argia.eus
INPRIMATU
A Gripea 2011n. Eta aurten zer?

Felix Zubia Olaskoaga 2011ko otsailaren 22a

Iazkoa izan zen A gripearen urtea. Alde guztietatik oso gaizki eraman zen gaitzaren prozesua, hasi prentsak lehen egunetan emandako gehiegizko larritasunetik, pasa ondorengo errudun ehizatik, eta osasun mundutik eman zen erantzunaz bukatuz. Baina zenbait ikasbide ere utzi zizkigun A gripeak.


Oso gaixotasun kutsakorra da, jende gaztearentzat bereziki, eta gehienetan gaixotasun arina den arren, zenbait kasutan oso larria izan liteke. Ez nuke inor alferrik kezkatu nahi, eta portzentaje oso baxua den arren, hor dago arriskua: 5.000 kasutatik bat konplikatzen da, aurrez aurrekaririk ez duen jendea. Guri gertatzea oso arraroa litzateke, baina parean tokatzen zaionak igarriko dio. Hauetaz gain, lehendik gaitz kronikoak dituzten gaixoak ere oker litezke: biriketako arazoak dituztenak, giltzurrunekoak, bihotzekoak...


Eta zer gertatu da aurten? Iaz A gripea urrian etorri bazen, aurten ohiko gripearen tokia hartu du, eta abendu-urtarrilean gertatu da. Aurten ere, kutsaturiko pertsonen portzentajea oso altua izan da, eta jende gazteari eragin dio bereziki. Gehienetan gaitz arina izan da, baina berriz ere, oso kasu bakanetan, gaixo larriak izan ditugu, eta Espainiako Estatuan 54 hildako gutxienez eragin ditu. Zainketa intentsiboen beharra izan dutenak berriz, askoz gehiago izan dira, 300dik gora hain xuxen ere. Hauetako asko gazteak, bestelako osasun aurrekaririk gabeak. Orokorrean ez da gaitz larria, baina zenbaitzurentzat izan liteke.


Bestalde, gaixo kronikoak deskonpentsatu ditu, eta ospitale askotan gainezka egon dira. Eta berritasun moduan, iazko gertaera eta saltsa guztiaren ondoren, gaixo askok txertoa hartzeari utzi dio, beren burua arriskuan jarriz. A gripearen txertoa eraginkorra da, ez du ondorio larririk, gaixo kronikoentzat gomendagarria da, eta ez hartzeak euren burua arriskuan jartzea dakar. Zer kaltea eragin dien prentsak!


Aurtengo olatua baretuz doala dirudi. Baina datorren urtean itzuliko da, ezaugarri beretsuekin. Jakin dezagun, beraz, bere berri, ez gaitezen alferrik larritu, baina txerta daitezela gaixo kronikoak faborez.