argia.eus
INPRIMATU
Guk ere demokrazia

Ixabel Etxeberria 2011ko martxoaren 02a

Asteburu honetan gure herrian Jon Telleria izan dugu gogoan. Jon Urruñara bizitzera etorri zen eta laster baino fiteago integratu zen bertan, tokiko elkarteetan sartuz eta tokiko jendearekin harremanak sortuz.


Jon ez da inoiz gorde, herriko karriketan ikusten genuen, bere herrian bezain gustura ikusten genuen. Nonbait pozgarria zen guretzat, gazte independentista ez baitzen galdua sentitzen. Hemen egindako lanaren ondorioa dudarik gabe. Ostiralean, bere mezua entzun dugu, argi, ozen, herriarekiko atxikimendua aldarrikatzen. Gure indarra gazterian dago. Noiz arte atxikiko dute preso?


Arabiar herrialdeetan goraki demokrazia eskatzen dutelarik, herri mobilizazioetan agintarien kritikak oihukatuz, despoten salatzaile, kanporatzaile, eredugarriak direlarik hain handiak omen diren gure demokrazietan zer diogu, zer berri, zer gogoeta berritzaile sortzen al da? Bai, Europan, Frantzian eta Espainian, politika egiteagatik zenbat daude preso? Tunisian, Egipton presondegiak irekitzen dituztelarik, gurean gero eta jende gehiago preso sartzen da politika egiteagatik. Egoerak ez dira errexki desblokeatzen. Froga asko behar omen dira independentistez fidatzeko, baita euskaldunen artean ere.


Pasaia herria dolutan izan da asteburuan, bi euskal presoren aita zendu baita. Seme bat Clairvauxko espetxean dago, aitaren ikusteko baimena eskatu zuen, baina epaileak ukatu dio. Gutxieneko jendetasuna galdu du, sekulan izan badu, frantses justizia sistemak. Norberari gurasoaren agurtzeko aukera ukatzeak ez du izenik. Egunero presoek jasan behar dituzten irainak, zangopilatzeak. Gure demokraziak gaixorik daude, hesten dira, beldurra zabaltzen dute.


Alta, udaberri aldera goaz, Herri Urrats, Korrika hurbiltzen zaizkigu, euskarari diogun atxikimendua erakusteko parada ezin hobeak, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko uneak. Baliteke gure hizkuntzaren babesteko behar dugun independentziarako bidea hurbil izatea. Argi izpiak daude.


Ipar Euskal Herria guzti horretan partaidea da. MAMen (Michèle Alliot-Marie) gezurra azaldu da. Haatik, Max Brisson jaunaren gibelean ez da UMP berri bat sortu. Max Brisson jaunak Estatuaren justizia eza hobesten du. Denboraren kontrako lasterketan gaude, euskaltasunaren berpizteko lanak erraldoiak dira. Baina horretara goaz. Lehia irabaziko dugu, abertzale guztiak gure alderdikeriak gainditzeko gai baldin bagara. Hau baita gure ahulezia. Helburua argia da, eremu politikoa gureganatu, herritarrak konbentzitu, gure helmuga independentzia da zazpi herrialdez osatua. Hau da demokrazia.