argia.eus
INPRIMATU
Distortsioan ondutako menu berezia
  • Little Little Much::Give me a little

    autoekoizpena

    iraupena ::25´07´´

    prezioa ::5€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko otsailaren 23a
Little Little Much
Arrasateko talde martziano hau Mallorcan jaio zen aspaldi, eta luzaroan martxa ezin hartuta dago taldekideetako bat Kanariar irletan bizi delako; irla arteko esperientzia. Orain bueltan dator hirukotea eta “Pixka bat es mucho” kanpainaren izenaren plagioagatik Jaurlaritzaren kontra borrokatzeko asmo biziarekin gainera. 90eko hamarkadako usaina, sonoritatea eta koipea dauzka etxean eginda dagoen disko honek: rocka, stonerra, metal tantak eta post-hardcorea, hori guztia noise eta grungeak berezko duten zikintasun eta distortsioan ondo irinduta. Aukeratutako hizkuntzak irletako sasi-ingelesa eta euskara, biak batzen ditu, umorea eta surrealismoa lotzen dituzten istorioetan. Musika benetan maite eta bizi duen talde zikin eta dibertigarri gutxienetakoa. Jet lag-aren edo itsaso txarraren errua?

www.myspace.com/littlelittlemuch
"90eko hamarkadako musika entzuten dugu; gaur egun ez dago halako talderik"

Zer gertatu da taldea hainbeste denbora isilik egoteko?

Distantzia da errudun nagusia. Karlos Kanariar uharteetan bizi da eta pazientzia handia behar da taldeak aurrera egiteko. Eskerrak on-line taldea garela: Karlosek handik gitarra erritmoak bidaltzen dizkigu eta beste biok lokalean kantei forma ematen diogu; eta bera gurera etortzen denean kantak borobildu egiten ditugu. Asmoa daukagu orain laster kontzertu batzuk egiteko.


“Zuk zeuk egizu!” praktika muturreraino eraman duzue…

Bai, gaur egun aukera handiagoak daude zuk zeuk egiteko, eta langabezian bazaude, hobe duzu irudimenari eragitea. Gainera, disko arrunt bat atereaz gero, ez ginateke gustura geldituko; zerbait behar zuen. Diskoa lokalean grabatu genuen, kopiak guk egiten ditugu eta zorroak eskuz eginda daude, artisau-lana da. Horrez gain, diskoa doan deskargatzeko jarri dugu gure myspacean.


Zuek zuentzat egiten duzue musika. Inporta zaizue jendeak gustuko izatea?

Bai, guk musika guretzat egiten dugu, ondo pasatzeko, eta hori aspaldi lortu genuen. Hori ez balego, ez genuke jarraituko. Hala ere, egia da jendeari zabaltzea atsegin dugula, horregatik jarri dugu deskargatzeko moduan.


Nire ustetan zuen musika 90eko hamarkadan erabat sustraituta dago. Zer du hamarkada horrek?

Egia da. Gu orduan hasi ginen musikaz gozatzen eta jotzen, eta horrek arrasto handia utzi du gugan. Egia esanda, gaur egun ez dago halako talderik. Esaterako, Dut gure talde kuttunenetakoa da, hain justu, sasoi hartakoa.

Bestalde, inor gutxik errebindikatzen dituen Tad eta Mudhoney sasi-grunge taldeak ere gogora ekarri dizkidazue…

Ez ditugu talde horiek entzun, baina egia da konposatzerakoan dugun helburu bakarrenetariko bat ahalik eta zikinen jotzea dela. Arrazoi ekonomikoaz gain, horrexegatik grabatu genuen gure lokalean, halako sonoritatea lortu ahal izateko.