argia.eus
INPRIMATU
"Datsegit"ak eta "desatsegit"ak
  • "Datsegit”ak eta “desatsegit”ak eta aberats egiteko saiakera etsi bat, horra nire asmoa.

BeƱat Sarasola @bsarasola 2011ko otsailaren 15a

Klixe bat da dagoeneko –baina ez horregatik faltsu– herritarrok, politikan, geroz eta erabaki ahalmen gutxiago dugulakoa. Lehenago ere ez zen sekulakoa izango, baina azken boladan –eta krisi garai hauetan oraindik nabariago– inolako hauteskundeetatik hautatuak izan ez diren elkarte, erakunde, kabinete, eta gisa guztietako txiringitoek erabakitzen dute gure patua: Nazioarteko Diru Funtsak, Munduko Bankuak, rating agentziek... Aldi berean, ordea, geroz eta gehiago erabaki eta parte hartzeko aukera dugulako simulakroa sinestarazten digute. SMSak bidali ditzakegu nonahi aukera baten edo bestearen alde –Diego Rivasek Realen jarraitu beharko luke?–, era guztietako inkestetan parte hartu dezakegu sarean –Rubalcaba, Chacón, Blanco, López edo Bono–, erosketa egin ostean telefonoz deitzen digute erositakoa-eta ebaluatzeko, unibertsitateko irakasleak ebaluatu ditzakegu –egitarauan aurreikusitakoa betetzen du, 1etik 5era–, erreferendumak antolatzen dituzte plaza baten izena erabakitzeko.


Bada, ttakunkideok, guri ere ailegatu zaigu gure ordua, duela egun batzuez geroztik, Argiako sareko irakurleek gure artikuluak –eta aldizkariko gainontzekoak– ebaluatu ditzakete. Guri ere ailegatu zaigu demokrazia; Jainkoak lagun gaitzala, eta ahal dela, baita jainkoek ere. Bi botoi ditu irakurleak aukeran, erpurua gora Datsegit edo erpurua behera Desatsegit. Nire azkeneko ttakunak, esaterako, 10 datsegit eta 10 desatsegit ditu idazten ari naizen momentu honetan. Berdinketa, demokraziaren apoteosia.


Idazleak, egoera berri honetan, hiru aukera ditugu. Lehenengoa, soluzio liberal-klasikoa, esku ikusezinarena. Populuak iritzia eman dezan utzi inolako interbentzionismorik gabe. Bigarrena, Cristiano Ronaldorena. Datsegit botoiari sakatu behin eta berriro, nekaezin. Hirugarrena, autoflagelazioarena, Desatsegit botoia sakatu, ezagun baita ondo saltzen duela gorrotatua izateak, bazterrekoa izateak. Balorazio hauek erraz manipulatu daitezkeela agerikoa da, baina ez hori bakarrik, izan ere, gauza ez baita hain sinplea. Testuaren balorazio zuzen bat egiteko, horietaz aparte, beste zenbait datu ere kontuan hartu beharko lirateke eta. Besteren artean, twitterreko retweetak eta faboritoak, Facebookeko Atsegin dut-ak eta iruzkinak, han-hemenkako estekak, e-mail mehatxuzko eta laudoriozkoak, ezkutuko zenbakia duten telefono deiak. Dudarik ez, testua bera idaztea baino askoz ere nekezagoa da hautesmahai birtualarena egitea. Baiki, Narciso gizajoaren kezka-minak egundokoak ziratekeen aro digitalean bizi izan balitz.


Hainbesterako ikerkuntza, garapen, berrikuntza eta itxurakuntzarekin, hainbesteko enpresen administrazio eta zuzendaritzako lizentziaturekin, ez dut ulertzen nola ez den sortu gurean –nik dakidala– halakoak kudeatzen dituen enpresarik. Hileko kuota baten truke zure artikuluak goratzera dedikatu lirateke, zabarkeriarik gabe, esan gabe doa, spam-ean erori gabe. Isil-gordeka, sareko idazle behinena izatera iritsiko zinateke: Atsegin dut-ak zientoka, retweetak etengabe, bibak eta aupak.


Horratx ene ideia, copyright gogorrenenaz eta patentatu hertsienaz babestua, jakina. Interesduna jar dadila Argiarekin harremanetan edo dei nazala zuzenean telefonoz; hori bai, ezkutuko zenbakirik gabe, arren.