Soziolinguistika Klusterrak IV. jardunaldietan soziolinguistika bera hartu zuen ardatz. Nola hedatu soziolinguistika ezagutzak irakasle, teknikari eta euskalgintzako eragileen artean? Nola lortu ezagutza horren bidez ikasleen hizkuntza jarreretan eragitea?
Donostian, otsailaren 18an, soziolinguistikari hainbat angelutatik heldu zitzaion. Horretarako zeuden irakasleak, teorizatzaileak eta blogariak, besteak beste.
Juan Carlos Etxegoien Xamar irakasleen irakasle da, nahiz eta urte luzez haur-gazteen irakasle izan den. Soziolinguistikan interes berezirik ez duela adierazi zuen, bai ordea hizkuntza gatazkan, “gure bizitza baita”. Nola hurbildu soziolinguistika jendearengana? galdetu zion Belen Uranga Klusterreko kideak: “Hizkuntza komunitatearen zentzua elikatuz, herriaren historia kontatuz, euskararen atzean dagoen mundu osoa azalduz”. Haurrak lurrari nola lotu adibidea jarri zuen Xamarrek. Iruñako eskolako umeei galdetzen zien zein auzotakoak ziren eta euskarari tiraka azaltzen zien zer esan nahi duen Arrosadiak eta Iturramak, “erdaldunek ezin dute hori ulertu” esaten zien gaztetxoei.
Jardunaldien antolatzaileek gutxitan ikusi dugun formatua probatu zuten diglosia terminoaz hausnarketa egiteko. Mikel Zalbide euskaltzainak diglosia kontzeptuaz teorizatu eta Iñaki Martinez de Luna soziologoak eta Paula Kasares hizkuntzalariak erantzun egin zioten. Lan egiteko moldea egokia iruditu zitzaion entzule askori, baina gai hori gogoetagai izateaz zalantza ugari zuen jendeak. Alegia, merezi al du ikuspegi teorikoa lantzen hasita diglosia moduko kontzeptuaz hainbeste atzera-aurrera teoriko egiteak? Zalbidek aditzera eman nahi izan zuen, diglosia terminoak sortu zenetik hona adiera asko hartu dituela, eta gaur egun gure artean ere, esanahi askorekin erabiltzen dela, “trenari abioi deitzen diogu eta abioiari tren”. Kasaresek esan zuen ez dela termino hori erabili zalea, ez delako baliagarria gure egoera azaltzeko. Gizartea dikotomia bidez agertzeko joerari izkin egitearen aldeko agertu zen Kasares, hau da, informala/formala, euskalduna/erdalduna moduko bikoteak utzi eta kontzeptu berriak asmatzea proposatu zuen. Martinez de Lunak diglosia termino polisemikoa esanahi bakarrera zergatik ekarri behar den galdetu zuen. Beste galdera bat ere egin zuen: “Euskararen egoeraz hitz egiteko balio ez digun terminoaz hitz egitea ez ote da alferrikako ahalegina?”. Idatzietan diglosia hitza erabiltzerakoan, eman nahi zaion adiera irakurleari esatea proposatu zuen, esate baterako oin oharretan.
Jordi Solé i Camardons soziolinguista katalana da eta irakaslea ere bai. Jardunaldietan egin zuen hitzaldiak ondoko izenburua zeukan: Imaginació i educació sociolingüística a l’ensenyament. Irakaskuntzan irakasleak eta ikasleak soziolinguistikara gerturatzeaz hitz egin zuen, betiere kontuan hartuz soziolinguistikak errealitatea eraldatzeko beharko lukeela izan. Lluís Vicent Aracil soziolinguistarengandik ikasitakoak aipatu zituen hasieran. Hark gertaerak jasan edo ulertu egiten direla omen zioen, hau da, jende baten ustez gauzak gertatu egiten dira eta beste batzuen ustez gertaeren protagonista da gizabanakoa. Hari horri tiraka zioen Solék, ikasleei erakutsi behar zaiela, nola gaztelaniak katalanaren tokia hartu duen. Katalunian etorkinak eskolaratzerakoan gertatzen zaiena azaldu zuen ondoren. Harrera gelak daude atzerritarrentzat eta katalana mahai gainean dago. Ikasgela arruntera doazenean ordea, ikaskideek zuzenean gaztelaniaz egiten diete. Irakasle desleialak ere gogoan izan zituen Solék: Ikasleekin katalanez egiteko ohitura hartu eta gero, enpatia aurkitu asmoz gaztelaniara igaro direnak.
Solék boladan dagoen kontzeptua, deshazkundea, jarri zuen mahai gainean. Kontuan hartuta elebitasunak ez digula balio, hizkuntza handiak erabili beharrean ikasleen “hizkuntza motxila” baliatzea proposatu zuen. Adibidez, ingelesa alboratu eta portugesa, italiera... dakizkitenek elkar ulertzeko hizkuntza horiek erabiltzea aldarrikatu zuen. Seguru asko hainbat jatorritako haurrak dituzten Kataluniako eskolak izango ditu buruan hizkuntza deshazkundeaz ari denean.
Jardunaldiak Lanparak eta ispiluak soziolinguistika zabaltzeko izenburupeko mahai-inguruarekin amaitu ziren. Soziolinguistika jendarteratzeko hiru hartzaile mota aipatu ziren: euskalgintza (profesionalak), euskaltzaleak eta gizartea. Julen Arexolaleibak (Mondragon Unibertsitatea) hiru eginkizun zehaztu zituen: sakontasuna lantzea, dibulgazioa egitea eta adibideen gramatika izatea. Azken horren adibide jarri zuen Euskal Kulturaren Transmisioa graduondokoa. Laburrean esanda, plano teorikoa ekintzaren bidez harrapatzea proposatu zuen. Hariari tiraka, Txerra Rodriguezek (Emun) Nova Cançó jarri zuen dibulgazioaren adibide. Soziolinguistikaren hedapen zabalerako liburu formatuaren egokitasuna zalantzan jarri zuen hainbatek, tartean AEK-ko irakasle eta blogari Benito Fizek. Laugarren mahaikideak, Jacqueline Urlak (Massachusetts Amherst-eko Unibertsitatea), hizkuntza kudeaketan maila teorikoan ari direnak eta eguneroko jardunean dihardutenak elkartu izana nabarmendu zuen. Horrelakorik ez omen da gertatzen AEBetan.
Soziolinguistika Klusterrak jardunaldiak baliatu zituen III. Euskal Soziolinguistika Sarien irabazleen lanak aurkezteko.
1.go saria: “Gazteak, musika eta euskara”, Luis Azpiazu.
Arrasateko (Gipuzkoa) Arizmendi Ikastolako 14-17 urte arteko gazteak elkarrizketatu zituen Azpiazu saridunak. Gazteok euskal musikaz zuten irudipena aztertu nahi izan du. Euskal musika helduekin eta abertzaletasunarekin lotzen dute eta parrandarekin lotzen dutenean trikitia, erromeria eta panderoa moduko hitzak datozkie burura. Lagin txikiarekin aritu denez, Azpiazuk ez du uste ondorio sendorik ateratzerik duenik, baina bere ustez euskal musika eta tradizioa estu lotzen dituzte. Arrasateko talde gehienek gaztelaniaz abesten dutela adierazi dute elkarrizketatuek. Erreferente gutxi, beraz.
2. saria: “Sugea dantzan: She's in fashion-etik Bilbao euskaraz-era”, Galder Unzalu.
Espazio publikoaren diseinua eta kudeaketa nolakoa, jendearen erabilera mota eta komunikatzeko aukeratuko duen modua halakoa. Bilboko hainbat espazio ikertu ditu deustuarrak, eta eserlekurik eta ia euskararik gabeko La Alhóndiga eraikinaren adibidea kontatu zuen.
3. saria: “Euskal soziolinguistika aplikatua”, Patxi Juaristi.
Euskal soziolinguistika aplikatuan 70eko hamarkadatik erabili diren metodo eta tekniken bilakaera aztertu du Juaristik. Besteak beste, ikerketa deskriptiboak baino esplikatzaileak gehiago egitea proposatu du.
Nekazari eta abeltzainentzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea etsigarria izan bazen –eta izan zen–, ez pentsa askoz alaiagoa izan denik 2023ko uztailean horri jarritako 4.217 alegazio-egileri emandako erantzunen txostena... [+]
María Chivite lehendakariak esan du kezkatuta dagoela Alemaniatik Volkswagenetik datozen albisteekin, baina aldi berean, konfiantza duela multinazionalak Iruñean duen lantegian, orain arte iragarritako planak betetzen ari direlako.
Sindikatuen ustez, absentismoa ez da arazoa, “baizik eta lan osasunerako araudia errespetatzen ez duen patronala”. Patronalaren jarrera salatzeko baliatu dituzte azaroaren 7an, Bilbon, Confebaskek gai horren inguruan antolatu dituen jardunaldiak.
Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Sendagaien garapena "bizkortzeko, tratamenduak pertsonalizatzeko eta barne-prozesuak optimizatzeko" erabiltzen ari dira adimen artifiziala. Enpresen % 33k erabiltzen du gaixotasunen analisian, eta % 29k sendagaien garapenean eta fabrikazioan.
Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari... [+]
Frantziako Estatuko diputatuak eta senatariak ados jarri dira. Orain arte, alokairu turistiko bat alokatzen zutenek etekinen %50 zergapetik kentzeko aukera zuten, urte osoko alokatzaileek, berriz, %30. Lege proposamenak biak hein berdinera ekarriko ditu, hots, %30era.
Lo Que No Te Cuentan De Donosti taldeak mobilizazio berri bat antolatu du datorren astelehenean, hilak 11, Amara Berrin, Kaleko Afari Solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean. Hiriko hainbat eragile antifaxista eta antirrazista batzen dituen plataformak... [+]
Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.
Israelgo armada urria osoan bereziki gogor aritu da Gazako iparraldean, eta egunotan ere azken urteko erasorik gogorrenak egiten ari da bertan, ehunka pertsona hilda, gehien-gehienak zibilak eta tartean hamarnaka ume. Herritarrei Gazako hegoaldera joateko agindua eman diete... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.