Baduzu meritua: Euskaltzaindian sartu duzu euskalgintza!
Euskararen batasuna dela-eta euskalgintzako talde guztiak dantzan jarri dituen erakundea ez zela euskalgintzan ari? Alfabetatzeko Batzordea sortu zuena zergintzan aritu da 100 urtean, bada?
Arrazoi gehiagorekin: euskalgintzaren sintesia zara, Sagrario.
Euskalgintzak egindako lana pertsona bakar batean biltzea ere, kontuan hartuta zenbat eta zenbat aritu den eta ari den, zorionez, euskalgintzan…
Hotza, gosea, gerra, zer ez duzu ezagutu urteotan!
Hori da hori bizimodu petrala! Denetik izaten da gure bizian, baina une txar eta latzak besterik ez ote dut, bada, izan? Ezezkoan nago.
Latzak eta ez hain latzak, baina dena euskaragatik.
Todo por... hori gogorarazten dit. Batzuk patriagatik, besteak patrikagatik, futbolagatik, tabakoagatik... edozer egiteko prest egoten dira. Ez dut hautaketa txarra egin, ez horixe.
IKA eta AEK: hain gertu, hain urrun…
Bokal baten gorabehera besterik ez. Helburu bera duten bidelagunak bezalaxe, bata atseden hartzen gelditu eta besteak aurrera segitzean urruntzen dira; laster, ordea, berriz elkarren ondoan. Beraz, zein unetan begiratzen duzun hurbil edo urrun ikusiko gaituzu.
Noizko euskalgintzako polo soberanista?
Aspaldian horren irrikan nago, euskarak nagusitasuna izan dezan, subiranoa izan dadin, erdararen mendekotasuna alde batean utzita. Uste dut, ordea, barra-barra subiranotasunaz ari direnek ez dutela buruan euskararen nagusitasun hori...
IKAren lorpenik handiena, Alvarez Rabo testuliburuetan sartzea!
Baldinbes! Edo agintariek liburu horiek ez erretiratu izana? Eta Iruñeko IKAn erdiespenik batere ez, Asiskoren marrazkiak erabiltzen ditugulako?
Politikan ere ezagutu dituzu hausturak, eta zatiak elkarri lotzea zaila izan...
Ezagun batek, hezurra erdi hautsirik, medikuek ez ziotela sendatzen eta petrikiloarengana jo zuen. Eta horrek krak!, hezurra hautsi zion, hezurraren bi zatiak elkarri ongi lotu eta akabo oinazeak. Hausteko uneko atx! ozen hura aski izan zen hezurra konpontzeko.
Baikor, beraz, etorkizunarekin.
Badatorrela eta inoiz etortzen ez den etorkizunean baikortasuna baino fedea beharko dugula uste dut. Euritakoa gaur, euria ari duenean, hartuko dut, eta ez etxean utzi, etzi, beharbada, euria izanen dugula eta. Helburua gaur ez bustitzea da.
Ai farmazian aritu izan bazina, aspirinetan aurreztuko zenuen...
Aspirinetan aurreztu ez dakit, saldu bai eginen nuen gehiago. Eta agian, laborategiren batean ariko banintz, eureka!, ikasleek eskatzen diguten euskara ikasteko pilula asmatuko nukeen.