Urrun daukaten familia mantentzeko asmoz etorri da emakume ugari. Sexu langile edo etxeko langile dira. Ia denek adinekoak zaintzen dituzte. Sarri ikusezin dira, etxe barruan eta ilegal dihardutelako.
Silvia Carrizo Zumaian (Gipuzkoa) daukan goxoki-dendan aurkitu dugu. Goizez aritu gara berriketan. Bazkalondorenetan, etxetan lanean ari diren emakume etorkinak joaten zaizkio hitz eta pitz aritzera, beti ere atsedenerako baimena dutenak.
Argentinarra da Carrizo eta urteak dira hemen bizi dela. Malen (emakumea, maputxeraz) Etxearen sortzaileetakoa da. Emakume etorkin hegoamerikarrek osatzen dute Malen Etxea. Elkartearen helburua emakume atzerritarrei lurralde berriko eremu politiko, ekonomiko eta sozialean aurrera egiten laguntzea da.
Etxeko langile horietako batzuk ez dira Carrizoren dendara gerturatzen eta argentinarrak kalean agurtu ere ez ditu egiten: “Hedabideetan hainbat etxeko langileren lan baldintza kaxkarrak salatu izan ditugu. Hemen inguruko herriak txikiak dira eta nahiz eta izenik eman gabe egin, etxeko nagusiek jakin dute beraietaz ari ginela. Batzuek hala esaten diote aste osoan etxean lanean daukaten emakumeari: ‘Ez zaitut ikusi nahi dendakoarekin’. Guk lan baldintza txarrak salatu egiten ditugu”.
Euskal Autonomia Erkidegoan, emakume atzerritarren %89 etxeko lanetan aritzen da. Gainerakoek ostalaritzan edo sexu lanean dihardute. Etxeko langileak garbiketan, ume zaintzan, eta batik bat, adinekoak zaintzen ari dira. Kalean ikusten ditugu zaharrekin pasieran, alabaina, ikusezinak dira arrazoi bikoitzagatik: batetik, eguneko ordu gehienetan etxe barruan jarduten dute lanean, eta bestetik, ilegalak dira.
Hein handi batean gure zaharrak zaintzen ari direla esan dugu. Egoera horretara nola iritsi garen jakiteko hiru arrazoi bederen eman ditzakegu: gero eta gizarte zaharragoa gara; orain arteko zaintzailea, bertako emakumea, etxetik kanpo ari da lanean; eta zerbitzu publiko ezari aurre egiteko, familiek irtenbide pribatuak aurkitu dituzte. Carrizoren ustez joko zitala da: “Langile klaseko familiak adinekoa zaintzeko bi aukera ditu, edo senide bat etxean geratzen da, edo kanpokoa kontratatzen du. Kontratatzeko baliabide ekonomiko askorik ere ez dauka, baina batzuetan beste erremediorik ere ez. Etorkinari lan baldintza kaxkarrak eskaintzen dizkion arren, emakumeak onartu besterik ez du, lan horren behar gorria baitauka. Geriatrikoak hilean 3.000 euro balio dezake eta diru horrekin hiru-lau hilabeterako kontrata dezakezu langilea. Langile klaseko familiak daukan irtenbidea norbait zapaltzea da, eta ez edozein, emakume txiroa eta atzerritarra”.
Krisiak atea jo duenetik kontuak beste bide bat hartu du. Balio gutxien izan duten lanak hartzen hasi dira berriro bertako langileak: etxe eta atari garbitzera eta zaintza lanetara itzuli dira. Pentsa liteke hemengo emakumeek atzerritarren lan baldintza berak izango dituztela, baina inkestek eta ikerketek ez diote horrelakorik. Etorkin asko lana egiten duten etxe berean bizi dira. Bertako langileak, agian, hamabi ordu egiten ditu lan egunero, baina bere etxera doa lotara. Litekeena da biek soldata bera irabaztea, aldea dago ordea, lan orduetan. Atzerritarrak astean zazpi egunez egiten du lan eta hemengoak astelehenetik ostiralera. Hainbat familiak adinekoak zaintzeko aurkitu duen formula ondokoa da: bertako langileren bati edo senideren bati ordaintzen zaio astean zehar zaharra zaintzeko eta asteburuetan senideak txandakatuz moldatzen dira. Langile horri oporrak ordaintzen zaizkio, atzerritarrari ez bezala. Adinekoaren zaintzailea etxekoa denean bi diru iturri ere izaten ditu: senideek emandako soldata kaxkarra (Gizarte Segurantzan izena eman gabe) eta Eusko Jaurlaritzak etxekoa zaintzeagatik ematen dizkion 400 euroak. Horrela itxuratzen du hileko jornala.
Berez ere lan baldintza kaxkarrak dituen lanbidean zergatik halako diferentziak bertako eta kanpokoen artean? Carrizok aho bizarrik gabe hitz egin du: “Klase eta etnia kontua da... garbiago nahi baduzu, arrazismoa. ‘Zu eta ni berdinak izan gaitezke, baina zu diferentea zara’. Gainera, konplexurik gabe egiten duzue, zuen parekoari horrelakorik egitea ez zaizue otutzen”.
Malen Etxeak, 2006 eta 2007 urteetan, etxeko langileen lan baldintzak aztertzeko 36 atzerritarri inkesta egin zien. 34 hegoamerikarrak ziren eta bi Europa Ekialdekoak. Horietatik 30ek lantokia bizitoki zuten. Inork ez zeukan Gizarte Segurantzarik. Inkesta horiei esker lortu dira, besteak beste, hurrengo orrialdean dauden datuak. Ikuspegi kuantitatibotik kualitatibora jauzi egin nahian, talde horretako hamabost emakumerekin hiru bilera egin zituzten. Haiek kontatutakoen laburpena egiten saiatuko gara ondoren.
Bertakoekiko harremana inoiz ez dela horizontala azpimarratzen dute langileek: nagusia/langilea, sendagilea/gaixoa eta alokatzailea/maizterra, esate baterako. Aisialdirako astirik ez dutenez etxe inguruan dabiltza eta etxekoekin baino ez dituzte harremanak; beraien nagusiekin, zaintzen dituzten haur eta zaharrekin, eta etxeko lanetan ari diren beste langileekin. Etorkinei ez zaie galdetzen jatorrizko herrialdean zein lan egiten zuten, ezta zer egiten dakiten ere. Alabaina, ikasketarik gabekoak gutxiengoa dira. Sarri umiliatuak sentitzen dira. Mahaiaren inguruan eseri ziren hamabost emakumeek honelako adibideak eman zituzten: lurra belaunikatuta garbitu behar izatea; arropa nola zintzilikatu, ohea nola egin edo letxua nola garbitu behin eta berriz azaltzea; zenbat jaten duten kontrolatzea eta azpimarratzea zenbat gastatzen duten beragatik janaritan. Emakume batek, kafea tarteko, nagusiak egindako oihuak kontatu zituen.
Nonbait, langileak kafea egin eta edan zuen, eta nagusiak esan zion kafea garestia dela, berak agindu gabe nola egin zuen horrelakorik, eta txikoria erabili behar zuela.
Sexu jazarpenak ere jasan dituzte, nahiz eta ez dituzten hain erraz kontatzen. Malen Etxeak antolatutako mahai-inguru pribatu haietan, geroko batean, agertu ziren horrelako kasuak. Langileek ezkutuan gordetzen dituzte gertaera horiek, lotsagatik eta lana galtzeko beldurragatik. Behin baino gehiagotan, lana uzterakoan kontatu dute gertatu zaiena, lan hori hartzera zihoanari horrelakorik opa ez zielako. Etorkinek oso barneratuta duten esaldiak sexu jazarpenak ezkutatzen laguntzen du: “Hortara etorri gara, aurpegiratzen diguten guztia jasatera”. Ohikoa da esatea egunerokoan ondo tratatzen dituztela, baina galdetzen hasiz gero, beti daukate diskriminazio adibideren bat.
Sexu jazarpenak bezala, isilean dauzkate jasandako irainak eta tratu txar fisikoak. Emakume batek kontatu zuen zaintzen zuen adinekoak zaplaztekoa eman ziola. Ospitalean zeuden eta bertako langile bat aurrean zela zaintzaileari belarrondokoa eman zion zaharrak. Zaintzaileak zaharraren seme-alabei ez zien ezer esan, baina uste du erizainak zerbait esan ziela: “Gertatutakoa ikusi zuen erizainak zerbait esango zien, zeren zaharrak ez dit eskurik altxatu berriro”. Ugazabek botere handia dute, haien esku baitago atzerritarren eta familien biziraupena eta etorkin horiek erregularizatuta egotea edo ez.
Malen Etxeak, hainbat ikerketa kuantitatibo eta kualitatibo egin eta gero, aurrera begira lantzeko hiru gai nabarmendu ditu: etorkinek etxera bidalitako dirua zertarako erabiltzen duten; itzulera nola antolatzen duten; eta beraien haur eta adinekoak han utzita besteenak zaintzeak emozionalki nola eragiten dien.
Esan dugu bertako jendearekin ez dutela aparteko harremanik. Lana egiten duten etxekoekin dute erlazioa eta aisian haien herrialdekoekin edo beste atzerritarrekin elkartzen dira. Ikuspegik (EAEko Immigrazioaren Euskal Behatokia) ematen dituen datuak gogoan egin digu hausnarketa Carrizok: “Tolerantzia indizeak aldatzen ari dira eta kezkatzekoa da. Gertaera isolatua da, adibidez, Bilboko metroan ostikoka ibili zuten neska paraguaiarrarena, baina horrelakoak ezin dira ahaztu. Euskal gizarteak beti irudikatu izan du immigrazioa hirukoiztuta. Integrazioa zer da, tabernan sartu eta bachata dantzatzea eta couscousa jatea? Hori ez da integrazioa, hori aisialdia da. Sinpatikoak gara zuen lan esparruan, osasun zentroetan eta babes ofizialeko etxebizitzen zozketan sartzen ez garen bitartean. Batzuen eta besteen eskubideez hitz egiten hasten garenean ez dago integraziorik”.
Elkarrizketa San Sebastian egunean egin genion Azpeitian (Gipuzkoa). Konbertsazioa emate aldera galdetu genion ea umeen danborrada ikusi zuen: “Seme-alabak dauzkat eta...”, ez genion ondo entzun esaldia eta: “Seme-alabak danborradan atera dira?”, “Ez, bost seme-alabak Hondurasen daude”.
32 urte dauzka, eta egunak beharko lituzke Hondurasetik alde egin zuenetik (duela bi urte) bizi izan duena kontatzeko. 17 urteko bikiak ditu eta ezkondu ondoren hiru seme-alaba izan zituen, orain 12, 11 eta 9 urtekoak. Senarra Nikaraguara joan zen lanera eta beste emakume batekin geratu zen. Bermúdez lana aurkitu ezinik zebilen, bost seme-alaben ardura osoa zuen eta senarrak zorrak utzi zizkion. Bankuak kontu korrontea eta etxea eraikitzeko zeukan lur zatia kendu zizkion. “Nik ez nuen inoiz pentsatu bidaiatzea, besteak beste bost seme-alaba ditudalako, baina egoera oso larrian nengoen”.
Honduras, Paris, Zumaia. Nolakoa izan zen Euskal Herrira iristea?
Ia urtebetez egon nintzen hemen lanik egin gabe. Ateak jotzen nituen, baina batere ez zen irekitzen. Zarautzen dokumentazioa lapurtu zidaten. Ate guztiak jo nituen, zer ez nuen jo! Moja batzuengana ere joan nintzen eta ateko leihatila itxi zidaten, ezer esan gabe. Ez nintzen berriz itzuli. Ez nekien norengana jo. Hemen gaizki nengoen, Hondurasetik bankua atzetik neukan eta haurrengandik banatu izanaren mina neukan.
Urtebetez bakarrik ibili al zinen?
Neskekin [emakume etorkinekin] ibili nintzen, baina urtebete pasa eta lanik ez nuela aurkitzen ikusita albo batera utzi ninduten. Mutil batek esan zidan galdutako paperak errekuperatzeko nola egin behar nuen. Baina nik beldur handia nuen, ez neukan ez lanik eta ezta paperik ere. Jaioterrira bidaliko nindutela uste nuen, eta kalera ateratzeko ere beldur nintzen. Ertzaintzara joateko esan zidaten salaketa jartzera eta joan egin nintzen. Ordutik ateak irekitzen hasi zitzaizkidala sentitu nuen, oso harrera ona egin zidaten. Gero Silvia [Carrizo] hasi zitzaidan laguntzen... Nire historia oso luzea da...
Lehenengo lan egonkorra Zumaian aurkitu zenuen.
Ordura arte garbiketa lan asko egin nuen, baina nik lan egonkorra nahi nuen. Eduki dudan lanik okerrena izan zen. Oso gaizki tratatu ninduen etxeko aitak. Igandean lau-bost ordu izaten nituen libre aste osoan. Janaria ukatzen zidan eta jo egin nahi izan ninduen. Esan nien ez nintzela itzuliko. Hiru hilabete eta erdi egin nituen han. Hura utzi eta Silviak hartu ninduen etxean.
Ezin eta min asko ditu Bermúdezek, baina antzeman diogu ez duela horiez hitz egin nahi. Eta hala esan digu: “Etorri nintzen urte hartan dena gaizki atera zitzaidan eta gaur gauza onak kontatu nahiko nituzke”. Nola esan ezetz?
Dokumentazioaren lapurreta salatuta, Silvia ezagututa... ateak irekitzen hasi zirela sentitu zenuela esan duzu.
Silviaren elkartean [Malen Etxea], egoera antzekoan geunden emakumeok elkarri kontatzen genizkion gertatutakoak. Haiek esaten zidaten ez etsitzeko, lan bila, ate joka segitzeko. Orduz geroztik jende askok eskaini zidan bizilekua aldi baterako, Zumaiako gizarte zerbitzuetara jo nuen eta oso ondo tratatu ninduten. Diru-laguntza jasotzeko aukera neukan, baina garbi esan nien ez nuela laguntzarik nahi, lana baizik.
Aurkitu al zenuen lan egonkorrik?
Zazpi hilabete egin nituen Azpeitiko familia batean zaharra zaintzen, bertan bizi nintzela. Oso ondo egon nintzen, lan baldintza egokietan, tratu ona... Zaintzen nuen emakumea hil zenean hilabete hura ordaindu egin zidaten eta esan zidaten hurrengo lana aurkitu bitartean etxean egon nintekeela.
Eta gero?
Atari berean aurkitu nuen lana, beste zahar bat zaintzen. Hor ere oso ondo nago. Astea etxe horretan pasatzen dut eta asteburuetan Zumaian zaintzaile lanak eta garbiketak egiten ditut. Ez dut ezer utziko badakidalako zer gurutze daukadan han.
Zer moduz zabiltza ekonomikoki?
Zorrak kitatzen ari naiz, baina hiru seme-alaba beraien aitarekin daude. Ni dibortziatzen ari naiz eta era berean hiru haurren zaintza eskuratu nahian nabil. Umeak utzi egin ditudala egotzi dit senar ohiak, baina nik hemendik bost seme-alabak mantentzen jarraitzen dut. Nire ametsa hori da, egoitza baimena lortzea, nire haurrak ikustera joateko. Orain joanez gero ezingo nintzateke itzuli.
Zer moduz moldatu zara hemengo jendearekin?
Zuen kultura hobeto ezagutzen ari naiz eta diferenteak zarete, baina bakoitzak berea dauka. Hori da zuetaz esango dudana: bizitzan denetarik dagoela. Daukazuen izaera daukazue, gogorrak zarete, baina jende oso ona ere badago. Bada zerbait zuengandik gustatzen zaidana, etxean gizonarekiko daukazuen nagusitasuna. Diferenteak zarete gizonak eta emakumeak, baina eskubide berak dituzue.
Krisia tarteko, bertakoak ez al dira itzuli zuek egiten dituzuen lanetara?
Bai, garbiketara, zaintzara...
Eta krisia hor dela, integrazioa zer moduzkoa da?
Hor ez dago integraziorik, aldapa gora jarri da kontua.
2001ean Hego Ameriketatik heldutako hainbat emakume biltzen hasi zen Zumaian. 2003an Malen Etxea sortu zuten. Emakume atzerritarren bilgune garrantzitsua da, hausnarketa feministarako eta elkar laguntzeko tokia. Lanera etorri diren emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzte eta lan baldintza ez-onargarriak salatu. Mota askotako ekintzak dituzte, hala nola, lan poltsa, erregularizazio kontuetarako laguntza, emakumeek jabekuntza prozesua garatzeko hitzaldiak eta bertako emakumeekiko harremana lantzeko ekimenak.
Silvia Carrizo kazetariak (1965, Caleta Olivia, Argentina) oso gertutik ezagutu ditu lanera datozen emakume horietako asko. Lana aurkitzen laguntzeaz gain non lo egin ez zutenak etxean hartu ditu. Hemengoak fede onekoak eta ez hain onekoak omen gara: “Badira batzuk fede onez datozenak [bere gozoki dendan gaude], agian gutxiengoa, eta etxeko lanetarako kontratazioak nola egin galdetzen digute. Beste batzuek balizko langileen izenak eskatzen dizkigute, elkarrizketatu eta ez dituzte kontratatzen. Zenbat eskatzen duten jakin nahi dute”.
EAEn biztanleriaren %6 atzerritarra da. Espainiako Estatuan %12.
EAEko etorkinen %50,6 gizonak dira eta %49,9 emakumeak.
Emakume atzerritarren %89 etxeko lanetan aritzen da.
Lan baimena duten etxeko langileak
%53k noizbait sexu jazarpena jasan du.
%79k hamar ordu baino gehiago egiten du lan eta %21ak zortzi eta hamar ordu artean.
780 euro da batez besteko soldata. Askotan, janaria eta lo tokia ematen zaio, soldatatik kenduta.
%41ari ez zaizkio oporrak ordaintzen edo ez du oporrik.
%64k ez du atsedenik lanaldien artean.
5etik 1ek ez du egun batez ere atseden hartzen.
Iturria: Manos que mueven el mundo txostena. Silvia Carrizo
Frantziako Gobernuaren aurrekontu proiektuan Gizarte Segurantzan egitekoak dituzten murrizketak salatzeko mobilizazio eguna dute ostegunean. Manifestazioa abiatuko dute 10:00etan Baionako geltoki aitzinetik.
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako.
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ipar hemisferioan ikasturtea hastearekin batera izan ohi den albiste-zaparradan argitaratu zen duela astetxo batzuk: aspaldiko urteetan ez bezala, txinatar jatorriko ikasleak (275 milatik gora) ez dira jada ugarienak Estatu Batuetako unibertsitateetako atzerriko ikaslerian;... [+]
Astelehenean abiatu zituzten lanak eta frankismo garaiko 20 biktima berriren gorpuak topatu dituzte honezkero. Asteburura arte luzatuko dute gorpuzkiak lurpetik ateratzeko hirugarren kanpaina.
Sei urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete Oscar Pierreri langileen eskubideen aurkako hainbat delituengatik. Epaiketa asteartean izan da Bartzelonan, eta astelehenean iragarri du legearen pean kontratatuko dituela 15.000 rider. CGT sindikatuak “fiskaltzaren aurrean... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]
Tabernan zaude, barran, eskatu nahian. Mostradorean beste pertsona batzuk ere berdin. Laster izango da zure txanda, baina zuri tokatu arren, zerbitzariak ez dizu galdetu ea zer nahi duzun, salto egin dizu eta zure atzean etorri den gizona atenditu du. Ergel aurpegia geratu... [+]
Neronek esan nezake, baina Macronek esan zuen. Frantses nazioa zatitzeko tresnak omen dira frantsesa estatu hizkuntza bilakatu baino lehenagotik ere exagonoan baziren hizkuntza horiek. Aitortu ordez Frantziak hizkuntza horietako hiztunak azpiratu, uniformizatu eta asimilatu egin... [+]
Bata bestea irentsiz gordetako azken galtzerdi parearen ondoren, ezin izan nuen kaxoia itxi. Horrela zegoen, gaizki itxita, bi astez jada, pijamena (pijamen tiraderan, oparitutako hiru izan ezik, ez dago pijamarik; “etxerako” kamiseta eta galtzaz beteta dago). Atera... [+]