argia.eus
INPRIMATU
Sain-arraina
Jakoba Errekondo 2011ko otsailaren 23a
landarea
Ralf Roletschek - CCBy S.A.

Espainiako inperioaren harropuzkeriari estuegi lotuak bizi ginen euskaldunak, mundu erdia hankapean zuen estatu hiltzaile haren estolderia eta minda-zuloetan geuretako askok bete zituen patrikak. Urapar hartatik, ordea, kalte larria besterik ezin etorri. Guda txoroetan urperatutako ontziteriak gizarte hiritar eta industrial osoa eraitsi zuen. Eskerrak artoa Ameriketatik ekarria genuen ordurako. Burdingintza, merkataritza, ontzigintza eta abar utzi eta lurra lantzera eman zen jendea. Artoak gariak halako zazpi ematen zituela jabetu eta hiriak hustu eta baserriak eraiki eta eraiki hasi ziren.


Itsasoan merkataritzarako eta gudarako nagusitasuna galduta, arrantzari besterik ezin izan zitzaion taxuz eutsi. Balea eta bakailaoa ziren arrantzaleen helburu. Gazitutako bakailaoa urte osorako eta nonahirako jaki estimatua zen. Sardina zaharrarekin batera itsasotik urruneko lurretan jaten zen arrain bakanetakoa.


Balearena beste mundu bat zen. Balea ez zen jaten, baina jakiak baino diru gehiago egiten zuen. Saina edo lumera kentzen zitzaion baleari, koipea alegia. Sain-arraina ere esan izan omen zaio. Balea harrapatu eta lurrera ekarri ondoren zatitu, gantz puskak dorla edo pertza handietan surtan urtzen ziren. Urtutako saina barriketan garraiatzen zuten. Balearen koipe hau egungo petrolioa zen. Europa erdia hark argitzen zuen. Argiontziek saina behar zuten eta makina bat arrantzaleren diru iturri ederra zen.


Argiontzi hauek metxa edo mukia behar zuten. Metxa hau Lychnis coronaria belarraren zortenarekin edo lastoarekin egiten zen. Lychnis hitzak grekoz argia esan nahi du. Nahikoa argi dago, ez da? Genero bereko Lychnis flos-cuculi ezagunagoa dugu gure inguruetan.