Frantsesezko ARTE katea ikusi ahal izateko zoria daukatenek, martxoaren 15ean daukate aukera ederra, iluntzeko 20:40ean: Marie-Monique Robin-en Notre poison quotidien (Eguneroko gure pozoia) eskainiko dute. Ikerketazko dokumental hau Le Monde selon Monsanto ahaztezinaren jarraipena dela esatea aski da.
Bizi itxaropena jaisten hasiko da laster herrialde garatu deituetan, iragarpen gogor hori entzungo zaio dokumentalean Linda Birnbaum doktoreari, National Institute of Environmental and Heath Sciences erakundeko zuzendariari, Notre poison quotidien filmean. Hori kalkulatzera darama eritasun kronikoak, kantzerrak, gaitz neurodegeneratiboak, ugalketari lotutakoak, obesitatea, diabetesa eta gaixotasun autoimmuneak nola ugaritu diren ohartzeak. Bigarren Mundu Gerra osteko belaunaldiak pozoi artean bizi direlako, amaren sabeletik hasita.
Ikusi beharreko filma izango da. Ingurumeneko eta elikagaietako pozoiek giza osasunean eragiten dituzten kalteez dokumental ugari egin dira. Honakoa, ordea, Le Monde selon Monsantoren egileak sinatzen du, Marie-Monique Robinek (Frantzia, 1960), eta horiek hitz handiak dira.
Monsantori buruzko best sellerraz gain, ikerlan inportante haboro plazaratua du. Voleurs d’yeux (Begi lapurrak) dokumentalean giza organoen lapurreta eta trafikoaz aritu zen, Escadrons de la mort, l’école françaisen azaldu zuen Algeriako gerran militar frantsesek metatutako esperientzia nola esportatu zuten gero Hego Amerikako diktaduretara eta bestetara. Eskandaloa eragin zuen Frantzian, eta Argentinan militar batzuen epaiketara deitu zuten Robin, lekukotasuna eskaintzera.
Urtarrilean ikusi ahal izan zen Notre poison quotidien Miarritzeko FIPA zinemaldian. Geroztik Belgikako RTBF katean eta Suitzako TSRen erakutsi dute, gehi Frantziako zenbait hiritan –tartean Bordele ondoko Bèglen– aurkeztu da eta martxoaren 15ean emango du ARTE telebistak.
Le Monde selon Monsanto dokumentalak azaldu zituen kimikagintzari lotutako agroindustriaren barrunbeak. Tartean zekarren ideia nagusi hau: genetikoki aldatutako landare mota berriak funtsean dira beren baitan pestizidak ondo hartu ditzaketen izakiak. Film berrian egileak jakin nahi du ea zer nolako eraginak dauzkaten pestizida horiek gure osagarrian.
Bere produktuen toxikotasuna Monsanto konpainiak mende batez nola ezkutatu zuen ohartu ahala, galdera berriak sortu zitzaizkion Robini: “Monsantoren jokabidea salbuespena ote da industriaren historian? Nola daude araututa Bigarren Mundu Gerratik gure ingurumena inbaditu duten 100.000 molekula kimikoak? Ba al da loturarik produktu kimiko horien eta, Osasunaren Mundu Erakundeak dioen moduan, herrialde garatuetan ikusten dugun gaixotasun kroniko saihesgarrien artean?”.
Erantzunen bila bi urteko lana egin du Robinek. Hori bai, soilik elikadurarekin zerikusia duten gai kimikoetan arakatu du, bestelako pozoiak –ingurumenari dagozkionak, kimikoak eta gainerakoak– bazter utzi ditu. Liburu eta argitalpen zientifikoetan arakatzeaz gain, toxikologian, biologian eta legezko arauetan aditu diren sorta batekin mintzatu da.
Egunero gizarte industrializatuetan ahoratzen ditugun jakietara pozoiak iristen dira pestiziden, gehigarri edo aditiboen eta jakiak biltzeko plastikoen bidetik. Kimiko horiek pozoi kutsagarriak dira? “Substantzia horiek arriskurik ez balute –erantzuten du Robinek– ez genuke horiek zertan arautu beharrik”.
Horien arriskuak aztertu eta arautzeko agentziak sortu dira azken mende erdian mundu aurreratuan. Agentziok finkatzen dituzte gai kimiko batetik egunean zenbat hartu dezakegun, Eguneko Dosi Onargarria (EDO) delakoa. Hain zuzen EDO horiek nola definitu diren aztertzen denbora asko eman du Robinek, nozitzen dugun kutsadura orokortuaren gakoetako bat horretan datzalakoan.
Brighton-eko uniberstitatean Zientziaren Politika irakasten duen Erik Millstonek adierazi dio kazetariari: “Erabaki arbitrario baten emaitza da, gero kontzeptu sasi-zientifiko bihurtu dena industrialei aitzakia emateko eta politikoak babesteko, adituen atzean ezkutaturik. Eguneko Dosi Onargarria izeneko asmakizuna behar zuten gai kimiko toxikoak usatzeko eskubidea zutela erabaki dutenek”.
XVI. mendean Parazelso mediku suitzarrak esandakoa famatua da: “Dena eta ezer ez da pozoia: dosiak egiten du pozoia”. Medikuntzan eta toxikologian asko aipatu da, erabilpen praktiko asko atera zaizkio. Baina adituek erakutsi diote Robini dogma hori ezin dela usatu pozoi modernoekin. Pozoiok egunero barneratzean pilatzen joaten direlako, eta, bestalde, pozoi mordoxka bat sortzen duten “cocktail eragina” oso inportantea delako.
Azken 60 urteotan nekazaritza industrialean erabiltzen diren gai fitosanitarioak sustraian gerrarako sortutako gasen aldagaiak dira. Lehen Mundu Gerran gizonak hiltzeko usatutako gas klorodunetatik sortu ziren gero DDT eta gainerako gai organoklorodunak. Ondoko urteetan gerrarako gai organofosforodunak asmatu ziren, eta militarrek usatu ez zituztenez, nekazaritza kimikorako birziklatu zituzten.
Horiekin igurtzitako landare, fruitu eta aleak herritarrok kezkarik gabe jan ditzagun asmatu zuten Eguneko Dosi Onargarri famatua. Pozoi bakoitzean dosiak nork nola definitu dituen eta horien erabilera nork nola kontrolatzen duen ikertu du Robinek. Filmaren aurrerapenean eta egileari egin zaizkion elkarrizketetan iragartzen denez, dosi horiei buruzko informazio guztia industria kimikoak kontrolatzen du, hasi eta buka.
Filmean tarte zabala dute nekazariek. Hauek eguneroko lanean kopuru handitan iresten baitituzte gero gainerako herritarrok elikagaiekin ahoratuko ditugun pozoiak. Ikusle asko harrituko dira jakingo dutenean Mutualité Sociale Agricole izeneko aseguroak lanbideari lotutako gaixotasuntzat aitortu dituela laborari batzuek dauzkaten eritasun larri batzuk, tartean kantzerrak eta Parkinson gaixotasuna.
Beti lekuko bila, izen eta abizenez aipatzen dira dagoenekoz Frantzian epaileek pestizidekin zerikusia zutelakoan lanbide eritasuntzat aitortu dituztenak. Horietako bat zen Yannick Chénet, berriki hila eta Marie-Monique Robinek filma dedikatu diona.
Chénetek hirurogei hektarea gari eta sei hektarea mahasti lantzen zituen, Charente Maritime eskualdean. Leuzemia mieloide bat garatu zuen, borroka luzeen ondoren epaileek berretsi zutenez, bere laboreetako xomorroak akabatzeko erabiltzen zituen pozoietan zegoen benzenoaren eraginez. Oso ahulduta zegoela, 2010ean parte hartu zuen arrazoi beragatik gaixo dagoen beste baserritar baten, Paul Françoisen, omenezko ekitaldian, Ruffec herrian.
Paul François honen semeak maskuriko kantzerra omen du. Medikuak esan die “mahastizainaren eritasuna duela”. Alboko kalte bat.
Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]
Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.
Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]
Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari. Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.
ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.
Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]
Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.
Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute.
PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.
Itxaron zerrendak gutxitzeko Osasunbideak hartutako estrategiak gaitzetsi ditu Plataformak