Bilbon urtero egiten den Gabonetako Haur Parkean izan gara aurten ere Angiozartik joandako haur, guraso eta irakasle taldetxoa. Urtero antolatzen den parkeak badu nire irudikoz zer aldaturik, baina oraingoan, aurtengo pasadizo larrienari helduko diot.
Ertzaintzak eskaini du aurten tirolina egiteko aukera, baina trukean bidesari nahiko garestia ordaindu behar izan dugu bertara gerturatu garenok. “AHT bai, noski! ¡AHT sí, claro!” zioen tirolina-jokoan bertan itsatsita zegoen kartel handi batek. Kartelak zeukan letra estiloa ere AHT Elkarlanean taldeak (azpiegituraren aurka lan egin duen eta egiten ari den taldea) erabili ohi duena zen. Hiritarrengan nahasmena sortzeko aukera bikaina aprobetxatu dute, irudi eta estilo bera erabiliz.
Angiozar Bergarako auzo txiki bat da eta aipatu azpiegiturak, bertako bailara hautsiko du. Ulertzekoa beraz bertakook kartela ikustean pilatutako amorrua. Joan nintzen antolatzaileek zeukaten harrera gunera eta bertan nire ezinegona adierazi nuen. Arrazoia nuela esan zidaten.
Administrazioa ailegatu bada umeentzako den festa batean AHTren aldeko propaganda egitera, ahul dago benetan. Ziurgabetasun handiz ari dira burutzen azpiegitura erraldoia. Gizartea heldua da eta ezin daiteke hiritarra lelotzat hartu. Azpiegituraren inguruko informazio objektiboa eman ondoren, demokrazia sano batek eskatzen duen neurrian, herriari galdetzea dagokio gobernuari. Eta guztiz kontrara, umeentzako jaia baliatu du trenaren aldeko propaganda instituzional pobrea egiteko.
Ziurgabetasun ekonomikoa nabarmena da, baina gizartearen babesik ez duela ere badakite jakin. Hasiak dira obrak han eta hemen eta gaur oraindik ez dakigu zein onura ekarriko digun trenak, hasiak gara ordea kalteak pairatzen. Baliabide ekonomikoen xahutzea, dauzkagun lur apurren desjabetze eta desagertzea, maila kultural eta sozialean ekarriko duen eraldaketa eta guzti, hau dena, manipulazio instituzional pobreenaz lagundurik.
Gizarteak berak ere badu gertatzen ari dena irensteko gaitasun itzela. Ez dugu txintik egiten eta normaltasun osoz ari gara azpiegituraren obrak eta desinformazioa bera pairatzen. Kontziente gara eta lo gaude, ala kontziente ere ez gara?