argia.eus
INPRIMATU
Sinde legea

Josu Amezaga @FloresenaBarria 2011ko otsailaren 22a

Hala ezagutzen da Espainian filmak doan eskaintzen dituzten webguneak ixtea erraztuko duen araua. Sorkuntzaren aldeko argudioak erabiltzen dira, besteak beste, horretarako; argudio horiek ez zaizkit batere sendoak iruditzen ordea. Filmak doan jaisteak kaltea nori egiten dio begiratu beharra dago, eta honekin egiten dugu topo: Interneten historian gehien deskargatu den filma, zinemaren historian diru gehien bildu duena izan da: Avatar (400 milioi inguruko inbertsioa, 2.200 milioiko bilketa: erdia ekoizleentzako mozkin, dena urtebetean). Ildo beretik, kontuan hartuta Estatuko zinema aretoetan ikusten diren filmeen %70 AEBetakoak direla, pentsa daiteke saretik eskuratzen diren gehienek ere jatorri bera dutela. Horrek esplikatzen du AEBetako Madrilgo enbaxadaren parte-hartzea lege honen sorkuntzan (wikileaks-ek argitaratua).


Hollywoodek munduko gainerako zinemagintza nola zapaltzen duen ikusita, pentsa liteke gehienbat industria horri mesede egiten dion lege batek sorkuntza bultzatuko duenik?


Lekurik ez eta, beste baterako utziko dut auzi honek zinema aretoetako lanpostuekin duen lotura.