argia.eus
INPRIMATU
Edertasuna eta adina

Juan Ramon Makuso 2011ko martxoaren 02a

Deigarria da nola ari den txertatzen gure kulturan eta gizartean, fisikoaren inguruan, betierekotasunaren ideia, badirudi ez dugula aitortu nahi, jaio-eta, egunak eta urteak, gure ezaugarrietako bat direla, gurekin bat datozela. Hau diot, azkeneko boladan gero eta gehiago ari zaigulako ohiko egiten adina ezkutatzeko joera, zahartzaroa, bere baitan gaixotasun bat izango balitz bezala. Duela gutxi igandeko egunkarietan etortzen den aldizkari gehigarrietako batean, bere azalean agertzen zen Sofía Loren aktoresa, eder eta lirain. Bere itxurak gehiago zeukan berrogei urteko emakume batena hirurogeita hamaseiko batena baino. Nire zalantzak ditut hori egokia den; irudi hori saltzearena, zertara datorren. Itxura, argi eduki behar dugu ez dela benetakoa –esan behar diet Argiako lagunei nire aldameneko argazkia gaurkotu behar dugula, urteak ez dira-eta alferrik igarotzen–, edertasuna urteen poderioz eraldatu egiten baita, baina ez da desagertzen. Edertasuna beti hor egongo da, ikasi behar duguna da begiratzen, bera aurkitzeko, kale kantoiaren bestaldean.