Hurreratzen ari da Korrika 17, eta euskaldunok batuko gaituen festa horren harira, Korrika Kulturalaren baitan hainbat ekimen aurkeztu dituzte, tartean bi berrikuntza: Euskalaketa eta Euskalaklip lehiaketak.
“Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari!”. Horixe da 17. edizio honetarako Korrikak hautatu duen mezua eta proposamena lau haizetara zabaltzeko, bi egitasmo berri aurkeztu dituzte antolatzaileek: Euskarazko bideo laburren lehiaketa (Euskalaklip) eta bakarrizketa lehiaketa (Euskalaketa). Bai batean bai bestean euskara maitatzen, ikasten eta erabiltzen duenari egin nahi zaio gorazarre.
Korrikaren mezua ohikoak ez diren bitarteko komunikatiboen bidez zabaldu nahiak eraman zituen Korrika Kulturaleko antolatzaileak Euskalaklip bideo lehiaketa berritzailea abiaraztera. “Gazte jendearengan bideogintzak eta ikus-entzunezko komunikazioak duten garrantziaz jakitun, ideia ona iruditu zitzaigun ekimen hori martxan jartzea, adin tarte horretako jendearengana iristeko”, azaldu digu Korrika Kulturaleko arduradun Sergio Regueirok. Eta gazte jendearentzat aproposa izateaz gain, ikus-entzunezko ikasketak egiten diharduen nornahik ere aukera polita dauka lehiaketaren bidez bere lanak erakusteko.
Euskalaketan parte hartu ahal izateko gehienez hiru minutuko bideoa aurkeztu behar da, eta denbora tarte horretan Korrikaren mezua (Maitatu, ikasi, ari... Euskalakari!) gutxienez behin azalduko da. Halaber, parte-hartzaileei ezinbestean erabili beharreko hiru segundotako bideoa helaraziko zaie. “Bideoak bildu ahala webgunean zintzilikatzen joango gara, eta, jendeak lanak bozkatzeko eta gustukoen zein duen adierazteko aukera izango du”.
Bisitarien iritzia aintzat hartuko badute ere, ikus-entzunezko irakasleek osaturiko epaimahai batek izango du irabazlearen izena jakinarazteko ardura, eta adierazi dutenez, ideiarik ederrena izango da saritua. Martxoan Korrikaren webgunean bertan ikusteaz gain, Tuenti edota Vimeo gisakoen bitartez ere zabalduko da hautaturiko bideoa. Sariari dagokionez, Euskalaklip-eko irabazleak Mac ordenagailu bat eskuratuko du. Saria banatzeko ekitaldia Korrikako azken egunean bertan egingo da, Donostian, Euskalaketaren finalarekin batera.
Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin elkarlanean jarri dute martxan Korrika Kulturalekoek bigarren proposamena, Euskalaketa –euskarazko bakarrizketa lehiaketa–. “Euskalakari hitza zabaltzeko bitartekoen gainean pentsatzen genbiltzala, ohartu ginen oro har Euskal Herrian ez dela euskarazko bakarrizketarik egiten, eta, orduantxe jabetu ginen ideia polita izan zitekeela antzerki formatu hori lantzea”, azaldu digu Sergio Regueirok. Izan ere, Villabonan lehenengoz iaz jarri zuten martxan gisa horretako lehiaketa bat, baina herri formatuan soilik jorratzen da, eta horrenbestez, euskarazko antzerkigintzan eremu berri bat sustatzea egoki ikusi zuten Korrikako antolatzaileek. Hala, euskal kultura batetik eta antzerkia bestetik jorratu nahi izan dituzte ekimen horrekin. Esan eta egin; Antzerkizale Elkartearengana jo zuten eta erantzun ezin hobea jaso. “Korrikarekin elkarlanean aritzea guretzat gozamena da, eta gainera, gure elkartearen xedea beti izan da euskaraz eginiko antzerkizaletasuna sustatzea”, baieztatu du Idoia Gereño EHAZEko idazkari-koordinatzaileak. Garrantzitsua deritzo euskarazko bakarrizketa formatu hori landu eta geureganatzeari, euskarazko umorea egon badagoelako haren esanetan, lantzea falta ei zaigu, ordea. “Maiz bakarrizketak eredu amerikarrarekin lotzen ditugu, edo behinik behin guretzat erdalduna den eredu batekin; baina euskaldunok ere umore handia daukagu!”. Horren adibide gisara aipatu ditu Wazemank telebista saioa, edota Kutsidazu bidea, Ixabel edo Ama begira zazu antzerki lanen gisakoak. Hori bai, gure umore hori erakutsi eta normalizatzearen beharra aldarrikatu du, euskaraz ondo pasa dezakegulako.
Euskara eta antzerkia, antzerkia eta euskara; dikotomia hori gurean ez da berria, historikoki antzerkia –nagusiki XX. mende hasieran– euskara bultzatzeko erabili izan baita. “Euskara teknikoki erakutsi beharrean, modu dibertigarriagoan eta errazagoan bultzatzeko erabiltzen zen”.
Euskalaketa kanporaketa bakoitzean lehiakideek bi lan egin beharko dituzte: hasteko, gehienez zortzi minututan aurretiaz prestaturiko gai libreko bakarrizketa saioa erakutsiko dute, eta bigarren lanean, Euskalakari hitza landu beharko dute. Azken proba hori egiteko parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost minutu izango ditu. Haatik, bai batean zein bestean antzezpen formatua erabat librea izango da, norberaren sormen lanaren araberakoa.
Sergio Regueirok azpimarratu bezala, bi ariketa horien xedea euskalakari-rik onena hautatzea izango da, euskara modu trebeenean erabiltzen duena, alegia. Izan ere, euskaraz mintzatzeko gaitasuna erakusteko bitarteko bat da bakarrizketa, eta hain justu, gaitasun hori izango da Antzerkizale Elkarteko kideez osaturiko epaimahaiak aintzat hartuko duen alderdietako bat. Euskara maila izango dute kontuan: euskara jatorra ba ote darabilen, testura eta testuingurura egokituta ba ote dagoen... Halaber, testua bera ere aintzat hartuko dute, originaltasuna, sormena eta edukia baloratzeko. Azkenik, antzezpen uneak edo emanaldiak ere bere pisua izanen du. Edonola ere, ikusleen erreakzioa kontuan izango dute, bakarrizketa bakoitza baloratzeko neurgailu ona delako. Horren harira, Gereñok nabarmendu du epaileak ikusleak ere badirela, eta hortaz, ikusleak gozatzen badu epaileek ere gozatuko dutela, eta alderantziz. Behin hori esanda, gehitu du epaileek arreta beste zenbait alderditan ere jarri behar dutela. Lurralde bakoitzean bi epaile izango dira, baina horiez gain, kide bat emanaldi guztietan izango da, irizpide antzekoak erabili asmoz.
Euskarazko bakarrizketa horien alderdirik politenetako bat euskalkien presentzia dela nabarmendu dute Sergio Regueirok eta Idoia Gereñok. “Kanporaketak lurraldeka planteatzearen arrazoi nagusienetako bat euskalkien erabilera izan zen”. Korrikako azken egunean (apirilaren 17an), hain zuzen ere, izango da Euskalaketa-ko finala, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta bertara, lurralde bakoitzeko sailkatua iritsiko da. Beraz, egun horretan taula gainean denetariko euskalkiak entzun ahal izango dira.
Euskalakaririk onenak bi pertsonentzako Kariberako bidaia eskuratuko du, eta lurraldekako kanporaketan garaile ateratzen denak, aldiz, asteburua landetxe batean igarotzeko parada. Idoia Gereñoren aburuz, ekimena ezin aproposagoa da antzerki munduko jendearentzat, baina baita euskaltegietako ikasleentzat ere. “Egia da euskara maila jakin bat edukitzea exijitzen duela, baina jende profil hori tankera horietako erronkei aurre egiten oso ohituta dago, euren egunerokotasunaren parte delako”. Edonola ere, euskara maitatuz, euskara ikasi eta hobetzeko ahaleginak egiten dituen oro ongietorria izango da Euskalaklipen eta Euskalaketan.
Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko Memoriaren Nafarroako Institutuak "Maistrak eta maisu errepresaliatuak Nafarroan (1936-1976)" hezkuntza-webgunea aurkeztu du.
Espainiako Estatuko zentral nuklearrak itxi ez daitezen aktoreen presioak gora jarraitzen du. Otsailaren 12an Espainiako Kongresuak itxi beharreko zentral nuklearrak ez ixteko eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta orain berdin egin dute Endesak eta Iberdrolak.
Gukak “Bilbo erdalduntzen duen makina” ikusaraziko du kanpainaren bidez. 24 orduz martxan dagoen makina salatuko dute, eta berori “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak hartzea eskatuko dute. Euskararen aldeko mekanismoak aktibatzea aldarrikatuko dute.
ERREALITATEAREN HARRIBITXIAK
Nork: Josu Iriarte, Nerea Lizarralde, Jare Torralba eta Amets Larralde. Mikel Martinezek zuzenduta eta Jokin Oregiren testuetatik abiatuta.
Noiz: otsailaren 21ean.
Non: Bilboko 7katu... [+]
15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.
Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu ditu gure lurraldean giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten Estatuaren indarkeriaren beste zazpi biktima. Horien artean, hitzez hitz “motibazio politikoko biktima gisa” aitortzen ditu Patxi Erdozain, Eneko Compains,... [+]
Donostiako alkate ohiak webgune bat sortu du, eta plataformarekin bat egiteko eskatu die herritarrei.
PuntuEus-ek doako tresna erabilgarri bat jarri du edonoren eskura, webguneen segurtasuna erraz ebaluatzeko. Webtest.eus izeneko autoebaluazio-tresna honi esker, erabiltzaileek beren webgunearen segurtasun-maila modu sinple eta argian azter dezakete.
"Historikotzat" jo du otsailaren 27an plazaraturiko epaia Lurraren Altxamenduak sare ekologista antikapitalistak. Bere aldetik, epaiaren "krudelkeria" salatu eta helegitea jarriko duela jakitera eman du Frantziako Estatuak. Duela hogei urte baino gehiago jarri... [+]
Elkarteko Elena Avalosek salatu du aulki gurpildunarekin komunera sartzea oztopatzea, pertsona desgaituen eskubideen, autonomiaren eta duintasunaren kontra doala.
Joan den asteartean La Vanguardia-n argitaratutako artikuluan egin zuen proposamena Txema Montero abokatu bizkaitarrak. 30 urtez Deia egunkariko kolaboratzailea izan da eta lehenik hara bidali zuen bere artikulua, baina egunkariak ez zion argitaratu.
Hemendik aurrera egunkarian soilik "norbanakoen askatasuna eta merkatu librea" sustatzen dituzten iritziak jasoko direla adierazi du enpresaburuak. Iritzi artikuluen zuzendariak hedabidea utzi duela ere argitaratu du.
Urteak iragan dira bere azken argazkia ikusi zenetik. 26 urte daramatza preso Abdullah Öçalanek Turkiako Imrali uhartean, "erakunde terroristako" buruzagitza egotzita. Ostegun eguerdian bere bideo bat ez, baina argazki berri bat zabaltzeko baimena eman du... [+]
Elkarteak ekainaren 27, 28 eta 29an Arberatzen (Nafarroa Beherea) izango den jaialdian izateko aurresalmenta abiatu du ostegunean. Hiru eguneko sarrerak 43 euro balioko ditu eta Ipar Euskal Herriko "lau ertzetatik" festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituztela... [+]