"Guhaurek sozializatu behar ditugu geure ideiak"

  • Donaixti-Ibarre. 1954. Herri Taldeak mugimenduan engaiatu zen gaztetan, Euskal Batasuna  alderdian ondoren. Uharte-Garazin bizi da. Kontularia da lanbidez. Seaskako diruzain izana. EH Bai-ko zerrendaburu da martxoko Departamendu bozetan, Garaziko kantonamenduan.

Dominique Bacho EH Bai-ko zerrendaburua da
Dominique Bacho EH Bai-ko zerrendaburua daGaizka Iroz

Paueko Kontseilu Nagusia berrituko da martxoaren 20 eta 27ko bozetan. Ipar Euskal Herriko 21 kantonamenduetako 10etan kontseilari berriak hautatuko dituzte. Boz hauek sei urterako izan dira orain arte, eta hauek hiru urterako dira; azkenak gisa horretara. Frantziako Gobernuak Lurraldeen Erreforma Legea bideratu du. Aldaketak datoz Hexagonoko marko politikoan.

Frantziako Estatuaren instituzioen aldaketaz mintzatu gara solasaldiaren abiaburuan Dominique Bacho hautagaiarekin: “Eskumenetan aldaketa anitz izanen da, bereziki konpetentzia orokorra galduko dute departamenduek, erran nahi baita ez direla konpetentzia definituez baizik arduratzen ahalko. Departamenduaren ehorzketa bat bezala dira bozka hauek”.

Batzuek alta, erreforma honen gibelean Frantziako deszentralizazio gisako bat “ikusi” dute.

Ene ustez aldiz, zentralizazioa are handiagoa izanen da. Guk Euskal Herriko –eta barnealderako bereziki– botere ahultze bat bezala ikusten dugu. Konparazione, hautetsiak jende kopuruaren arabera hautatuak izanen direnez, barnealdeak –hiriko eta kostaldeko kantonamenduen aldean– hautetsi batzuk galduko dituzte. Hautetsiak gehiago izanen dira hirietako eremu populatuetan eta herriekilako hurbiltasuna galduko dute.

2014tik aitzina Lurralde elkargoen eta departamenduaren kontseilariak hautatuko dira.

Hautetsi kopuru bera izanen da lurraldean eta departamenduan. Baina ez da garbi ikusten finantzak nola kudeatuko diren. Esaterako, profesionalen tasa kenduko dute eta Estatuak diru bat emanen du horren ordainez. Estatuak emandako finantzarekin kudeatu beharko da. Konpetentzia gauza bat da eta ahalmenen ukatea beste bat. Guretzat ahalmenak ukatea kudeaketan eragin ahal izatea da. Adibidez, maila sozialean orientazio ezberdinak ematen ahal dituzu fiskalitatea zure esku baldin baduzu. Irudiz, lege berri horrekin Estatuak fiskalitatea are gehiago kontrolatuko du. Finantza arras giltzatua izanen du, Estatuak bere gain hartuko du ere orain arte ziren kudeaketa txikiak. Guretzat, argi eta garbi, erreformak zentralizazio handiagoa ekarriko du. Gu erreformaren arrunt kontra gaude. Parisko boterek tokiko erakundeek orain arte izandako konpetentzia zenbait apalaraziko dute.

Beste berezitasun bat ere bada: orain arte bozen %10 behar zen bigarren itzulira pasatzeko, orain %12,5.

Baiki, boz ematen ahal dutenen %12,5 behar da bigarren itzulira pasatzeko. Abstentzioa kontuan harturik, bozen %16-17 beharrezkoa izan daiteke. Neurria alderdi handien alde hartua izan da, alderdi tipiak kanpo uzteko.

Bi zerrenda abertzale daude oro har: EH Bai eta EAJ-PNB. Zergatik ez zarete batera aurkezten?

EH Bai koalizioa, EA, AB eta Batasunak osatua da. PNBk ez du koalizioan sartu nahi izan. Berari galde egin behar zaio zergatik. Irudiz, Akitania erregio bozketan emaitza baikorrak egin zituzten eta boz hauetan ere zenbat bilduko duten jakin nahi dute. Emaitza hura egoera berezi batean eman zen nolanahi ere. Gaineratiko abertzaleen taktika ez zen ontsa ulertua izan eta anitzek PNBren alde bozkatu zuten. Halaber, PNBk liberalismoa onartzen du, gu ezkerrean gaude. Arlo sozialean ezberdintasun handiak ditugu.

Garaziko kantonamenduan EH Baik arbitroaren rola joka lezake, naski.

Garazin gerta daiteke ezkerraren eta eskuinaren artean arbitroa izatea, baina hori ez da laketgarria. Kasu horretan joko politikoetan sartzera behartuko gaituzte nolabait, beste alderdien interesen arabera moldatzera “bortxatu”. Emaitza onak baldin badira lehen itzulian, egokiena guhaur bigarren itzulian egotea litzateke. Barnealdean aukera onenak ditugu zerbaiten erdiesteko. Iholdin konparazione. Baina, Daniel Olzomendik aukera izanik ere, zaila izanen da. Azkeneko bozetan oraingo hautetsia, Jean-Louis Caset, lehen itzulian hautatua izan zen, bozen %60 bilduz. Noski, leku bakoitzean hautua egin beharko da, beste hautagaien zintzotasunaren arabera.

Zein dira EH Bairen lema edota helburua kanpainan, Garazin eta oro har?

EH Bairen lema da “Euskal Herria, gure indarra. Lan, bizi eta erabaki Euskal Herrian”. Helburu nagusienetarik da euskal instituzioa erdiestea. Garaziko problematika gaitzena lurraren eta enpleguaren inguruan ematen da. Bestela badirudi ere, Garazin lur eskasa dago, lurraren kudeaketa biziki inportantea da ere Garazin. Enpresa jinarazteko arazoak daude, enpresendako lurrik ez badago, beste norabait joanen dira. Herri Elkargoetan lurra xerkatzen ari dira. Etxebizitzaren problematika ere handia da. Euskal Herrian eta Garazin ere lurrak biziki garesti saltzen dira. Donibane ondoko lotizamendu [orubeak] batzuen metro karratua 100 eurotan dago. Gazteek zail dute horren gainean etxe baten egitea. Enplegua sortzea zaila da, berau sortzeko laguntzak urriak baitira. Gero eta jende zahar gehiago dago, horien beharrei erantzuteko zahar etxeen eta ospitaleen beharra dago, baina gazteak hemen egon daitezen hauei buruz pentsatu behar da ere bai.

Frantxua Maitia (PS) da kontseilaria. Zer bilan egiten duzue bere lanaz?

Garazin ez dugu diferentzia handia atzeman kontseilari denetik. Maitiak berak dioenez, abantaila da instituzio anitzetan egotea: Departamendu eta Erregio kontseiluetan, bera sosa dagoen erakundeetan dago. Hautetsiek diru publikoa kudeatzen dute, baina beren zeregina diru banaketara mugatzea damugarria da. Hautetsiek elkar laguntzeko lan egin behar lukete, politika bateratua garatzeko. Dirurik ekarri gabe ere, proiektuen arteko koherentzia erakutsi beharko lukete. Hautetsien lana diruaren kudeaketara mugatzea politikaren gaitz larrienetarik bat da.

Kontseilu Nagusiak Nafarroan Gaindiko 2X2 autobidea bertan behera utzi zuen 2007an. Gai horren inguruko lehiek eraginen dute bozetan?

Eragin dezakete. Proiektuaren alde aritu zirenek erantzun ezezkorra ukaten ahal dute. Jean-Jacques Lasserre eta Barthelemy Aguerre izan ziren 2X2 proiektuaren sustatzaileak, horiek sostengatzen dute Jean-Marie Mailharro hautagaia (Forces 64). Mobilizazio azkarrak izan ziren Garazi, Oztibarre eta Amikuze eskualdeetan, eta horrek zenbait zauri utzi zituen. Nolanahi ere, Maitia kontra agertu zen, alderdi sozialista horren argi agertu ez bazen ere.

11.300 ibilgailu iragaten dira egunero Donibane Garaziren erditik. Nola konpondu arazoa?

Gu saihesbidea egitearen aldekoak gara. Pentsa, arazo hori 1956an aipatua izan zen jada. Geroztik boterean izan direnek ez dute deusik egin. Beharbada, Donibaneko merkatariek ez zutelako desbideratze hori obratzea nahi. Artean, etxeak egiten utzi dituzte, eta orain zailtasun gehiago dago bidea pasarazteko. Desbideratzeak halere neurrikoa izan behar du. Guk ez dugu autobidearen proiektuaren urrats bide bat eman nahi. Guk desbideratzearen alde gara eta hautetsi ia denak ere bai. Gero, bada arazo bat, kilometro bat eta erdian ez da oraino finkatua bidea nondik iraganen den. Guk erran dugu ez garela kapable horri buruzko jarrera finko bat hartzeko, teknikoki elementu guztiak ez ditugulako. Azterketa guztiak egin behar dira, proiektua abiatu den lekutik joanen ote den ikusteko. Oro har, guk iparraldetik joatea nahi dugu, Izpura eta Donibane artean. Bidea ontsa integratu behar da bai ingurumenean eta bai auzoetan. Harrabotsa kentzeko neurriak hartu behar dira ez dadin auzoetan gogaikarria izan.

2x2 autobidearen aldekoek Nafarroan gaindiko komunikazioa sustatzekoa zela zioten.

Nafarroa Garaiari buruz nahiz Hegoaldeari buruz oro har, gauza bat da bidea egitea eta beste bat da loturak ezartzea, loturak egin behar baitira. Bidea azaleko gauza bat da funtsean. Loturak, eman dezagun, hemengo eta hango komunitateen artean benetako kontratuak egitea da, egiazko harremanak sustatzeko. Orain ez dago harremanik hango eta hemengo instituzioen artean, ez Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen artean. Guk zerbaiten egiteko Paueko edo Bordeleko instituzioetatik pasa behar dugu. Geure instituzioaren behar handia daukagu. Oraingo instituzioek ez dituzte egiazko harremanak bultzatzen. Arnegi eta Luzaide artean muga handia da oraino.

Gaztetxe bat eskatzen dute Garaziko gazteek. Zertan da afera?

Maitiak ez du bete hitzeman zuena. Gainera, gazteen gain ezarri du Gaztetxea egin ez izana. Gazteak alta, antolatuak dira, elkartea osatua dute baina ez dute atzematen kokatzeko eraikin bat. Gazteak borda batean egin dute Gaztetxe gisako bat. Gaztetxea kantonamendu guztirako proiektua da, ez da ostatu bat, informazio eta eztabaidarako lekua da, bizigune bat. Maitia ez da hain ziur arduradun bakarra, hor daude ere Herriko Etxeak. Denek behar dute indar egin eta gazteen eskaera beren gain hartu. Alabaina horrelako gauzetan ardurak banatzen dira.

Laborantza Ganbara bertan izanik, gai garrantzizkoa da laborantza Garazin.

Laborantza gure ekonomiaren iturri handiena da, Garaziko bizkar hezurra. Bere inguruan enplegu asko mugitzen dira, kooperatibak, saltokiak eta enplegu asko zeharka. Euskal Herriko Laborantza Ganbararen filosofia hain zuzen, laborantza tipiaren eta ertainaren sustapena da, ahal bezainbat etxalde bizirik egon dadin eta etxaldeetan gazteak planta daitezen. Horiek biziarazten baitituzte herriak, baita kalitatezko mozkinak bermatzen ere. Ez bakarrik kantitateari begira, kalitateari dagokionez ere bai. Gurea mendiko laborantza da, laborantza intentsibotik urrun ari dena. Kalitatea sustatzea da aterabidea. Sormarken inportantzia handia da, kalitatea aitzinetik ezartzen baita.

Euskara ere kanpainako gai funtsezkoa izanen da. Garazin ere bai!

Bai, biziki arranguratuak gara. Barnealdean gero eta euskara gutxiago entzuten baita. Garazin ere frantses gehiago entzuten duzu euskara baino. Kanpainan hautagai denek euskararen alde daudela erraten dute, baina erabilpena gutxituz doa, barnealdean ere behera doa. Kostaldean arrunt beherean dago, baina gazteek ikasten dute, gutxi baina gisa batez entzuten da. Garazin gazteen artean beheiti ari da. Lan gaitza dago egiteko. Egia da ere, ikastoletan gero eta haur gehiago ari dela, eta guraso gazte zenbaitek, beraiek euskara galdu badute ere, kontzientzia hartu dute eta haurrak ikastoletan eman dituzte. Euskararen aldeko atxikimendu froga da hori, jarrera baikorra geroari buruz, baina barnealdean ere euskararen egoera oso larria da.

“Abertzaleok elkar lagundu behar dugu”

“Duela 30 urte jende gazte anitz bildu ginen Herri Taldeak mugimenduan. Abertzaletasunaren berpiztea izan zen nolazpait. Enbata fenomeno politikoaren ondorengo belaunaldia izan ginen. Taldeak herrikal biltzen ziren. Mugimenduak Baigorrin ukan zuen bihotza. Garai inportanteak izan ziren: ikastolen eta laborantzaren aldeko manifestazio gogorrak burutu ziren. Turismoaren aurkako borroka azkartu zen. IK agertu zen. Gero sortu ziren Euskal Batasuna, EMA, Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna, Batasuna...

Garai haiez geroztik onarpen bat erdietsi du abertzaletasunak. Orduan abertzale izatea zaila zen herrietan. “Abertzalea” eta “terrorista” usu parekatuak. Egun aldiz, normaltasun osoz hartzen gaituzte herritarrek. Beste indar politikoek ere onartuak gara. Jendeak badaki zer garen, ez du apriori abertzaletasuna errefusatzen. Hori irabazi dugu. Hori inportantea da, baina inportantea da ere abertzaletasuna gauzatu dadin bozketan. Orain, bozetan jende ‘normalak’ gara abertzaleok. Eta bertze alderdiek abertzaleon ideiak beren gain hartu dituzte. Hori ontsa da, baina datozen urteetan, guhaurek sozializatu behar ditugu geure ideiak: gure herrian euskaraz bizitzeko eta erabakitzeko eskubidea irabazi behar dugu instituzioetan. 

EH Baiko hautagaia naiz Garaziko kantonamenduan. Desberdintasunak dituzten alderdiek osatua da (AB, Batasuna eta EA). Alta, une honetan batasunean aritzeko manera hedatzen ari da Euskal Herrian, elkar lagundu behar dugu. Aurkariek gogor egiten digute, eta guk aurre egin behar diegu, gure ikusmoldeak argiki plazaratuz. Herritarrei beste garai batean sartzen ari garela ohartarazi behar diegu”.


Azkenak
2025-02-13 | Axier Lopez
Balea eta izurde sarraskiaren aurkako boikota

Faroe uharteetan, Ipar Atlantikoko artxipelago bat, Danimarkaren kontrolpean, urtero ehunka zetazeo hiltzen dituzte –normalean milatik gora–. Batzuek "tradizioa" deitzen diote, hainbat mendetako antzinatasuna duelako. Baina odolez gorritutako hondartzan... [+]


2025-02-13 | Gedar
Errusiako gasa Europara itzuli da, TurkStream bidetik

Ukrainako fluxua eten ostean, Errusiako gasa jasotzen jarraituko duela iragarri du Eslovakiak, eta Transnistriak uko egin dio Europaren "laguntzari".


GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea
“Nola da posible irakasleak EHUn jarraitzea? Urteak daramatza erasoak egiten, eta jakina zen”

Gasteizko Campuseko Filologia Hispanikoko irakasle baten aurkako salaketen berri izan bezain azkar, asanblada irekia egin zuen GUET Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak. Aste bakarrean “hamarnaka” salaketa eta testigantza berri jaso dituzte. Irakaslearen... [+]


Aski Da mugimendua Irungo Udalarekin bildu da: hizkuntza politika berri baten lehen urratsak?

Gabonetako argiak pizteko ekitaldia espainolez egin izanak, Irungo euskaldunak haserretzeaz harago, Aski Da! mugimendua abiatu zuen: herriko 40 elkarteren indarrak batuta, Irungo udal gobernuarekin bildu dira orain, alkatea eta Euskara zinegotzia tarteko, herriko eragileak... [+]


1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur (Ikasle Abertzaleak): “Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]


Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


Teknologia
Bilakaera kontzientea

Zer jakin behar dut? Norekin erlazionatu behar dut? Non bizi behar dut? Ardura horiekin gabiltza gizakiok gure gizarteen baitan bizitza on baten ideia bizitzeko bidean. Ondo erantzuten ez badakigu, bazterretan geratuko garen beldurrez.

Joan den astean, kanpoan geratzearen... [+]


Eguneraketa berriak daude