"Askotan eman dut buelta beldur nintzelako"

  • “Igo nazazu nire mendira, zure gailurretik gora...”.

Edurne Pasaban
Edurne PasabanDani Blanco

Zer grina ezkutuk darama pertsona 8.000 metroko gailur bat zapaltzera?

Nire kasuan, kirol eta mendizaletasunaz harago, askatasun eremu bat bilatzeko premiak eraman nau munduko tontorrik garaienetara. Etorkizuna idatzita neukan familia batean sortu nintzen. Ingeniaritza ikasketak egin eta etxeko enpresan lan egitea zen nire patua. Niri, ordea, beti gustatu zait nire bizitzaren jabe izatea, nire bizimodu eta bizibidea neuk hautatzea, plazera eragiten didaten xendak neuk deskubritu eta urratzea. Afizioa ofizio bihurtu eta 8.000koak igotzeak askatasun izugarria eman dit, norbere kabuz egindakoak asebetetzea biderkatzen duela sentitzeraino. Osterantzean, orotariko lanbidedun mendizaleentzat zein gizartearentzat, askatasunaren paradigma bihurtu da mendia, eguneroko errealitate zoro honi ihes egiteko modu bat.

Hainbeste sponsor, komunikabide, presio eta interesekin ez dakit ez duzuen errealitate zoroagoa sortu.

Ez dut sekula gailurra egin beharraren presiorik sentitu. Sinetsita nago babesleek ez dutela markagatik ordaintzen, arrastoarengatik baizik. Nirekin baldin badaude ez da hamalau 8.000koak igo ditudalako, euren irudia gure proiektuak ordezkatzen eta sinbolizatzen dituen baloreekin bat eginda ikusi nahi dutelako baizik. Nik ezin dezaket gailurra agindu, bai ordea laguntasuna, esfortzua, motibazioa eta mendiaren inguruko jarrera eta jokaera bat. Horregatik da bidea helmuga baino garrantzitsuagoa. Gailurra helburu bat da, presente dagoena, baina espedizioan une jakin eta iheskor bat baino suposatzen ez duena. Bideak aldiz hasieratik amaierara eramaten zaitu eta horixe da sufritu eta gozatzen duzuna. Komunikabideek transmititzen duzuna zabaltzen dute, eta zuk ez baduzu tontorrerako estutasunik sentitzen nekez agertuko duzu halakorik. Zer gertatzen den? Ni oso pertsona ireki eta zintzoa naizela, kazetari zenbaitekin urtean elkarrizketa asko izatearen poderioz konfiantzazko harremana sortzen dela, eta kazetaria ikusi beharrean laguna ikusten amaitzen dudala. Halako bati konfiantzan esan nion Oh Eun-Sun korearrak ez zuela Kangchenjunga zapaldu antza, eta batzuentzat ogibidea laguntasunaren gainetik dagoenez, susmoa zabaldu eta min handia eman zidan.

Borroka horretan lumak galdu izanaren irudipena duzu?

Izugarri nekatu nau, ajatu, gastatu. Egia da nik ere 8.000ko guztiak igotzen zituen lehen emakumea izan nahi nuela, baina ez prezio horretan. Ez duzu imajinatzen zer den etengabe jendeak kalean geratu eta korearrari buruz galdetzea. Pentsa, behin Antonio Banderasekin topo egin, eta berak ere horixe galdetu zidan. “Ez da posible” pentsatu nuen nire baitan, “Antonio Banderasek ere korearraren berri dauka!”. Izugarria da horrek sortzen duen neke psikologikoa. Izugarri zailtzen du etapa bat itxi eta hurrengoa zabaltzea. Gainera aurrena edo bigarrena izatearen araberako interes komertzial handiak zeudela zirudien, baina niretzako ez da ezer aldatu, eta ez zen ezer aldatuko. Jokoan zegoen bakarra bihar-etziko eskola liburuetan haurrek irakurriko zuten izena zen. Baina jendeak ez zegoena ikusi nahi izan du lehia horren atzean. Horren adibide da web orri amerikar batek, Oh Eun-Suni Kangchenjunga falta zitzaiola onartu, auzia tenkatu, eta egin zidan lehen galdera. Zer galdetuko eta ea korearrari eta bere sponsorrei salaketa jarriko nien hilabete hauetan kendu zidaten lanagatik. Uste duzu segundo bat galdu dudala horretan pentsatzen? Hor ikusten da sistema eta pentsamendu amerikarraren eragina mundu zabalean.

Elizabeth Hawley 87 urteko kazetari estatubatuarra da Himalaiako notarioa. Berak ematen ditu gailurrak ontzat. Ez al dago XXI. mendean gailurrak baieztatzeko modu zientifikoagorik?

Egongo ez da ba! Egungo sistema arkaikoa da erabat, baina orain arte xextra handirik egon ez denez, eta inor arduratu ez denez... Emakume horrek datu base zehatza eratu du urteetan zehar, baina ia ezer konprobatu gabe, ia-ia esandako oro hitzez hitz sinetsita. Egia esan, Himalaiara doazen gehienak kapritxoz joaten dira, sponsorrik gabe, inori ezer justifikatzeko premiarik gabe, eta jende horrekin ez dago inolako arazorik. Baina gu kirolari profesionalak gara, sponsorrak, proiektuak eta herriak dauzkagu atzetik, eta erakunde batek nahitaez hartu beharko du gailurrak ontzat emateko ardura beregain. Nori dagokio, ordea? Batzuek diote Nepaleko Gobernuaren lana dela, baina nola eskatuko diogu bere herrialdea gobernatzeko gai ez den gobernu bati Himalaiako notaritza lanak beregain hartzea? Gu gara mendiaz bizi garenak, gure sponsorrekin bertara goazenak, eta gure federazioei dagokie ardura hori. Federazio korearrak, esaterako, arau zenbait argitaratu berri ditu, zeinen arabera gailurrera heltzen denak argazki jakin bat atera behar duen, GPS-arekin puntu zehatz bat seinalatu... Hori da bidea. Gailurra zapaltzeak suposatzen duen ahaleginaren neurriko egiaztatze sistemak jartzen ez direno, liskarrak sortuko dira. Denok pentsatu nahi dugu pertsona onak garela, egiazaleak, inork ez duela gezurrik esaten, lapurtzen, bortxatzen, hiltzen, baina aski da egunkaria zabaltzea denetik dagoela jabetzeko. Mendian ere halatsu, denetik dago.

Denetik ez dakit, baina denerako sherpak daude.

Nik lagunarteko harremana daukat sherpekin. Esaterako, gure espedizioetan denak gaude maila berean, harreman parekidea dugu. Korearrek aldiz espedizio piramidalak planteatzen dituzte, eta halakoetan amildegia bezain sakona da sherpen eta gainontzekoen arteko baldintza desberdintasuna. Guk garbi daukagu hori ez dela bidea, eta lagun batek langile batek baino gehiago erraztuko dizkizula gauzak. Sherpa arrunt batek, ondo ibili den denboraldi batean, 1.200 dolar irabazi ditzake, gurekin gehixeago, eta diru horrekin urte guztian bere familia mantendu eta haurrak eskolara eramateko beste ateratzen du. Hori pribilegio handia da Nepalen. Baina tamalez, ez daukate sherpen elkarterik, mendian hilez gero hutsaren hurrena den asegurua baizik ez daukate, espedizio batzuek izozteak izan dituen sherpa Kapmandura eraman eta erdi-botata uzten dute... Oso egoera prekarioa bizi dute, eta hori ikusi eta argi dabilenak, lehen aukera probesten du Europara etortzeko. Buru gutxi duenak aldiz, patrikan diru apur bat izanik, jokoan edo zurrutean xahutzen du, eta denok dakigu zer datorren hortik. Badaude dirua pilatu eta sherpen agentziak zabaldu dituzten sherpa ohiak, baina horiei ez zaie lan-baldintzen hobekuntzarik komeni goxo-goxo baitaude euren bulegoetan. Zer nahi duzu? Erdi Aroan bizi den herri bat da Nepal. Munduko gobernu guztiak ustelak badira, hangoa are ustelagoa da. Nik ulertzen ez dudana da Everestera igotzeko baimenak 10.000 euro balio baditu eta hurrengo urterako 300 eskaeratik gora onartuta baldin badaude, non galtzen den diru hori. Nepalentzako Everest Parisentzako Eiffel Dorrea da, baina ateratako etekinak ez dira bertan inbertitzen. Bailara horretan egindako obra, basoberritze, ureztatze eta abarrak kanpoko GKE eta fundazioek egin dituzte, bertako gobernuaren mespretxu osoarekin. Guk, esaterako, 95 ume hartzen dituen heziketarako aterpetxea daukagu bertan, baina gobernuak gutaz paso egiten du. Sentitzen dugulako egiten dugu egiten duguna.

Zer sentitzen duzu heriotzaren aurrean?

Berez denontzat hor dagoen mamua da, baina egia da mendizaleon egunerokoan presenteago dagoela. Ni oso beldurtia naiz, heriotzari beldurra diot, hilotz bat ikusteak izutzen nau... Oso sentimendu humanoak dira, inork ez du auto-istripu batetik ateratzen duten gorpua ikusi nahi. Baina han zaudenean, beste erremediorik ez daukazulako agian, berehala egokitzen zara. Niri gertatu zait mendian istripua izan, hiru kide hilda ikusi, beste bat eta ni bizirik geratu, eta egoista bihurtzea. Zure lagunak hilotz ikusten dituzu, eta hala ere, “hauek ez daukate zereginik eta nik hemendik atera behar dut” pentsatzen duzu. Ez zara jartzen ez histeriko ez ezer, beldurrik ere ez duzu pasatzen. Gero bai, behera heldu eta akabo, hilabeteak pasako dituzu ezin buelta emanda, baina momentuan... Mendizaleok askotan esaten dugu mendian hil nahi dugula, bertan hartu nahi dugula atseden, baina nik ez, nik ez dut heriotza hori nahi. Nik gure aitona bezala joan nahi dut mundutik, 90 urterekin, etxeko ohean, bilobak inguruan ditudala.

Hala ere, Kangchenjungan behera, ezinaren ezinez, bertan uzteko eskatu zenien lagunei.

Gailurra egin eta laugarren kanpamentuan pasa behar izan genuen gaua, eta behera abiatu ginenerako 48 ordu neramatzan ezer jan eta edan gabe. Sekulako txakalaldiak eman zidan. Orduan esan nien kideei bertan uzteko, ezin nuela gehiago. Une horietan buruak ezin hobeto funtzionatzen du, oso argi daukazu zer gertatzen ari den, nola zauden, baina gorputzak ez dizu erantzuten. Autoari gasolinarik botatzen ez diozunean bezala, motorra ondo dago, baina ez du funtzionatzen. Zer gertatu zitzaion Tolo Calafat-i? Burua primeran zebilkion, GPS posizioa emateko eskatu eta arazorik gabe ematen zigun, baina gorputzak ez zion laguntzen. Nik Kangchenjungan lagunei hori esan nienean, sekulako ezina neraman motxilan, baina era berean, banekien lagunek ez nindutela bertan abandonatuko. Uste dut kideek ematen dizuten segurtasuna dela mendiak duen sentsazio aberats eta garrantzitsuena.

Zure espedizio guztiak ez dira gailurrera heldu, eta topikoa dirudien arren, apustu egingo nuke porrot horiek tontorrak bezain aberats eta garrantzitsuak izan direla.

Frakaso guztietatik ikasten da zerbait. Askotan eman dut buelta beldur nintzelako, edo toki batzuetatik pasatzeko teknikoki behar beste prestatua ez nengoela ohartzen nintzelako. Hortaz kontziente izanik, zure beldurrak gainditu eta teknikoki prestatzea edo ofizioz aldatzea baizik ez zaizu geratzen. Bestalde, niretzat oso garrantzitsua izan zen Shisha Pagmatik gailurrik zapaldu gabe itzuli nintzenekoa. Horretan segi behar nuela konbentzituta bueltatu nintzen. Gauza guztietan bezala, iristen da une bat egiten duzunari zentzu handirik bilatzen ez diozuna, ez zarena egiten duzunaz erabat bizi, lau sos ateratzeko han eta hemen lan egin behar duzuna, gailurrak igo gabe bueltatzen zarena... Era berean, ohartzen zara bazter uzten duzunak pisua daukala, mutil-lagun batekin harreman serio bat hasteko ez dela inoiz momentua, ez daukazula familia bat osatzeko aukerarik, zure bizitza osoa 8.000koetara fokalizatuta dagoela, eta zure buruari “merezi du?” galdetzen diozu. Oso pixkanaka joaten zara txanponaren beste aldea ikusten, baina desertu luze horretan, behin baino gehiagotan izan dut dena haizea hartzera bidaltzeko tentazioa. Nire lagunak ezkontzen ari ziren, nire anaia aita zen, eta ni Everest baino duda handiagoekin. Shishatik bueltan egin nuen mendiari dena ematearen aldeko apustua, eta egiari zor, ez naiz damutzen, orain zoriontsua naiz.

Apirilean, Everest oxigeno gabe igotzen ahaleginduko zara. Zirkulua ixtera zoaz?

2001ean igo nuen lehen 8.000koa izan zen Everest, eta mundu hau eta nire gorputza ezagutzen ez nituenez oxigenoarekin abiatzea hobetsi nuen. Pentsa, %2 edo 3 baizik ez dira oxigenorik gabe igotzen direnak. Orain hamar urte han izan nintzenean ez genuen telefonorik, satelitea alokatzea sekulako dirutza eta burokrazia zelako, eta orain telefono mugikorraren kobertura omen dago gailurreraino. Zentzu horretan, Everest oxigenorik gabe zapaltzea ziklo baten amaiera izango da, azken hamar urteotako aldaketen erradiografia ateratzeko aukera. Gero pentsatuko dut zer egin, zer bizimodu hartu. Mendiarekin harremanean jarraituko dut, baina puntako kirol jardunari azken puntua jartzen jakin behar dela uste dut. Ez dut bizitzeko kea saltzen ibili nahi, eta jakin-min handiko pertsona izaki, badakit aurrera egingo dudala. Orain, esaterako, konferentzia asko ematen ari naiz, Estatu Batuetatik ere deitzen didate, eta horrek ibilbide luzea daukala badakit. Bistan da, ordea, hori ere ez dela betiko, eta 60 urterekin, 25 urte lehenago egin nituen hamalau 8.000koetatik ezingo dudala bizi.

Nortasun agiria

1973ko urriaren 1ean Tolosan sortu zen hamalau 8.000koak igo dituen lehen emakumea. Ingeniaritza tekniko industrialean lizentziatua, negozio eta giza-baliabideen kudeaketari buruzko bi master-en jabe, bere esperientzian oinarritutako hainbat klase, hitzaldi eta konferentzia ematen ditu han-hemenka. Apirilean Himalaiara itzuliko da, Everest oxigeno gabe igotzeko asmoz.

AZKEN HITZA
Lidergoa

“Lider ona izateko lan talde ona behar duzu, eta lan talde onak ez dituzte mendizale edo dena delako onenek egiten, pertsona onenek baizik. Muturreko egoeretan, leku arriskutsuetan, ordu asko pasa behar dituzunean, laguntasuna da taldearen motorra. Hori hala, liderrak helburuak argi komunikatzen asmatu behar du, bakoitzari dagokiona egoki eskatzen, lagunek bizi dutena entzuten eta enpatia handiz ulertzen, eta oroz gain, bakoitzari dagokiona onartzen eta eskertzen jakin behar du. Oro har, asko kostatzen zaigu ondokoaren lana aintzat hartzea”.


Azkenak
2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


Eguneraketa berriak daude