Denbora luze daramagu bakeaz hitz egiten. Oraingo honetan, inoiz ez bezala, badirudi bakea lortzea posible dela. Ezker abertzale historikoari eten gabe eskatu zaio bere ardurari erantzuteko. Azkenean, hausnarketa egin eta erabaki sendoa azaldu digute.
Otsailaren 7an Euskalduna Jauregian Batasunari lotutako ezker abertzaleak proposamen berria aurkeztu zuen. Han izan nintzen, egun historikoa izango zelakoan, eta horrela gertatu ere. Eguerdi hartan eta hurrengo egunetan entzundakoak itxaropen berria eta sendoa ireki du nire barnean eta gure gizartean. Bakerako guztiz ezinbestekoa baitzen ezker abertzaleak ETAri sostengu edo babes politiko osoa ukatzea. Lehenbiziko aldiz, azken 50 urteotan, ETAk ez dauka aitzaki politikorik; beraz, ETA ez dauka inolako etorkizunik.
Sortu indar politiko berria aurkeztu dute ezker abertzale historikoko kideek; politika hutsa egin nahi dutela adieraziz. Horrela, Alderdien Legearen arabera, legala al da Sortu? Giza Eskubideen Europako Estrasburgoko Auzitegiak ontzat eman zuen Batasuna legez kanpo uztea, baina epai horretan gogorarazi zuen Estatuek bermatu behar dutela hauteskundeetan alderdi politiko anitzek parte hartzea.
Auzitegi Gorenak esan du, baita ere, legez kanpo deklaratutako alderdi baten kideek eskubidea dutela alderdi politiko berria eratzeko, baldin eta aurrekoaren jarraipen hutsa ez bada.
Sortu alderdi berriaren estatutuek ezker abertzalearen aurreko jarduera politikoarekin hautsi egiten dute. Estatutu horietan Sortuk adierazi du edozein indarkeria eta terrorismo, baina bereziki ETArena, desagerrarazten lagundu nahi duela eta indarkeria errefusatzen duela, ETArena barne.
Garbi dago Sorturen sustatzailea ezker abertzale historikoa dela. Noski; hori espero genuen eta hori zor ziguten denoi. Baina alderdi berri honek esaten duena guztiz berria da. Auzitegi Gorenak eskatu zuen jarduera terrorista errefusatzea, eta hori egiten da. Beraz, ezker abertzalea berritu da; mugimendu politiko berria da; bere iraganarekin hautsi egin du. Legearen eskakizun guztiak betetzen ditu eta, horregatik, besterik gabe, legala da.
Baina hau ez da lege kontua bakarrik. Ezker abertzale honek hartu duen erabakiak ez dauka atzera pausorik. Demokraziak, bakeak, giza eskubideek eta askatasunak osatzen duten mundua eta gizartea oso erakargarriak dira eta behin unibertso berri honetan sartuz gero, ezinezkoa bihurtzen da atzera egitea.
Aro berria, beraz, ezker abertzale historikoarentzat eta euskal gizarte osoarentzat. Lorpen handia, zalantzarik gabe: pertsonak eta talde askok egin duten lana handia izan da helburu hau lortzeko (indarkeriaren aurka eta askatasunaren aldeko lana, pertsona guztion duintasunaren eta eskubideen aldeko lana); azkenean, ezker abertzaleak egin duen hausnarketa ere sakona izan da eta bere emaitza bistan da.
Oraingo honetan bestelako etorkizuna lortzea nahi nuke. Etorkizun horretan inork ez du kanpoan geratu behar: denok izan behar dugu lorpen horren protagonista, baita Sortu indar berriak ere.