta ez edozein landarerenak, espezie askok landare zehatz eta bereziak behar dituzte. Hona Coleophora genero honetako tximeleten beldarrak aurkitzeko egokiera emango dizuten landare batzuk: asentsio-belarra, uso-belarra, urrezko makila, ihia, elorri beltza, garadaizka, zuhandorra, txorbeltza, gaukara, kukulorea, astakamamila edo zizare-belarra, otea, egilitsa, astalbahaka, amuntza, katu-belarra, oreganoa, zolda, hirustak, gardulatza, nabar-lorea, udazken mendabelarra, sabia, esparragoa, inurri-belarra, oilo-belarra, garikota, azeri-mahatsa, milorria, artemisia mina, milazka afrikarra, otondo-belarra, axarioa, asun-borta, zaparta-belar zuria, Narbonako lihoa, azitraia, xiristola, piper-belarra, odolurra, ur-piperra, astapiperra, betibizi horia, isats arantzaduna, sabi hostozuria, sapelarra, izar-belar arrunta, ikara-hostoa, estrepa, loitosina, zarrantza, kukuso-belarra, zalkea, laharra, krabelina, olibo-zumea, ariketa, luzerna, itsabalkia eta abar luuuuuuuuuuuuze bat.